Midas elkartearen aurtengo batzar orokorra Donostian eginen dute, ostiralean

09:00etan hasiko da bilkura, eta 15:30 bitarteko agerraldiak publikoak izanen dira. Europa osoko 27 egunkari dira elkarteko kide

11 hizkuntzatan daude Midaseko egunkariak. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Isabel Jaurena.
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Eremu urriko hizkuntzetan eta hizkuntza gutxituetan diharduten hedabideen interesak defendatzea. Hori da, funtsean, Midas Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkartearen helburu nagusia. 2001ean sortu zen, eta gaur egun, Europa osoko hainbat lekutako 27 egunkari dira elkarteko kide, eta BERRIA da horietako bat. Taldeko kide diren kazetak hamabi herrialdetan barrena daude banatuta, eta 11 hizkuntzatan argitaratzen dituzte beren testuak. Batez bertze, hiru milioi irakurle inguru dituzte.

Hedabide horiek aurrera egiten dutela ziurtatzeko, hainbat jarduera egiten ditu taldeak. Egunkarien arteko elkarlana sustatzeko, adibidez, urtero batzar orokor bat antolatzen dute. Herrialde batean izaten da bilkura, eta aurten Euskal Herriaren txanda da, BERRIAren hogeigarren urteurrena dela medio. Bihar izanen da, hilaren 16an, Donostiako Amara Plaza hotelean, 09:00etatik aurrera. Edita Slezakova Midaseko lehendakariak hartuko du hitza lehenbizi, eta hortik aurrera Euskalgintzaren Kontseilua, Elhuyar eta Alfa Media taldeek beren aurkezpenak eginen dituzte. 15:30 bitarteko ekitaldiak publikoak izanen dira, eta gainerakoak, Midaseko ordezkariendako soilik.

Ikusi gehiago:Edita Slezakova, Midaseko lehendakaria: «Pasiorik izan gabe ezin da kazetaritza bikaina egin»

Urte osoan bertze zenbait bilkura, formakuntza eta solasaldi antolatzen dituzte. Taldeko hedabideetako kazetariek, erraterako, bertze herrialdeetako egunkarietara bisitak egin ohi dituzte. Modu horretan, hizkuntza gutxituetan edo eremu urriko hizkuntzetan diharduten komunikabideek elkarrengandik ikas dezakete, beren artean informazioa trukatuz eta esperientziaren berri emanez. Horrez gain, kultura aniztasunari ekarpenak egiten dizkioten kazetariei eta hizkuntza gutxituak babesteko lan egiten duten horiei sariak ematen dizkie Midasek. Zehazki, Otto von Habsburg saria eta Midasen Kazetaritza saria.

Europako Batasunean 50 milioi pertsona inguru solastatzen dira beren herrialdean ofiziala ez den hizkuntza batean. Hala, Midasek lan egiten du ziurtatzeko erakunde horrek hiztun guztien eskubideak bermatzen dituela. Zehazki, legeak sustatzen ditu bai Europako Batasunak eta baita estatuek eremu urriko hizkuntzak eta hizkuntza minorizatuak babestu ditzaten. Lobby lanak ere egiten ditu maiz, laguntza ekonomiko zein politikoak eskuratzeko.

Txikiak, beren modura

Midaseko kide diren egunkariak paperean nahiz sarean argitaratutakoak dira. Hizkuntza gutxituak edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen dituzte guztiek. Gaur egun euskara eta katalana dira taldeko hizkuntza gutxitu bakarrak. Gainerakoak eremu urriko hizkuntzak dira; hau da, kazeta argitaratzen den lurraldean hizkuntza gutxituak badira ere, bertze herrialde bateko hizkuntza nagusia dira.

Alemana, adibidez, ez da hizkuntza gutxitu bat. Baina Danimarka hegoaldeko Jutlandia eremuan herritarren %7 bertzerik ez da hizkuntza horretan mintzatzen; beraz, kasu horretan eremu urriko hizkuntza da. Elkarteak adierazi duenez, gisa horretako egoeretan dauden hizkuntzentzat «ezinbertzekoa» da hedabide propioak izatea, komunitate txiki horiei laguntzen dielako beren kulturarekin eta nortasunarekin harremanetan izaten. Eta herrialdean nagusi den hizkuntzaren menpe ez bizitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.