Paisaiaren irudi panoramikoa ikusteko aukera ematen dute balkoiek, eta Euskal Herriko askotariko lekuetan aurki daitezke: kostaldean, mendi multzoen artean, ur jauzien aldamenean eta labar garaien aurrean, besteak beste. Propio eraiki dituzte horietako asko, eta ondarearen parte dira beste batzuk.
1
Eguen Ilsoa (Bizkaia)
Enkarterriren panoramika
Enkarterrin (Bizkaia), mugarriei ilso deritze, eta hiru udalerriren mugak zehazten ditu Eguen Ilsoak: Zalla, Gordexola eta Gueñes. 564 metrora dago tontorra, eta ez da zaila bertaratzea; han, inguruaren 360 graduko ikuspegia eskaintzen duen egurrezko balkoi bat dago. Salzedo harana deritzona ikus daiteke handik —Mimetiz, Aranguren eta Gueñes biltzen dituena—.
Halaber, mendiz inguratuta aurkituko da balkoira igotzen den bisitaria: izan ere, Santxolo mendilerroa ikus daiteke handik gertu, Gorobelgo labar handiak urrunago (Araba), eta begi bistan daude, era berean, Eretza, Gallarraga, Garbea, Luxar, Ganeran eta Kurutzaga mendien tontorrak ere, esate baterako.
2019an, bere garaian basozain zen Koldo Diez de Menak sustatuta batez ere, orduko begiratokia oraingoarekin ordezkatu zuten Zallako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, egoera txarrean baitzegoen.
Egueneko Ilsotik gertu, Zallatik ikus daitekeen arte bat dago, 1980ko hamarkadako sute batetik salbatu zen bakarra; eta bisitatu daiteke, orobat, antzina mendiak zaintzeko erabiltzen zen dorre baten erreplika; handik ere bista onak daude.
2
Punta Begoña (Bizkaia)
Betidanik, begiratzeko tokia
Begiratzeko tokia izan da Getxoko (Bizkaia) Punta Begoña labarra beti, Maria Peraita Punta Begoña fundazioko zuzendari kudeatzailearen arabera: XVII. mendetik, kostako kontrolerako balio izan zuen; toki «estrategiko» horretaz baliatu ziren orobat historiaurreko biztanleak, duela 4.500 urteko aztarnak topatu baititu fundazioak; eta ezaugarri hori dute oinarrian galeriek ere, Peraitaren irudiko. «Begiratzeko ideiarekin sortu ziren, baina, kontrolerako baino gehiago, disfrutatzeko eta deskantsatzeko dira. Ikusteko eta ikusiak izateko leku bat da».
Galeriako balkoietatik ikus daitezkeen tokien zerrenda ia amaigabea da: itsasoa, Galeako labarrak, Getxoko hiru puntak, Algortako Portu Zaharra, Ereagako hegala, Areetako hondartza, Abrako golkoa, Bizkaiko Zubia, Serantes mendia, Santurtzi, Portugalete, Barakaldo eta behialako Trapagako meatzeak, besteak beste.
1922an eraiki ziren galeriak. Horacio Etxebarrieta enpresariak jauregi bat zuen labarraren gainean, eta Bilboko Udalak murru bat egiteko esan zion, harriak pasealekura erori ez zitezen. Ricardo Bastida arkitektoa kontratatu zuen lanerako, baina planak aldatuz joan ziren prozesuan, eta hormigoizko eraikin mardula ondu zuten azkenean. Orain, eraikina zaharberritzen ari da fundazioa, begiratzeko helburua aintzat hartuta.
3
Nerbioiko ur jauzia (Araba)
Zalantzazkoa, baina ikusgarria
Diskretuki erortzen da gehienetan Nerbioi ibaia Amurrio (Araba) parean dagoen 222 metroko labarretik. Baina, batzuetan, emaria handitu egiten da, eta ur jauzia eratzen da. Askok gozatzen dute fenomeno horretaz. «Gure eskualdean, baliabide naturalik ezagunena edo ezagunetarikoa da, eta bisitari asko etortzen dira hori ikustera», Miren Gorrotxategi Aiarako (Araba) laguntzaile teknikoaren arabera. Eta bete-betean ikus daiteke, labarraren ertzean kokatutako balkoi batetik.
Alabaina, bisitari gehienen motibazioa ur jauzia den arren, beti ez dago ikusgai; are, urte osoan dozenaka egunetan baino ez da eratzen. «Askotan, bisitariak dezepzionatu egiten dira, batzuetan urik ez delako ikusten», Gorrotxategiren esanetan. Dioenez, han inguruko turismo bulegoetan gehien galdetzen dena da ea urik badagoen, edo noiz egongo den. Aurreikusi daiteke, baina guztiz ziur, ez baitago une «gako» bat, Gorrotxategiren hitzetan. «Eurite handi baten ostean edo elurra urtzen hasten denean, momentu horretan dauka ur gehien; baina gerta daiteke udan edo neguan, eta baliteke neguan urik ez izatea».
Hala ere, igoera ez da alferrekoa izango inoiz, ur jauziaz gain badago-eta zer ikusi balkoitik: zehazki, Nerbioiren haran osoa eta Urduña (Bizkaia). Udalerri horretatik hel daiteke hara, edo Burgostik (Espainia).
4
Arbaiungo arroila (Nafarroa)
Naturak moldatutakoak
Aparkalekuaren pare-parean, Arbaiungo (Nafarroa) arroilaren ikuspegi paregabea eskaintzen du Isoko balkoiak: labar baten ertzean dago, eta mendikatearen eta haitzen arteko haranaren aurrez aurreko bistak eskaintzen ditu. Han bertan dauden informazio panelek xehetasun geologikoak ematen dituzte, baita inguruan ibiltzen diren hegaztiei buruzkoak ere. Irunberritik hamabost kilometro ingurura dago, eta erraza da bertaratzea.
Salazar ibaiaren higadurak milioika urtean moldatutako arroila da Arbaiungoa, Nafarroako handiena, eta labarrak 300 metro garai dira, gutxi-asko. Arrokak zuhaitz eta landare mardulez jantzita daude, eta ez dira gutxi, orobat, inguruan aurki daitezkeen animaliak, batez ere hegaztiak, arroilak leku paregabeak baitira haientzat, hormen artean eratzen diren haize-lasterrengatik: besteak beste, sai arreak, hontz handiak, ugatzak, sai zuriak, arrano beltzak eta belatz handiak egoten dira.
Hainbat interesguneko leku batean dago Arbaiungo arroila; esate baterako, oso gertu dauka Irunberriko arroila, zortzi kilometrora baino ez. Gainera, Irunberriko herrian bertan, Arroilen Interpretazio Zentroa dago, Nafarroako zintzurren inguruko informazio xehea eskaintzen duena.