Mendi ibilaldia

Zarata mendiaren abaroan

Zaratako tontorra Obarenes mendilerroan altxatzen da, sumendi baten antzo. San Miguel zoko historikotik abiatuta, ibilbide ederra osatuko dugu.

Lapaul mendi tontorreko gurutze metalikoa
Lapaul mendi tontorreko gurutze metalikoa. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea, Zaratamendi
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: San Miguel del Monte, Lapaul, Zarata mendia
  • Distantzia: 7 km
  • Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu
  • Ingurunea: Obarenes mendiak, Miranda de Ebro
  • Estekak: Zaratamendia
Josean Gil-Garcia.
2024ko apirilaren 24a
05:00

Obarenes mendiak Miranda Ebro hiria bera hegoaldetik ixten duten mendi interesgarriak dira. Artadiak eta erkameztiak nagusi direnez han, ekosistemei lotutako berariazko fauna eta landaretza oparoa antzemateko parada ezin hobea dugu. Mirandako ordokitik begiratuta, arreta osoa bereganatzen duen mendi bitxi bat gailentzen da. Cellorigo eta Galbarruli herrien artean goitutako kareharrizko mendi puska galanta da. Leku izena bitxia bada ere, Zarata izenez ezagutzen da. Hala ere, beste izengoiti batzuk ere baditu: Ekialdeko puntak, gurutze bat duenak, Lapaul izena du, akaso Bugedo herri aldera begira dagoen ibarraren toponimoagatik. Mendebaldeko kaskoa, ordea, Muela edo Zarata deitzen da, eta huraxe da lerroko garaiena.

Zarata mendira doan ibilbidea San Miguel del Monte (Miranda Ebro, Burgos) bazter ezkutuan hasiko dugu. Mirandan bertan Bardauri eta Tirgora doan errepidea hartu, eta, Morcuerako ibarrean gora eginda, Burgosko diputazioak kudeatutako San Miguel izeneko zaharren egoitzara helduko gara berehala. Errepide ondoan utziko dugu autoa, egokitutako aparkalekuan. XIV. mende amaieran Jeronimoen Ordenak zaindutako monasterio handi bat izan zen Morcuerako parajean; ederra bezain ikusgarria. Gaur egun, ordea, behialako klaustroa eta eliza handiaren ondoko barne berrituak adinekoentzako egoitza izateko erabiltzen dira. Deblauki larre eta baso emankorren zaintzan eta soseguan ibiliko ziren monje haiek, akaso, naturak sorginduta-edo, munduko arazoez zeharo ahazturik.

Canalejas iturritik gora

San Miguelgo aparkalekutik irten, errepidea gurutzatu eta basabide hareatsuan aurrera egingo dugu. Mahastiak ezkerraldean ditugula, bide sarda batera helduko gara ziztuan. Bide nagusiari men eginda, eskuinera hartu eta, bihurgunetik irtendakoan, ezkerretik doan zidorrari helduko diogu. Canalejas aterpea eta iturria ikusiko ditugu hantxe, bi-biak makal handi baten ondoan. Goratasuna hartzen hasteko unea dela, artadian sartu eta sigi-saga ibiliko gara Errioxa aldera begira jarriko gaituen behatoki batera heldu arte. Orduan, hodei dilindari baten moduan paisaiaz gozatzeko parada izango dugu. Tolacha haitzetik Jembres orratz bikietarainoko tartea aurrez aurre izango dira. Obarenes mendiek osaturiko harresiaz haraindi, gainera, zeru-lurrak maindire zabal baten moldean ikusiko ditugu. Izan ere, Cellorigo herria bezalaxe, bazterrok ardogintzaren paradisuaz gozatzeko pribilegiozko talaiak izaten dira.

Ondoren, ibar xume batean barneratuko gaitu bidexka apetatsuak. Lapaul mendiko gandorrean gurutze metalikoak atentzioa emango digu. Haren distirak bultzatuak-edo, magaleko abariztia itzurtzen ibiliko gara ingurubira dotorea osatze aldera. Behin gainaldean, eskuinera hartu eta harkaiztegia janzten duten harrien ondora iritsiko gara. Arrakalan gora, nekea ahituko zaigu harat-honat zabaltzen den ikuspegiaz bapo gozatuta. Gero, mendebaldeko talaiara abiatuko gara gailurreriari begia kendu gabe. Ortzi mugaren zabalean hegazti saldoak ikusteko parada izango dugu, hormatzarrok gustuko dituzten seinale.

Behera bideari ekinez

Cellorigo herri ikusgarri aldera jaitsiko gara Zaratako tontorretik. Tentu handiz ibiliko gara, bidexka labainkorra baita. Mendebaldeko hormatzarrak erabat inguratu eta goratasun handia galdu ostean, lepo batean izango gara. Eskuinera egingo dugu han, eta, erkameztian barrenetik paseo polita egin eta gero, labore soro baten aurrean jarriko gara. Ezkerrera hartu eta zidorrari men eginez, Cellorigoko errepidera irteten lagunduko digun nekazari bide batera helduko gara. Behin asfalto gainean, ezkerretik segituko dugu, Cellorigoko kareharrizko orratz eta laban zorrotzak atzean lagata. LR-404 errepideko 2. kilometro igaro eta ehunka metro aurrerago, stop seinale baten parean, ezkerretik doan zidorrari ekingo diogu. Abaritzak, ipuruak eta erkametzak gogaide, galsoro zabal batera helduko gara. Bizikleten arrastoei men eginez, soroaren ertzetik segituko dugu. Zidorrari jarraipena emango diogu behin goialdera iritsita. Bidexkatik irten gabe, jaitsiera xumea egingo dugu gero, eta horma bertikal baten aldera egingo dugu. Azkenik, sigi-saga bideratuko gaitu zidorrak San Miguel egoitzara berriz iritsi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.