Arabako mendebaldean, Urkabustaizko udalerria dago Gorbeialdeako eskualdearen barnean; orokorrean erliebe oso gorabeheratsurik ez du inguru horrek, baina mendebaldetik eta iparraldetik 500 metro inguruko labar ikusgarriek banatzen dute Nerbioi eta Altube ibaiek sortutako haranetatik.
Lezamako (Amurrio) San Martin eliza da gure abiapuntua (350 m). Errepidean ekialdera jarraitu eta lehenengo bidegurutzean, gurutze baten ondoan hasten den bidea hartuko dugu, kilometro bat aurrerago beste pista batekin bat egiten duena. Bergantza errekaren xendari jarraituz, Txibiartera daraman pistarekin egingo dugu topo. Hauxe eguneko igoerarik gogorrena, Castejon-Bilbo trenbidea gaindituz mendi horren gailurreraino egingo duguna (697 m).
Legarrezko bidean hegoaldera jarraituta, Uzkianora hurbildu eta handik Oiardora errepidez egingo dugu bidea. Herriaren azken bihurgunean, Goiurira daraman legarrezko pista topatuko dugu. Goiurin, elizaren aurrealdetik gertu, ondo mantendutako errotaren sarrera aurkituko dugu, eta metro batzuk aurrerago, trenbidea zeharkatuz, 100 metro baino gehiago dituen ur jauziaren ikuspegirik ederrena. Kondairak dioenez, lamina batek Urjauzi izeneko gizon bat ur jauzi bihurtu zuen bere ispilua lapurtzeagatik.
A-2521 errepidea zeharkatuz, Ondonara daraman bidea hartuko dugu; bertatik, Atxobiaga mendira daraman bidean gora egin, eta, hura inguratuz, Alto del Corral gailurrera iritsiko gara (841 m).
Mendilerroan hego-mendebaldera jarraituta, Bezerendiano eta Inobaltzako parajeak atzean utzi, eta ezkerrera joko dugu, baso barnean hesia zeharkatu eta Alto Somo edo Txobita gailurrera daraman xendari jarraitzeko. Gailurrean (879 m) ikurrin bat ageri da harri multzo handi baten gainean.
Mendilerroan metro batzuk jarraituta, Putzu Berria aurkituko dugu; han, Zulo Handia dolinara daraman bidea hartuko dugu. Zuloaren aurrean eskumara biratu, eta, pista polit bati segituz, beste bidegurutze batera iritsiko gara. Hor ezkerrera jota, basoak bidearekin bat egiten duenean, Gurtazarreko otso zuloa bertan dagoelako seinalea izango dugu. “V” itxurako harresiez baliatuz, abeltzainek zulo horretaraino gidatzen zituzten otsoak, ehizatzeko.
Pistan hegoaldera jarraituko dugu, eta igotzen hasten denean utzi egingo dugu, eskuineko zelaiak zeharkatuz, Hirutasun Santuaren Santutegira daraman pistara heltzeko. Ermita horretan iturri bat dugu. Atsedenaldiaren ondoren, bidean mendebaldera jarraituz, Nerbioiko ur jauzira daramaten seinaleak topatuko ditugu, eta hala, iparraldera biratuz, Nerbioi ibaiaren ur jauziraino joango gara.
Estatuko ur jauzirik handiena ikusi ostean, isurialdez aldatu eta xenda Bertzetako gailurrera (823 m) jarraituko dugu, Delikako arroila eta Gorobel mendilerroaren panoramika ederrarekin. Jaitsiera bizkor batek Untzara darama. Hesia zeharkatu ondoren, mendilerroaren ertzetik doan xenda jostagarria bilatuko dugu, La Barrerillako mendatera daramana. Han, errepidea zeharkatu eta zuzen jarraituko dugu, Askuren mendira igotzeko asmoz.
Lepora iristerakoan, seinale batek gailurra adierazten digu; beraz, gora igo eta Arrastariako ikuspegiaz gozatzeaz gain, bertan dauden lubakiak ezagutuko ditugu (710 m). Jaitsieran, gudariek erabilitako kobazuloaren sarreratik igaroko gara. Lepora itzulita, Lezamara bueltan eramango gaituen bidea hartu eta jaitsieraz gozatuko dugu azkenik.