Mendiko eskia

Mendiko eskia, etxean

Elurra egin du berriro. Aurreko geruza zaharraren gainean zenbait lekutan, hala nola Aralarren, Saioan, Orreaga gaineko gailurretan... eta aurreko geruza hori jada urtua zen mendi gainetan, beste zenbait lekutan. Beraz, aukera dugu berriro ere etxe inguru

jarraia225608
Mendiko hainbat eskiatzaile Aralarren, Ganbo inguruan.
Iñaki Petxarroman - Ramon Olasagasti
2022ko abenduaren 24a
09:00
Entzun

ZALAMA (1.336 m)

Euskal Herriko mendebaldean, Kantabria eta Burgos arteko mugan, Zalama mendilerroa aproposa da mendiko eskirako. Arreturasko lepotik (Bizkaia, 641 metro) abiatzen den pistatik hasten da igoera Zalama mendira. Pistatik leporaino, eta, handik, gainez gain iristen da tontorreraino. Behin hara iritsita, jaitsierarik onena Los Canalesko antenetatik abiatzen da. Bigarren amildegitik sartuta, hirugarren amildegi bat bilatu behar da, eta handik behera abiatu. Komeni da igoeran ondo erreparatzea jaitsierari, bestela ez baita erraza topatzen. Jaisteko ere teknika behar da, 40 gradu inguruko maldaren bat daukalako.

GORBEIA (1.482 m)

Gorbeia, Arabako nahiz Bizkaiko talaia, bere malda leun eta biribilekin, mendi egokia da mendiko eskirako. Altu samarra izanik, neguan zehar behin baino gehiagotan elurtzen da, baina haizeak ere gogor zigortzen du mendialde hura, eta azkar eramaten du mantu zuria. Bizkaitik eta Arabatik igo daiteke Gorbeiara; biak dira eskiekin egiteko modukoak, baina Arabako hegoaldeko hegia aproposagoa da, beharbada. Muruatik (Araba, 686 metro) abiatzen da pista, eta elur asko dagoenean, ibilbide guztia eskien gainean egin daiteke. Lau-bost orduko joan-etorria da Arabako igoera; desnibela, berriz, ia 800 metrokoa abiapuntutik tontorreraino.

4593b12d96
Eskiatzaile bat Buetraitzetik Artzanbururako tartean. JON MIKEL GALPARSORO.

ALOÑA MENDILERROA

Euskal Herrian mendiko eskirako gune nagusietako bat da. Oñatiarren txoko kutunaren ospea zabaltzen joan da azken urteotan, eta gaur egun hango eta hemengo mendiko eskiatzaile asko elkartzen da Aloñan, nahikoa elur dagoenean. Buetraitz eta Artzanburu dira mendiko eskirako gailur egokienak. Buetraitzek hainbat jaitsiera eskaintzen ditu, Gomiztegi baserri aldera, Arantzazu aldera... Artzanbururekin konbinatuz, saio ederrak egin daitezke. Desnibela metatzeko distantzia handirik ez da ibili behar, eta ondorioz, mendiko eskian lehiatzen diren asko Aloñan ibiltzen dira, metroak eta metroak pilatuz. Buetraitzek igoera zuzen eta azkarra du, eta eskiatzen jaisteko malda ezin aproposagoa. Hego-ekialderantz jaitsita, Arkaitz mendiaren azpitik zeharkaldia eginez, Artzanburuko (1.365 m) igoerarekin bat egin daiteke, eta han ere hainbat aukera zabalduko zaizkigu, Tellakaskueta gailur borobilduarekin ere konbinatuz.

ARATZ (1.445 m)

Araiatik (610 metro, Araba) abiatuta, elur asko dagoenean, mendiko eskia egiteko ingurune egokia da Aratz, goiko aldea batez ere. Harkaitz asko izanda, ordea, gutxitan egoten da haren maldetatik eskiekin lasai ibiltzeko aukera. Igoera basotik egiten da tontor azpiko zabalguneraino, eta joan-etorriko ibilbidea lau bat ordutan osa daiteke.

Aralarko goi-lautada, Uzkuititik Ganbo Txikirako tartean. R. Olasagasti
Aralarko goi-lautada, Uzkuititik Ganbo Txikirako tartean. R. OLASAGASTI.

