Mendi lasterketak

Uxue Fraile eta Jesus Bailo garaile Ehunmiliak proban

Uxue Fraile donostiarrak eta Jesus Bailo espainiarrak irabazi dute Ehunmiliak mendi lasterketa. G2H proban, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra eta Joseba Eskudero idiazabaldarra gailendu dira, eta MariMurumendi maratoian, azkenik, bi beasaindar izan dira irabazle: Irati Zubizarreta eta Unai Dorronsoro.

Ehunmiliak probako nesken podiuma. Erdian, Uxue Fraile irabazlea. GOIERRIKO HITZA
ramon olasagasti
2023ko uztailaren 10a
12:53
Entzun

Gizonezkoetan, Jesus Bailok egun bete pasatxo behar izan zuen (24.24.50) 168 kilometroak egiteko (11.000 m+). Zaragozarra bigarren joan zen kilometro askoan, Igon Manzisidor debarraren atzetik, baina Etzegarate pasatuta lasterketaren buruan jarri zen, eta amaierara arte eutsi egin zion postu horri. Larunbat arratsaldeko 20:30 aldean helmugaratu zen Bailo. Manzisidor bigarren izan zen azkenean. Bere denbora: 24.44.56. Hirugarren, berriz, David Gomez izan zen.

Emakumezkoetan, Uxue Frailek bere ahala eta eskarmentua erakutsi zuen beste behin. Donostiarrak 29.19.43 behar izan zituen 168 kilometroak osatzeko. Bi ordu eta erdi beranduago iritsi zen Joanna Pawelczak (31.54.05) eta Chaveli Peris sei ordura (35.20.57).

Ehunmiliak probako sailkapenak.

Goierriko Bi Handiak proban (88 km, 6.000 m+), berriz, Joseba Eskudero idiazabaldarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra nagusitu ziren. Eskuderok 10.12.32ko marka egin zuen. Fidel Fernandez sailkatu zen bigarren (10.41.11) eta Iñigo Arantzamendi, hirugarren (10.41.45). Azkorbebeitiak, berriz, 12.40.43ko denbora egin zuen. Larraitz Aragon helmugaratu zen bigarren (13.18.06), eta Izaskun Sanz, hirugarren (13.48.01).

Beasaingo G2H ultra distantziako Euskal Herriko Kopako laugarren eta azken proba ere izan da. Enkarterri Extrem izan zen aurrenekoa, Domusa Teknik 40 MLK bigarrena, Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka hirugarrena eta Goierriko 2 Handiak azkena. Lau proben emaitzak batuta Oihana Azkorbebeitia eta Iban Agirrezabala izan dira Koparen irabazleak. Emakumezkoetan, Sara Peña izan da bigarren eta Maider Urdangarin hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Jokin Uribetxeberria eta Aitor Gainza izan dira bigarren eta hirugarren.

Ultra distantziako Euskadiko Txapelketa ere izan da G2H proba. Horretan, probaren irabazleak izan dira Euskadiko txapeldun: Oihana Azkorbebeitia bera eta Joseba Eskudero.

G2H probako sailkapenak.

Beasaindarrak garaile MariMurumendi maratoian

Igandeko MariMurumendi maratoian (42 km, 2.300 m+), azkenik, beasaindarrak izan ziren nagusi. Emakumezkoetan Irati Zubizarreta gailendu zen (4.23.08) lasterketa osoa buruan eginda. Maratoiko marka hautsi zuen gainera Zubizarretak. Bigarren Patricia Barreda (Herrialde Katalanak) izan zen (4.42.48), eta hirugarren, Elena Calvillo (4.45.44), hau ere beasaindarra. Gizonezkoetan, Unai Dorronsoro izan zen irabazle (3.42.48). Beasaindarra eta Martin Mac-Gragh leioarra (Bizkaia) buruz buru aritu ziren ia lasterketa osoan. Mac-Gragh bigarren izan zen azkenean (3.47.23). Hirugarren Pablo Doña izan zen (3.52.38).

MariMurumendi maratoiko sailkapenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.