Mendi ibilaldia

Talaia, balea begiztatzeko

Talaia, balea begiztatzeko.
Talaia, balea begiztatzeko.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Elantxobe, Ogoño
  • Distantzia: 5,2 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Itsasoari estuki lotutako herria da Elantxobe, eta berau bisitatzeko onena, Ogoñoko begiralekuetara igotzea da.
  • Estekak: Ibilbidea
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Kareharrizko Ogoño izeneko mutur ikaragarriaz babesturik, Elantxobeko (Bizkaia) arrantza portua berezi ageri da bisitarien aurrean. 1524. urtean zegoen arrantzale kopuru txiki bat izan zen Elantxoberen jatorria, eta, denboraren poderioz, inguruko herrietako lagunekin handituz joan zen kopurua. Elantxoko nekazaritzagunearen beheko aldean Elantxobe sortu zenetik (Elantxobe: Elantxo behea), arrantzale herria itsasoak emandako baliabideetatik bizi izan da. Mendeetan, balea-arrantzaleen komunitate bat bizi izan zen. Talaiariak abisua eman ostean, gizon gutxi batzuk txalupetan irteten ziren balearen atzetik. Ondora heldutakoan, arpoia sartu eta txalupari gogor eusten zioten, baleak ziztu bizian alde egin ohi baitzuen. Arrantzaleek ia zati guztiak aprobetxatzen zituzten: haragia, jateko; bizarrak, kortseen armazoiak egiteko; eta hezurrak, bitxiak eta hesiak egiteko. Koipea elkarteanbanatzen zuten.

Herriaren xarma berezia guztiz gozatzeko, proposamenik onena, herri gaineko behaketa lekuetara joatea da. Horretarako, autobus geltokitik abiatuko gara, aldatsean gora, zelan ez. Ehun bat metroan Ogoño adierazten duen kartel bikoitza ikusiko dugu. Eskuinetik jarraituko dugu (IM), marka zuri-gorriekin bat, ezkerrekoa itzultzeko erabiliko baitugu. Berehala eskuinerajoko dugu, hormigoiari bizkarra emanez. Bista ederra izango dugu ezkerrean utzitako etxeko behatokitik.

Gorantz minutu batzuk egin ostean, burdin hesi artera sartu eta beherantz segituko dugu bide belartsuan. Txiri-txiri ekingo diogu jaitsierari, laprast ez egitearren. Hortik aurrera, gurbitzak eta arteak nagusituko zaizkigu. Tarteka eremu nahasgarria izan badaiteke ere, marka zuri-gorrien laguntzaz ez dugu aparteko zailtasunik izango bide onari eusteko.

Hasi eta 45 bat minutura aldats serio bati egingo diogu aurre. Izerdia ederto botata helduko gara zabalgune batera, non paisaiak aho zabalik utziko gaituen. Arreta handiz beheratuko gara, berriro artadian sartuta. Basotik irten eta ikurrina pintatuta daukan haitz panoramikoa zapalduko dugu. Tontorra aurrez aurre, leku egokia daukagu mokadu bat eta atsedenaldia hartzeko. Hortik aurrera, marka zuri-horiei jarraituko diegu.

Talaia utzi eta ordu laurden batera, harriak bide eroso bihurtuta, seinalerik gabeko zutoin batera iritsiko gara (harri piloak). Ezkerreko zidorretik tontorreraino bertaraino igotzen badugu (Ogoño, 305 metro), hamar minutuan erpin geodesikoa eta buzoi biak ikusi ahalko ditugu. Bide beretik jaitsiko gara eta, behin elkargunean, ezkerretik jarraituko dugu.

Ehun bat metro aurrerago, eskuinera jo,eta minutu bian legar pistarekin bat egingo dugu. Pauso batzuk emandakoan, bide zabala albora utziko dugu, ezkerrera sartzeaz bat. Kilometro erdian errepidera irtengo gara, eskuinera eginez. Porlanean behera, bista ederrak izango ditugu hilerriraino. Ezkerrera eta behera joko dugu hor, eta hamar minutu igaro aurretik, berriro autobus geltokianizango gara. Minutu batzuk igaro ditzakegu ondoko San Nikolas Barikoa bisitatzen. Elantxoben dagoen zabalgune bakarraren gainean dago, arrantzaleen etxez inguraturik. 1803. urtean eraiki zuten, itsasgizonen kofradiari esker, eta urtero, abenduaren 6an, erromeria eta umeen jokoak izaten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.