ARALAR - UZKUITI (1.328 m)

Amezketatik abiatuta, Ondarreko pista bat basotik barneratzen da Urdanaizeraino. Elur eta izotz baldintzen arabera, pista egoera hobean edo okerragoan egon daiteke, eta, zenbaitetan, hobea da autoa beherago uztea, goran gaizki ibiltzea baino. Pistaren amaieran dagoen langatik, ordubetean hel daiteke Uzkuitiko tontorreraino. Aparkalekutik abiatuta, artzain borda batzuetara iritsi behar da, eta handik nabarmen ageri da Uzkutiko mendi-hegala. Behin hara iritsita, elurra hoberen ikusten den lekutik joan behar da, baina errazagoa izaten da eskuinaldera jo eta aurre-tontor batera iritsi ondoren mendi ertzetik gailurreraino iristea. Jaitsiera ere leku beretik egin daiteke, edo Arritzagako sakonera ematen duen malda tenteago batetik. Uzkuitik aukera ematen du Ganbo Txiki eta Ganbo tontorretarantz joan eta hango maldetan zenbait jaitsiera egiteko ere. Denboraren eta eguraldi eta elur baldintzen arabera.

ARALAR - SOILABIZKARGAÑA (1.430 m)

Intzako Dorrea eta Irumugarrieta ere esaten zaio Aralarko Malloetako gailur honi. Elur asko dagoenean, Aralarren mendiko eskia egiteko lekurik ederrenetakoa da, Malloen iparrera. Gaintzatik (Nafarroa, 388 metro) abiatzen da ohiko igoera, aurrena basotik eta gero belardi bilakatzen den malda luze eta zabal batera aterata. Handik egiten da tontorrerainoko bidea, ia 1.000 metroko desnibelarekin. Aralarko mendirik garaiena da Soilabizkargaña eta azpiko zorua belardia izanda, aproposa da mendiko eskirako. Dena dela, elur asko egiten duenean, elur-jausiak ere sortzen dira, belarrezko malda tente haietan. Beraz, baldintzak ondo aztertuta sartzea komeni da.

Txindoki elurtuta, Uzkuiti aldetik begiratuta. R. Olasagasti
Txindoki elurtuta, Uzkuiti aldetik begiratuta. R. OLASAGASTI.

ARALAR - TXINDOKI (1.346 m)

Klasiko bat bada ere, Txindoki edo Larrunarri ez da mendiko eskiekin hain sarri igo daitekeen mendia. Izan ere, haitz asko azaleratzen dira, eta elur asko behar da eskiekin lasai eta eroso ibiltzeko. Larraitzetik (Gipuzkoa, 426 metro) abiatzen da ohiko igoera: bederatziehun metroko desnibeleko bide malkartsu bat tontorreraino. Jaitsiera ere tekniko samarra da, eta ez da, beharbada, mendirik egokiena mendiko eskian hasi berri direnentzat.

Gazume tontorrera iristen. R. OLASAGASTI.
Gazume tontorrera iristen. R. OLASAGASTI.

GAZUME (1.001 m)

Hernio mendiguneko tontorrak mila metrotik gora altxatzen dira doi-doi, eta neguan noiz edo noiz zuritzen dira, baina kostaldetik hain hurbil daudenez, gutxi irauten du haietan mantu zuriak. Hala ere, sortzen dira aldian behin negu-neguko baldintzak (nork ahaztu 2020ko Gabonak!) eta horietan mendiko eskirako mendi aproposa da Gazume. Iturriotzetik abiatzea izaten da ohikoena, Zelatungo leporako ohiko bideari jarraituz. Basotik atera eta berehala, Herniorako bidea alde batera utzi eta Gazumerako bailaratxo dotorea hartu behar da, sigi-saga tontorreraino. Jaitsiera ere bide beretsutik egin daiteke, baina ipar-iparrera, basoan behera, badira beste aldaera posibleak.

Petriketa magaleko alertze basoak. R. OLASAGASTI.
Petriketa magaleko alertze basoak. R. OLASAGASTI.

EGUZKIKO MUINOA (1.083 m), PETRIKETA (1.057 m)

Leitza eta Goizueta lotzen dituen Basakabiko gainetik abiatuta (Nafarroa, 743 metro), bi mendi tontor daude bata bestearen ondoan: Petriketa eta Eguzkiko Muinoa. Harrigarria da itxura batean hain mendigune apala izanik, zenbat aukera eskaintzen dituen leku honek. Eguzkiko Muinoak, esaterako, Leitzelarreako baso aldera jaitsiera dotorea eskaintzen du, baita Goizuetako errepide aldera ere. Hori bai, basoan eskiatzen trebezia pixka bat behar da, zuhaitzen kontra kolperik ez hartzeko. Petriketak ere hainbat malda eta aukera eskaintzen ditu, gehien-gehienak hegorantz. Saioa, Orreaga eta beste zenbait mendiguneren aldean 300-400 metro falta ditu, eta, ondorioz, zenbaitetan, gradu pare bat falta izaten dira gailur hauek zuritzeko, baina elurtuta daudenean, baldintzak oso onak izaten dira sarri.

