GR 38 (Arrainaren eta Ardoaren Bidea) eta GR 123 (Bizkaiko Bira) ibilbideetako seinaleei jarraitu, eta Otxandio (Bizkaia) inguruan zabaldutako baso trinko eta ikusgarria zeharkatuko dugu. Txoko batean sartuta dago baso hori, Anbotoren hegoaldeko hormatzar arrokatsuaren eta Arangio mendilerroaren artean. Ibilbide baten eta bestearen artean gaudela, Urkiolagirreko tontorrera iritsiko gara, eta primerako ikusmira panoramikoa izango dugu handik: Durangaldeko mendietako batzuk, hain zuzen ere.
Basoan barrena doan ibilbidea ezin atseginagoa da: pagoak, haritzak, gorostiak eta astigarrak aurkituko ditugu, baita zenbait konifero ere, hala nola izeiak, pinu gorriak eta Lawson altzifreak. Basozko mantu hori Urkiolako parke naturalaren mugen barruan dago, babestuta; beraz, bizitoki aparta da hango fauna autoktono askotarikoarentzat. Artaldeak ere kontuan hartu behar ditugu; izan ere, lurra bustita dagoenean euriaren ondorioz, ardiek bideak lokazten dituzte, bizkor-bizkor ibili ohi baitira haietan.
Urkiolara GR 38tik
Otxandioko alde zaharra atzean utzi, eta olagizonen monumentua duen kalea bilatuko dugu. Aurrean, Samartoi kalea dago; hortik abiatuko gara, GR 38 ibilbidearen seinaleei jarraika. Gero, zubi batetik igaroko gara, erreka baten gainetik, eta maldan gora egingo dugu, bidea bitan banatzen den arte. Bidegurutzean, GR 123 ibilbidea alde batera utzi, eta GR 38tik jarraituko dugu zuzen, Urkiolarantz. Hainbat zuhaitz motaz inguratutako bide batetik ibiliko gara, eta, tarte labur baten ondoren, beste bidegurutze bat topatuko dugu; han, ez dugu hartuko Illuntxurantz doan PR BI 52 bidea.
Basoan sartuko gara gero eta gehiago, eta, zuhaitzez gain, iratze andana ikusiko dugu lurra estaltzen. Gero, muino batean gora egin, eta Gorbeiaren inguruak begiztatuko ditugu handik. Bidegurutze batera iristen garenean, ezkerrera jo, eta aurrera egingo dugu mendi magaletik. Ondoren, pagoz jositako baso batetik pasatuko gara, malda txikiak igoz tarteka.
Gure bideak bat egingo du GR 282 ibilbidearekin (Artzaintzarako Bidea), eta Irantzazelaia aldetik jarraituko dugu, basotik. Ollarganen magaletik igaroko gara gero; hurbil dagoen Saibi mendia ikusiko dugu handik, tontorrean gurutzea duela. Gurutze horrek, hain justu, adieraziko digu gertu dagoela Urkiolako santutegia. Hara iristeko, mendate bat pasatuko dugu lehenbizi, eta pago motzez eta haritz gorriz betetako gune bat zeharkatuko dugu gero.
Urkiolagirren gora
Urkiolako santutegiaren atzealdera iritsiko gara, eta, handik, eskuineko bidea hartuko dugu. Zenbait metro egin ondoren, ezkerrerantz joko dugu, GR 12 ibilbidean sartzeko (Euskal Herriko ur mugen ibilbidea). Maldan gora abiatuko gara, albo banatan izeiak dituen belaze batetik; handik, Untzillatxen harrizko tontorra ikusiko dugu ezkerrean. Izeidia zeharkatzen duen irekigunea pasatu, eta belardi zabalago batera iritsiko gara, zeinetik ikuspegi ederra izango baitugu: Anbotoren tontorretik Alluitzera hedatzen den harresia.
Bidean aurrera jarraituko dugu, zuzen, Urkiolagirreko belardira iritsi arte (1.008 metro): gailurra, postontziak eta mahai panoramiko bat aurkituko ditugu bertan. Ordokitxoa zeharkatu, eta beste magaletik jaitsiko gara bide batera iritsi arte, Pol-Pol iturritik gertu. Aurrera egingo dugu, iturriaren ezkerretik, eta bideari jarraituko diogu, Elgoin mendiaren (1.243 metro) kareharrizko murruen magaletik, belardia zeharkatzeko. Asuntzako larrera iritsiko gara gero, eta Anbotoren magalean bukatuko da pista. Eskuineko bidea hartuko dugu, Otxandiora joateko seinalea duena, alegia.
Otxandiora buelta, Oletatik
Hartxintxarrezko bidean aurrera eginda, baso misto batetik igaro, eta zuhaitzik gabeko gune batera ailegatuko gara. GR 123 ibilbidea hartu, eta eskuinera joko dugu, Oletarantz. Bidearen zati horretan, baliteke deskuiduan bide nagusiari jarraitzea eta, ondorioz, bidegurutze batera iristea. Hori gertatuko balitz, eskuineko bidea hartu beharko genuke, eta maldan behera jarraitu tarte txiki batez, beste bide batera iritsi arte; han, berriz ikusiko genituzke GR 123 ibilbideko seinaleak. Bi bideetako edozein hartuta ere, seinaleei jarraitu behar diegu, eta basoan barrena behera egin. Zuhaitz mota ugari ikusiko ditugu bertan: koniferoak lehenbizi, haritzak gero, eta pagoak azkenik.
Eremu lau batera helduko gara, eta, pagadia ureztatzen duten errekak zeharkatu ondoren, aparkaleku bat topatuko dugu; han, ezkerreko bidetik jarraituko dugu. Larreen, ibaien, zuhaiztien eta baserrien artetik ibiliko gara, Arangio mendilerroaren ikuspegi apartak ditugula. Handik tarte batera, Oleta elizatera iritsiko gara, eta alderik alde zeharkatuko dugu, elizaren bila. Elizaren aurrean bidexka bat dago, PR BI 50 ibilbidearekin lotuta. Bide hori hartuta, belardiak eta zuhaiztiak igaroko ditugu, bidexka bukatu eta pista agertzen den arte. Ezkerreko bidea hartuko dugu, eta, metro gutxi batzuk aurrerago, bidegurutzean, eskuinekoa.
Maldan behera jarraitu, eta harizti batera ailegatuko gara, non GR 123 ibilbideko seinaleak ikusiko baititugu berriz. Bidea bitan banatzen denean, Bizkaiko Birako seinaleei jarraitu behar diegu, ezkerretik; ez dugu PR BI 50 bidea hartu behar. Galtzada harriak dituen bide batean aurrera jarraituko dugu tartetxo batez, eta, gero, eskuinera joko dugu hurrengo bidegurutzean. Laster iritsiko gara Otxandioko abiapuntura.