Han goitik, eta beste toki askotatik ere bai. Julen Gabiria idazleari lapurtutako Han goitik itsasoa ikusten da liburuaren izenburua bada aproposa itsasoari begira bizi izan den herrialde batek zenbat begiratoki dituen azaltzen saiatzeko. Eta egina dago talaia eta seinero postuen bilketa lan bikain bat ere Itsasoari so. Euskal Herriko talaiak eta seinero postuak izeneko liburuan, izan duten balioaz eta bilakaeraz ohartzeko. Itsas jardueretarako behar-beharrezko kokaguneak ziren euskal kostalde malkartsuan. Ikusmirarik onenen bila dabilenak lasai ederrean balia dezake duela mende asko beste batzuek haiek bilatzeko egindako lana. Beste aukera: norberak topatzea bere talaia.
Ogoño (Bizkaia)
Urdaibai ageri da han behean
Lagako hondartza, Bermeo, Mundaka eta Izaro uhartea ikusten dira bertatik, eta Matxitxakoko lurmuturreraino luzatu liteke begirada mendebaldera. Ogoñokoa (Elantxobe, Bizkaia) begiratoki aparta da Urdaibaiko erreserbaren itsasertza behatzeko. Ekialdera, berriz, Bizkaiko eta Gipuzkoako portu nagusien bokaleak ikusten dira. Itsaslabar izugarri baten ertzean dago Ogoñoko begiratokia, lehen talaia bat zegoen tokian —badaude oraindik haren aztarna batzuk—. Elantxobeko kanposantuan dago bertara iristeko bidegurutzea.
«Talaia horiek ziren garai hartako informazio iturri nagusiak. Haien ezaugarri nagusia da tokirik egokienetan daudela. Egokiak kostaldeko ahalik eta eremu zabalena ikusi ahal izateko, baina, aldi berean, aldamenetako herrietakoek ikusiak ez izateko», azaldu du Xabier Alberdi historialariak, Euskal Itsas Museoko zuzendari eta Itsasoari so. Euskal Herriko talaiak eta seinero postuak liburuaren egile ere badenak. «Talaia horri esker, Elantxobeko eta Ibarrangeluko biztanleek portu horietara zuzendutako itsas zirkulazioaren berri izan zezaketen».
Galea (Bizkaia)
Bilboko itsasadarrari so
Punta bakar baten izena eta lurmutur oso batena biltzen ditu izen berean Galeak (Getxo, Bizkaia). Talaia eta seinero postu garrantzitsua izan zen bere garaian —XVI. mendekoak dira Galerako edo Galeako seinero postuari eta bateriari buruzko lehenengo aipamenak—, eta gotorlekuari zutik eusten dioten bakarrenetakoa da, nahiz eta ez dagoen oso ondo kontserbatuta.
Itsasoz egiten zen merkataritzarentzat gune garrantzitsua izan zen —eta da— Bilboko itsasadarra, eta Galea lurmuturreko eta San Inazioko gotorlekuetatik gidatzen zituzten garai hartan Abrara iristen ziren itsasontziak. Izan ere, Portugalete parean, itsasadarreko sarrera gurutzatzen zuen hondar barra arazotsu bat omen zegoen, eta hura saihesten laguntzen zieten nabigatzaileei. Horregatik dago horren toki egokian.
Eta helmuga ez ezik, abiapuntua ere izan liteke Galea —izen bereko auzotik iristen da gotorlekura—, itsaslabarretan eta pendizetan barrena egin bailiteke ibilbide bikaina, eta bainu bat hartuz freskatu Gorrondatxe, Barinatxe eta Atxabiribil hondartzetan; baita labar artean surfaz gozatu ere.
Mendatagaina (Gipuzkoa)
Geoparkearen ikusmira
Euskal Kostaldeko Geoparkea bakarra da Euskal Herrian: Gipuzkoan dago, 90 kilometro koadro inguruko azalera dauka, eta Deba, Mutriku eta Zumaia udalerriak hartzen ditu. Euskal kostaldeko begiratokiei buruzko pieza batean ezin zen falta haren erreferentziarik. Izan horretarako propio sortutako talaiak, izan naturak berak labarretan zizelkatutako gainak, edo izan norberak bere begiradari eman nahi dion zerumuga, badutelako geoparkean begiratokien ibilbide bat, eta Mendatagainakoa da ikusgarrienetako bat.