Petriketa magaleko alertze basoak. R. OLASAGASTI.
Petriketa magaleko alertze basoak. R. OLASAGASTI.

SAIOA (1.418 m)

Iruñerritik, Lapurdiko kostaldetik eta Donostialdetik ordubetera baino gutxiagora dago Artesiagako mendatea (Nafarroa, 985 metro), Saioara eskiz igotzeko ohiko abiapuntua. Pirinioen mendebaldeko zaindari eta Baztango tontorrik garaiena izanda, urtero izaten du aski elur hara bisita bat baino gehiago egiteko. Artesiagatik abiatuta, hasieran pistaz egin behar da aurrera, eta kilometro bat inguru eginda, maldan gora hasi, sigi-sagan, gero eta tenteago jartzen den maldatik tontorreraino iristeko. Eskiatzeko egoki bihurtzen duen beste ezaugarri bat dauka Saioak: harri gutxi eta belar asko dauka. Okerrena da eguraldi ona egiten duen asteburuetan nahiko lan zaila izaten dela Artesiagan autoa uzteko toki bat bilatzea. Halakoetan, Eugi aldera doan errepidean pare bat kilometrora jaitsita, bihurgune batean, mendira eskiz igotzeko beste abiapuntu bat dago, basoan bertan. Haizea ere zakarra izaten da maiz.

Adi eta Iturrunburu artean. I. PETXARROMAN.
Adi eta Iturrunburu artean. I. PETXARROMAN.

ADI (1.457 m)

Urkiagako mendatetik (Nafarroa, 890 metro) abiatzen da igoerarik ohikoena. Bide gehiena basotik egiten da, azken maldara arte. Berez, eskiatzeko maldarik egokiena bukaerakoa da, behin basotik irten eta gero. Guztira, hiru bat orduko mendi itzulia da Adikoa, klasiko bat. Mendikate berean bada beste aukera interesgarri bat, hots, Sorogainetik (830 metro) abiatu eta Iturrunburu (1.313 metro) tontorrera igotzea, Aditik ipar ekialdera. Belardi zabal eta malkartsu bat izanda, mendiko eskirako ezin egokiagoa da Adiren adiskide txikia. Inguru berean, Eugi aldean, Burdindogi mendiaren hegal basotsuetan badira mendiko eskirako aukera gehiago, baina ondo ezagutu behar da lekua, eta zuhaitzen artean eskiatzen jakin.

Orreagako basotik irten eta Astobizkarrerako bidean. I. Petxarroman.
Orreagako basotik irten eta Astobizkarrerako bidean. I. PETXARROMAN.

ORREAGA INGURUA - ASTOBIZKAR, (1.506 m)

Iruñerriko mendiko eskiatzaileentzako toki kutuna da Orreaga ingurua. Batzuek “Nafar Columbia” ere esaten diote, baldintzak onak direnean (aurreko asteetan halaxe izan dira) egiaz ingurune gozagarria baita. Astobizkar da inguru hartan eskiatzaileek maizen igotzen duten mendia. Orreagatik abiatuta (Nafarroa, 950 metro), bi igoera nagusi ditu: Donejakueko bidearen arrastoan, Lepoederrera iristen den pistari jarraituz bat. Eta errekaren ezkerreko ertzetik abiatzen den bideari jarraituz, bestea. Bigarren hau aurrekoa baino zuzenagoa da, eta eguraldi onarekin egokiagoa. Basora iritsi ondoren, erreka pasatu behar da, eta pixkanaka maldatik gora abiatu ia tontorreraino. Igotzeko bi bide horiek egokiak badira ere, bigarrena gozagarriagoa da jaisteko. Orreagan elurrik ez badago, Ibañeta mendatea (1.067 m), ehun metro gorago, abiapuntu egokia da Astobizkarrera igotzeko.

Arthanolatzeko mendi hegalak. ANDONI CANELLADA.
Arthanolatzeko mendi hegalak. ANDONI CANELLADA.

IRATI - ARTHANOLATZE (1.531 m)

Iratiko oihanean, Orhi handiari begiratzeko talaia ezin hobea da Arthanolatze mendia. Organbidexkako lepotik (Zuberoa, 1.327 metro), Iratiko etxolen ondotik, abiatu daiteke, baina egokiagoa da kilometro batzuk beheragotik hastea, ur-baltsa baino lehenxeago dagoen zubian. Igoera zein jaitsiera lasaiak eta gozagarriak dira. Denbora eta gogoa edukiz gero, ondoan dagoen Escaliersera (1.478 metro) ere joan daiteke. Jaitsiera motza baino polita dauka Arthanolatzek, eta gailurrak behatoki paregabea eskaintzen du Pirinioetako mendi garaiagoetara.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.