Mendi ibilaldia

Urumeatik Bidasora

Epai hitzak esanahi desberdinak ditu eta horien artean mendilerroa eta mozketa. Ibilbide luze honek hortik hartzen du izena, Epaipide.

Aiako Harriko mendigunea Erlaitzeko barrakoien ondotik
Aiako Harria mendigunearen ikuspegia, Erlaitzeko barrakoietatik. MIKEL ARRIZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. Urumeatik Bidasoara
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Urumea-Ugaldetxo, Malbazar, Zaria, Aritxulegiko lepoa, Elurretxeko lepoa, Lapurriturri, Bidasoa-Behobia
  • Distantzia: 34,3 km (+1.458 m)
  • Iraupena: 9 ordu eta 40 minutu
  • Ingurunea: Urumea, Bidasoa
  • Estekak: Urumeatik Bidasoara (wikiloc)
mikel arrizabalaga
2024ko martxoaren 13a
05:00

GR-121a Gipuzkoa osoari bira ematen dion ibilbide luzea da, eta zenbait etapatan banaturik dago. Etapa horietako bi Aiako Harria Parke Naturalaren lurretan osatzen dira. Ekosistema desberdinak ezagutu, tontor nagusien magaletatik igaro, estazio megalitiko ugari bisitatu eta ekonomia-jarduera desberdinek utzitako arrastoak ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Lehen zatia, Urumearen ertzean dagoen Hernaniko Ugaldetxo auzotik abiatu, eta Aritxulegiko tuneleraino hedatzen da, eta bigarrena, berriz, tunelaren gainetik segi, eta Bidasoa ibaiaren ertzean kokatzen den Behobiaraino.

Epai hitzak esanahi desberdinak ditu; besteak beste, mendilerroa eta mozketa. Ibilbide luze honek hortik hartzen du Epaipide izena: batetik, mendilerro ugari gurutzatzen baititu bere itzuli osoan, eta, bestetik, lur hauetako biztanleek etxerako egurra moztu egiten dute, epaitza eginez alegia. Ibilaldia bitan banatu dugu, eta bakoitzak erabakiko du dena batera edo bi egunetan egin nahi duen. GRko bide seinale zuri-gorriek lagunduko digute bide zuzena aukeratu eta aurrera segurtasunez egiten, baina bide horren alboetan altxatzen diren hamabost tontorretara igotzeko aukera balia dezakegu, eta, horrela, ibilaldi balizatuari beste pizgarri bat gehituko genioke. Azken hori aukeratuz gero, desnibel metatua eta zailtasuna areagotu egingo dira.

Ugaldetxo - Aritxulegi

Luzera: 19,1 km
Igoera metatua: 1.154 m
Jaitsiera metatua: 717 m

Hernaniko Ugaldetxo auzoan etapa honi hasiera eman, eta berehala maldan gora jarriko gara. Lizarregiko zabalera iristean, Urdaburuko magalean zehar hedatzen bide zabaletik Pagosardeko atsedenguneraino helduko gara. Bide nabarmenak Malbazarreko bidegurutzeraino eramango gaitu eta, hor, eskuinetik igotzen den aldapatik abiatuko gara. Puntu horretan, Mendibai ibilbide luzearen (GR-285 E04) 4. etaparekin bat egingo dugu Aritxulegiko tuneleraino.

Altuera galtzen hasita eta Aiako harriko parajeetan murgildurik, Zariako tontorrera igoko gara, eta, gero, Kausoroko lepotik Munagirrekora iritsiko gara. Gertu dago Bianditz mendi tontorreko lepoa, eta hara jaitsiko gara, eta, handik, Hirumugarrieta edo Harritxulangañako parajeetara. Hamar mairu baratze eta bi tumulu dituen multzoa aurkituko dugu, Oiartzun, Goizueta eta Lesakako udal barrutiek bat egiten duten tokian. Bertan dago oso berezia den mugarria, makulua eta gurutzea landuak dituen Orreagako antzinako mugarria, hain zuzen. Egun, inguru horietan hainbat lekutan aurkitu daitezke, eta garai batean lur horien jabetza noren eskuetan zegoen aditzera ematen dute. Monumentu megalitikoak eta mugarria atzean utziz, Nafarroako eta Gipuzkoako lurrak mugatzen duen hesiaren paraleloan, Errengako lepora jaitsiko gara, eta gertu dagoen estazio megalitikoa bisitatzeko parada izango dugu. Azken zatia maldan behera beteko dugu, eta Aritxulegiko tunelera helduko gara.

Aritxulegi - Behobia

Luzera: 15,2 km
Igoera metatua: 304 m
Jaitsiera metatua: 907 m

Etapa honek, Mendibai ibilbide luzearen (GR-285 E04) 4. etaparen azken zatiarekin bat egiten du ibilbide osoan. Aritxulegiko tunelaren gainetik abiatu, eta Aiako Harriko tontor nagusiak biltzen dituen mazizoaren magaletik hedatzen den xendan barna egingo dugu aurrera, eta Elurretxeko lepora heldu. Abian jarri bezain pronto, elur zuloaren ondotik pasatu, eta Aireko palazioa esaten dieten aurrien ondora jaitsiko gara, garai batean meategietako bulegoak eta meatzarientzako ostatu izan ziren eraikinen aztarnetara. Goian ikusiko dugu Irufagoeta muinoa, eta segidan inguratuko dugu. Hortik aurrera bidea leuna, oso ibilia eta nabarmena da, eta gertu ikusiko ditugu Erlaitzeko tontorra eta Pagogaña muinoa. Bide balizatuak San Martzial ermitaraino eramango gaitu, eta bertatik Behobiara jaitsiko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.