Eskalada

‘Susi’ bidea (200 m, 5b), Eginon

‘Elmer’ eta ‘Udaberri’ bideen ondoren, ‘Susi’ izan zen Antxon Gorrotxategik Eginoko Larreñigiko haitzetan ireki zuen hirugarren eskalada bidea, bide luzea, bikotekideari eskainia.

Eginoko 'Susi' bidea
Bidearen luzeetako bat eskalatzen. XABIER MUJIKA
Eskalada. Susi bidea (Egino)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Egino, 'Susi' bidea
  • Distantzia: 200 m (5 b)
  • Iraupena: 2 ordu eta 40 min
  • Ingurunea: Egino
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Aurrez zabaldutako beste bi bideekin egin zuen moduan, hirugarren honetan ere parabolt guztiak berak jarri zituen, eskuzko aparatu batekin, zulatzeko makina mekanikorik erabili gabe. Imajina dezaket nolako lan gogorra izan zen bidea aseguratzea. Bideari berari dagokionez, Eginon dauden beste bideen estilokoa da, eskalada luzeak eta oinezko zatiak tartekatzen dituena.

Bidearen datu batzuk

Luzera: 200 metro.
Luze kopurua: 6.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategik, 2009ko udazkenean.
Zailtasuna: 5b. Luzez luze: 1L: IV+ (40 m), 2L: 5b (35 m), 3L: IV+ (25 m), 4L: V (30 m), 5L: V (35 m) eta 6L: III (35 m).
Orientazioa: Hego-ekialdea; arratsaldean itzalpean egoten da.
Ura: Eginoko iturrian.
Hurbilketa: Eginotik 20-25 minutu.
Jaitsiera: Aztorea eta Usoa haitzetatik jaisten den bideari jarraituz. Bidearen amaieratik autora 35-40 minutu inguru behar da.
Materiala: luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animalia eta hegaztiei trabarik ez sortzeko.
Bidea eskalatzen pasatutako denbora: 2 ordu eta 40 minutu.

Deskribapena

Lehen luzea, 40 metro, IV+. Tentetuz doan harkaitz plaka bat eskalatzen hasiko gara, zertxobait eskuinalderako noranzkoan. Plakaren punturik tenteenean topatuko ditugu luzearen zailtasunik handienak. Zati bertikal horren ondoren, bilgunera daraman beste plaka bat eskalatu beharko dugu. Eskuinetik errazago eskalatzen da plaka hori.

10-15 metro inguru eskuinera doan sasi-bidexka bati jarraituz, bigarren luzearen oinera iritsiko gara.

Egino, 'Susi' bidearen krokisa
Bidearen kokapena, Eginiko eskolan. XABIER MUJIKA

Bigarren luzea, 35 metro, 5b. Bigarren luzeak bi plaka bertikal ditu eta bien artean atseden txiki bat hartzeko aukera izango dugu. Lehenengoan pauso fin bat egin beharko dugu aseguruetara iristeko. Zertxobait eskuinera jo ondoren, bigarren plaka eskuinetik errazago eskalatuko dugu.

Oinez gora metro batzuk egin eta 15 metro ibili ondoren, ezkerrean dagoen plaka etzanaren oinean hirugarren luzearen hasiera topatuko dugu.

Hirugarren luzea, 25 metro, IV+. Itsasgarritasunezko plaka etzan bat eskalatzen hasiko gara. Ondoren, horma zertxobait tentetu eta luzeak eskuinera jarraitzen du ia zeharkaldi horizontal bat eginez. Zeharkaldiaren amaieran bilgunera iritsiko gara.

Laugarren luzearen oinera iristeko arte batzuen artetik pasatu eta 20 metro inguru ibili ondoren, parean dugun hormaren azpira joko dugu.

Laugarren luzea, 30 metro, V. Pixkanaka gero eta bertikalagoa den plaka bat eskalatuko dugu, sabai txiki batera heldu arte. Arrakalaz beteta dago plaka hori. Sabaia eskuinetik eskalatu ondoren, bilgunera iritsiko gara.

Bosgarren luzearen oinarrira iristeko, laugarren bilgunetik atera eta ia horizontalean, sasi-bidexka bati jarraituko diogu; hala, eskuinera 60 metro inguruko zeharkaldi bat egingo dugu haritz nabarmen batera iritsi arte. Haritzaren atzeko horman Susi izena duen harritxo bat topatuko dugu.

Bosgarren luzea, 35 metro, V. Itsasgarritasunezko plaka bat eskalatuko dugu lehen metroetan. Plaka tentetzen hasten denean, haren ertzetik gertu eskalatuz, arrail bertikal batera iritsiko gara. Barrutik nahiz kanpotik eskalatu daiteke arrail hori. Arrakala eskalatu ondoren, bilgunera iritsiko gara.

Seigarren luzea, 35 metro, III. Hasieran, plaka eskalatuko dugu ertzetik, eta hormatxo bertikal bat ondoren. Igoera erraz baten ondoren, uztaidun parabolt bat duen harkaitz batera iritsiko gara. Arte txiki bat eskuinean utzita, harkaitz honen ezkerretik eskalatzen jarraituko dugu beste 10 metro inguru, eta azkeneko bilgunera iritsiko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.