Aitzuri izeneko hormatzar baten gainean dago Mendatagaina, Deban. «Oso kokagune berezian dago talaia hori. Ez dago portu nagusi baten inguruan, izan Mutrikukoa, Debakoa edo Zumaiakoa. Izan ere, talaia gehienak hala daude: portu baten inguruan. Baina hau ez, hau aparte dago», azaldu du Xabier Alberdi historialariak.
Altuera horri esker, Geoparke osoa ikus daiteke kasik; bereziki, Sakoneta hondartza. Begiratoki aproposa da kostaldearen higadura dinamikak eta itsaslabarren eta marearteko zabalgunearen eraketa ulertzeko. Biotopoaren bi domeinu nagusien artean dago: flysch beltzaren geruzak ikus daitezke mendebaldera begira, eta kare eta hareharriz osatutakoak ekialdera begira. Surflariek erabiltzen duten aparkaleku batetik abiatuta iritsi liteke bertara.
San Anton (Gipuzkoa)
Getariako arratoiaren gainetik
Ongi eta propio bertan kokatutako talaiaren adibiderik argienetakoa da Getariako San Antongo begiratokia. Izan ere, Matxitxako arteko portu nagusien bokaleak ikus litezke albo batera begiratuta, eta Higer artekoak beste aldera begiratuta. Euskal kostaldearen ikuseremurik zabalenetakoa dauka begiratoki horrek. «Asko gustatzen zait. Besteak beste, eremu natural babestu bat delako. Badago han bake giro bat, eta naturarekin harreman zuzena izateko aukera bat», nabarmendu du Xabier Alberdik, Itsasoari so. Euskal Herriko talaiak eta seinero postuak liburuaren egileak —Jesus Manuel Perez arkeologoarekin batera idatzi zuen—.
Fase ezberdinak izan dituen talaia bat ere bada San Antongo hori, beste hainbatekin gertatu den bezala: talaia gisa hasi, ermita gisa segitu, eta itsasargi eta guzti amaitu. «Talaiek eta itsasargiek ez diote elkarri konpetentziarik egiten. Ematen duten informazioa ezberdina da. Faroak kokagune baten informazioa ematen du, nabigatzen ari direnek jakin dezaten non dauden edo nora doazen. Talaiek, berriz, itsasoan gertatzen ari denari buruzko informazioa ematen dute. Teknologiak aurrera egin ahala, XX. mendean, telekomunikazioak garatu zirenean, batez ere irratia garatu zenean, horrek ekarri zuen talaien galera eta gainbehera», hausnartu du Alberdik.
Erlaitza (Lapurdi)
Begiratokiz betetako ibilbidea
Ibilbidea bera bihurtzen da begiratokiz betetako begiratoki, askotan, Euskal kostaldean. Eta horixe da Erlaitza: Hendaian (Lapurdi) hasi eta Ziburuko Zokoa auzoraino —edo alderantziz— iristen den begiratoki erraldoi bat. Kostaldeak hartzen duen erlaitz itxuratik datorkio izena, eta turismorako marka gisa egin da ezaguna —Corniche basque deitzen diote frantsesez—. Erlaitza eta errepidea parez pare doaz ibilbidearen zati askotan, eta euskal kostaldearen ikuspegi ikusgarrienetakoak daude bertan. Higaduraren eta lur jausien ondorioz, ordea, itxi egin dute ohiko ibilbidearen zati bat, eta barruagotik dago osatu beharra zati hori, hurrengoarekin bat egin arte.
Badu fama ibilbideak, eta izen bereko egun bat ere bai. Izan ere, urtean behin, iraileko hirugarren igandean, erlaitzeko errepideko trafikoa itxi egiten dute. Egun horretan, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak hainbat jarduera antolatzen ditu.
Xabier Alberdi historialariak beste bi talaia ere nabarmendu ditu Ipar Euskal Herrian: Miarritzeko itsasargia eta Getariako portua. «Oso portu berezia da Getariakoa, naturala, haitz baten babesean eraikitakoa, eta portu horren gainean badaude bi elementu oso esanguratsuak eta ederrak: erromatar garaiko aztarnategi bat, arraina gatzatzeko erabiltzen zutena, eta talaiariaren dorrea. Oraindik ere funtzionatzen duena, itsas semaforo bat daukalako».