Mendi ibilaldia

Untzillatx, Mañaritik

Durangaldeko harribitxietako bat da mendi hau. Haren hegoaldeko aurpegitik hainbat mendi-hegal ateratzen dira goranzko norabidean, baina ibilbide honetan, mendebalerago dagoen diagonalari jarraituko diogu.

Untzillatx mendiaren hegoaldeko aurpegia Urkiolatik ikusita
Untzillatx mendiaren hegoaldeko aurpegia Urkiolatik ikusita. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Untzillatx
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Mañaria, Elosuko bidegurutzea, Untzillatx
  • Distantzia: 9,3 km (740 m)
  • Iraupena: 3 ordu
  • Ingurunea: Durangaldea
  • Estekak: Ibilbidea
2024ko urriaren 16a
05:00
Entzun

Urrutitik, Untzillatx, Mugarra, Alluitz eta Anboto bera bezalako gailurretako hormak bertikal-bertikalak dira, gainditu ezinezkoak itxura batean. Hala ere, hormaren oinarrian gaudela, perspektiba hori nabarmen aldatzen da; izan ere, eremu garaietara heltzeko pasaguneak ugaltzen dira, eta aukera desberdinak sortzen dira gain horietara ailegatzeko. Batzuk besteak baino errazagoak dira, besteak beste, Untzillatxeko gailurreraino igotzeko erabiliko duguna. Gailurretik, Durangaldeko mendi multzo ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dugu.

Elosuko leporako bidean

Mañariko erdigunetik abiatuko gara, errepidearen ertzetik oinez, Urkiolako mendaterantz. Biribilgune bat gainditu ondoren, Urkiolarantz doan GR-38 ibilbidea eta Atxarterainoko GR-229a batzen diren lekura ailegatuko gara. Ondoren, balizen jarraibideetan oinarrituta, ezkerreko erreitik desbideratuko gara, bidezidor harritsu batetik gora eginez, errepidearekiko paraleloan. Inguruko baserrietara sartzeko bide bat igaro eta maldan gora jarraituko dugu, hormigoizko errei batetik lehenik, eta bidezidor belartsu batetik geroxeago.

Aldapa zuhaiztsu bat gainditu ondoren, bidea leundu eta estutu egiten da, eta auzo bide bati lotzen zaio. Ezkerretara metro batzuk egin, eta eskuineko bidezidorretik desbideratuko gara, baserri baten ateetara iritsi aurretik. Pinudian zehar mendi mazelaren eskuinaldera joko dugu, eta Untzillatxeko mendebaldeko hormen azpiko basoan zehar sigi-saga egin, eta pixkanaka horma horien oinarrirantz igoko gara. Bidezidorra bitan banatzen denean, eskuinetik jarraitu, baso pista batekin bat egin, eta ezkerretik jarraituko diogu, eta aldapa basotsuari ekingo diogu.

Horrela, Done Martie baselizaren ondotik igaroko gara, eraikina metro batzuk ezkerretara utzita. Ondoren, Untzillatxeko mendebaldeko kontrahorma harritsuen azpitik jarraituko dugu gorantz. Aldapa guztiz leuntzen den zati labur baten ondoren, non hamarnaka metro lauan egingo ditugun, erosoago igoko gara, eta harrizko ezproi batzuen azpitik pasatuko. Jaitsiera txiki baten ondoren, goranzko beste malda bati egingo diogu aurre, eta, jarraian, basoaren goialdearen eta harkaitzen beheko oinarriaren artean irekitako espazio zabalean mendi hegalean zehar ibiliko garelarik. Haranaren beste aldean, Errialtabasoko kareharrizko pareta zabalak ikusiko ditugu, haritzen, lizarren, pinuen eta pagoen artean aurrera egiten dugun bitartean. Ukuilu zahar baten ondotik igaro eta Elosuko lepora iritsiko gara, non bidegurutze bat eta idazkun ohargarriak dituen zutoina aurkituko ditugun. GR bien ibilbideak alboratu, eta ezkerrera egingo dugu, Untzillatxerainoko bidea markatzen diguten seinaleei jarraikiz.

Mendebaldeko kanala

Dozena erdi bat metro egin ondoren, bidegurutzean ezkerrera egingo dugu berriro. Pixka bat igo eta eskuineko bidezidorretik jarraituko dugu, traza handienekoa. Aurrean, Alluitz eta bere hormen hegoalderanzko hedapena agertzen dira, Anbotorekin kateatuz. Pixka bat igoko gara zurbaltz sakabanatuak dituen paraje batetik, eta ezkerrera egingo dugu hamar bat metro horma bertikal bat topatu aurretik. Bidezidor harritsuaren arrastoak “zeta” bat marrazten du eta goiko pasabidera eramango gaitu, diagonalean igotzen den korridorearen hasierara, mendebaldeko aldetik, Untzillatxeko hegoaldeko aurpegiarekiko.

Atzean utzitako Mañariko alderantz bista handiak dituen goranzko ibilbideak ez du konplexutasun handirik; izan ere, harmailak batu besterik ez da egin behar igarotzeko leku posible bakarretik, traza nabarmeneko bidezidor bat duena. Horrela, aurreneko paraje batean, koska harritsuetan gora egingo dugu, paretaren eta erpin txiki harritsu baten artean dagoen pasabide bat zeharkatuz. Ondoren, harri leun eta bertikaleko lauza handi baten azpitik diagonalean doan beste bidegune bat gaindituko dugu.

Haranaren oinarrira erortzen den ertz irten baten gainean dagoen pasabidea gainditu eta gorantz jarraituko dugu, harrizko zein belarrezko gainazalak tartekatuz, mendiaren oinarriari itsatsita. Paretaren eta erpin harritsu baten artean dagoen pasabide berri bat atzean utzi, hiru metro jaitsi eta beste ertz irten bat gaindituko dugu jarraian. Hormatzarraren oinarrian mendi hegalean zehar ibiliko gara, eta korridore bertikalago batekin lotuko gara, mailaduna, gain baterako sarbidea ematen duena. Han, eskuinera egingo dugu, eta gailurraren erlaitzean zehar ibiliko gara, Durangaldeko panoramika ikusgarrien artean, eta Untzillatxeko tontorrean kokatua dagoen postontzira ailegatuko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.