Mendi ibilaldia

Zamariaingo begiratokia

Muturreko begiratokitzat jotzen dute Aezkoako talaia eder hau, baina mendi-ibilaldi xume baten bidez iritsi daiteke bertara.

Zamariaingo begiratokia bera ederra da, baita gainetik eskaintzen duen ikusmira ere. MIKEL ARRIZABALAGA
Zamariaingo begiratokia bera ederra da, baita gainetik eskaintzen duen ikusmira ere. MIKEL ARRIZABALAGA
Nafarroako ibilbidea. Zamariaingo begiratokia
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Garaioa, Zamariaingo begiratokia
  • Distantzia: 6,8 km (341 m+)
  • Iraupena: 2 ordu
  • Ingurunea: Aezkoa (Nafarroa)
  • Estekak: Zamariaingo begiratokia
mikel arrizabalaga
2024ko azaroaren 5a
05:00
Entzun

Aezkoako haranean, xarma handiko herri eta ingurune ederrak daude: Iratiko oihana, Harpea, Orbaizetako Ola, Azpegiko harrespila, Urkuluko dorrea, Irabiako uharka eta begiratoki naturalak, besteak beste. Denak erakargarriak, baina ibilaldi honetan, sare sozialak direla medio azkenaldian ezaguna bihurtu den begiratoki bat bisitatuko dugu, Zamariaingoa hain zuzen ere.

Zamariaingo begiratokia amildegi batean irteten den harrizko plataforma txiki bat da, eta amildegiaren gainean bazenbiltza bezala sentiaraziko zaitu. Aezkoako haranean dago, eta bertako bitxi natural nagusietako bat da. Haurrekin joanez gero, kontuz ibili beharra dago begiratokiaren inguruan.

Autoa Garaioa izeneko herri txiki eta politean utzita hasiko gara ibiltzen. Ez dago aparkalekurik, baina leku dezente ditu herrian zehar banatuta; beraz, erraz aparka daiteke. Garaioatik irtenda, egurrezko zutoin batek erakutsiko digu hartu beharreko bidea. Etxe artean zabaltzen den bide zabalak abereak bazkatzen diren soroen artean eramango gaitu hasieran, baina hura amaitzean, elorri, ipuru, txilar eta ezpeldien artean barneratzen den xenda bihurtuko da lurrezko pista.

Zuri-berdez balizatutako bidetik segituz (SL-Na 58A) eta iratze gune bat zeharkatu ondoren, hurrizti batera iritsiko gara, eta, handik, borda edo eraikin baten ondora. Bidegurutze horretan, eraikina ezkerrera utzi eta lurrezko pista hartuko dugu. Argibideei jarraituz, begiratokiraino eramango gaituen bidea erraza eta erosoa gertatuko zaigu.

Joan-etorriko pistatik aurrera egin eta berehala, pagadi batean murgilduko gara. Ataka bat gainditu eta bide zabaletik gora egingo dugu,  harik eta harri pilo batek gonbidatu arte pista utzi eta eskuinetik marrazten den zidorretik jaistera. Malda txiki bat jaitsi, eta ibilaldi xume honek eskaintzen duen oparirik ederrenetako baten ondora helduko gara, Zamariaingo begiratokira hain zuzen ere.

Zamariaingo begiratoki naturalak Iratiko oihaneko pagadiaren zati baten ikuspegi ikusgarriak eskaintzen dizkigu, eta bertatik, Irati ibaiarena ez ezik, Aezkoako ibarreko pagadien eta Orotz-Beteluko hariztiaren ikuspegi bikainak izango ditugu. Bertigorik ez badugu, oroitzapen argazki polit bat atera dezakegu pagadian gailentzen den begiratoki natural zoragarri horretan, eta ikuspegi ikusgarriez gozatu. Zalantzarik gabe, Iratiko oihaneko erakargarri turistiko nagusietako bat da. Askok muturreko begiratokitzat jotzen dute, eta mendi ibilaldi xume baten bidez irits daiteke bertara. Betiere, tentuz ibili beharreko lekua da, argazkia haitzaren puntan ateratzeak baditu bere arriskuak, amildegia handi bat baitu azpian.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, etorritako bidetik atzera egingo dugu, bidegurutze nagusiraino. Mendi bide beretik ez itzultzeko, errepidean zehar jaitsiko gara. 180 graduko bihurgune batera iristean, iturri bat ikusiko dugu gertu. Itzuleraren zati hori monotono xamarra denez, inguruko belardi eta mendiek osatzen duten panoramikaz gozatuko dugu. Herrira iritsi aurretik, pasabide kanadar bat gurutzatuko dugu. San Andres eliza dagoen plazan amaituko dugu ibilaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.