Mendiko bizikleta

Upo eta Mandoia, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko zaindariak

Baso ustiaketaren triskantzak ingurunea asko moldatu badu ere, San Segismundo ermita, Azarolako labea, Lekubasoko presa eta antzeko txokoek xarmangarri egiten dute ibilbide hau.

San Segismundo ermitara bidean. Antzina, 'San Babas' ere esaten zitzaion. IVAN RUIZ ROTAETXE
San Segismundo ermitara bidean. Antzina, 'San Babas' ere esaten zitzaion. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Upo
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Arrigorriagako kiroldegia, San Segismundo ermita, Upo, Lekubaso, Aterpea, Mandoia, Uberoeta, Laura Orueren oroitarria
  • Distantzia: 41, 7 km (1.250 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 30 minutu
  • Ingurunea: Nerbioi-Ibaizabal
  • Estekak: Arrigorria-Upo-Usansolo-Mandoia BTT
Ivan Ruiz.
2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Hegoaldetik Zeberio, ekialdetik Arratia, iparraldetik Ibaizabal eta mendebaldetik Nerbioi ibaiek mugatzen dute zeharkatzera goazen mendilerroa. Horrek aukera ematen du proposatutako ibilbidea hainbat herritatik hasteko aukera. Arrigorriaga, Usansolo, Bedia edo Ugao, adibidez; baina denetan lehena izango da gure abiapuntu.

Arrigorriaga izenaren jatorriari dagokionez, bi hipotesi daude. Bata, Padurako guduan (IX. mendea) isuritako odolak bertako lurra gorriz koloreztatu izana; eta bestea, Ollargan auzoan izandako burdin meatzeak. Herriko kiroldegian (65 m) emango diogu hasiera gure abenturari, bertan bizikleta garbitzeko aukera baitugu. Biribilgunean Zaratamoranzko bidea hartuko dugu, eta, industrialdea gaindituta, aldapa behera Moiordin-Barrondo auzorantz jarraituko dugu. Burbustu auzoraino segitu beharko diogu errepideari. Lehenengo eraikinaren ondoan, eskuman dugun xenda hartu, eta Upoerrekako sakanean gora egingo dugu.

Axolako lepora iritsiko gara (365 m.), handik, San Segismundo ermitara gerturatuko gara, eta, haren ondoan, Burdin Hesiko metrailadore kokalekua topatuko dugu. Upo eta Artanda mendien artean utzi zuen Goikoetxea kapitainak, nahita, defentsaren zirrikituetako bat, baina matxinatuek Gaztelumendikoan gainditu zuten hesia azkenean. Lepora bueltatuz, Upoko pagadi ederrean gora egingo dugu ondoren, eta izen bereko gailurrera igoko gara; azken metroak, indartsu egon ezean, oinez egin beharko ditugu. Goian (573 m) ikuspegia mugagabea da: Ganekogorta, Bilbo handia, Durangaldeko mendiak, Gorbeiakoak, Gorobel...

La Cerilla (342 m.) lepora daraman jaitsiera teknikoa da. Han, Azarolako labera daramaten seinaleei egingo diegu so. Burdin minerala erreduzitzeko erabili zuten labe hori, eta oraindik zutik dirau. Xendan behera eginez, laster batean Lekubasoko presara iritsiko gara (108 m.); hurbil denez, bisitatu egingo dugun ur sulfuroso iturria.

Ondoren, olgetarako parkea zeharkatu, eta, Lekubasoko errekari jarraituz, Usansolora iritsiko gara. Tartean, Lekue dorretxea (XVI m.) bistaratuko dugu. Ibaizabal ibaiaren eta trenbidearen artean doan bidea baliatuta, Bediako Eroso-Ugarte auzora iritsiko gara. Hemen, Saukutzako errekari jarraituz mendian gora egingo dugu, eta Larrazuri mendiaren ondoko lepora iritsiko gara (246 m.). Hego-mendebaldera biratuta, pista aterpe ireki baten ondotik igaroko da, eta Bazterreko Landa lepora eramango gaitu, luzaroan gora eginez. Handik, zuzen segituz, Joserraren omenaldira iritsiko gara; Untzeta eta Ganekogortaren ikuspegi ederra duen tokia aukeratu zuen Team-ak bere laguna omentzeko.

Ia 180 gradu biratuz, gertu izango dugu gailurra, baina azken esfortzu bat egin beharko dugu Mandoiara iristeko (638 m). Mendilerro honetako gailurrik garaiena da Mandoia.

Irumugarrietako lepora (492 m) jaistea izango da hurrengo pausoa, mendilerroari jarraituz. Ondoren, ziztu bizian jaitsiko gara Uberoetako lepora (377 m.), eta handik Saldarianera. Hain zuzen, auzo horretara iristean, eskumara Ugaora daraman xenda hartu, eta Laura Orueren oroitarriaren ondotik igaroko gara, eta, azkenik, PR-BI 16 bidea baliatuz, Arrigorriagara bueltatuko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.