Mendiko bizikleta

Santxosolo mendilerroa, Enkarterriko behatokia

Santxosolo mendilerroa, Enkarterriko behatokia.
Santxosolo mendilerroa, Enkarterriko behatokia.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Aranguren, Ilso, Rigadas lepoa, Bolunburuko kastroa, Bolunburuko burdinola
  • Distantzia: 31,8 km
  • Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2023ko urriaren 13a
00:00

Mendilerroa ez ezik, Bolunzuloko kastroa ezagutzeko aukera ere izango dugu, Bigarren Burdin Aroko herrixka harresiduna.

Santxosolo mendilerroari Trasmosomos ere deitzen diote. Bizkaian dago, eta Balmasedatik Soduperaino heltzen den mendikatea da. Iparraldetik Cadagua ibaiak, eta hegoaldetik Rodaiega eta Herrerias ibaiek mugatzen dute. Agian ez da mendilerro oso ezaguna, baina Enkarterriko behatoki ezin hobea dugu.

Leila eta Kike ditut bidelagun gaurkoan; Arangurengoak dira; gidari ezin hobeak, beraz. Herrian dagoen bizikleten garbitokian elkartuko gara (85 m), Enkarterriko Mankomunitatearen eraikinetik gertu. Handik, Zallako Eroskirantz abiatuko gara, eta, BI-3602 errepidetik, hegoalderantz jarraituko dugu, bigarren biribilgunearen ondoren lehenengo irteera hartuz. Industrialde txiki bat gainditu ostean, ezkerrera biratuko dugu, BI-636 azpitik igaro, eta eskumara La Peñuela auzoaren norantza hartzeko.

Auzo lasai hori zeharkatzen duen pistan aurrera eginez, errepide batekin egingo dugu topo, zeharkatu beharrekoa, ondoren hegoalderantz doan legarrezko pistatik La Cuba sakanean aurrera eginez. Hor hasiko da eguneko igoerarik luzeena. Basoan barrena bide nagusiari sigi-saga jarraituz, basozainaren txabolaraino iritsiko gara.

Metro batzuk aurrerago, lainoztatze lanetarako erabiltzen zen aireportu zaharraren zelaigunea dugu. Bertan, Ilsoko gailurrera zuzenean eramango gaituen xenda topatuko dugu. Gailurrean (563 m), ikurrina, bai Enkarterri ia osoa zein Gorobel mendilerroa miresteko behatokia, eta Zalla, Gueñes eta Gordexola elkartzen diren mugarria topatuko ditugu.

Mendilerro belartsutik mendebaldera jarraituz, Ilso Lagunako egurrezko dorrera hurbilduko gara; beste aparteko behatoki bat. Jaitsiera bizkor bat dugu aurretik, aireportu zaharrera bueltatu, eta hura amaitzen den arte jarraituko dugu. Han, xenda batek beherago dagoen pistara eramango gaitu (484 m). Hegoaldera jarraituko dugu, basoaren gerizpean Lanzagorta mendiaren ipar magala igaro, eta Rigadako lepora iritsiko gara.

Lepoa atzean utzita, bada bidegurutze bat, eta, han, zuzen gora joko dugu, Somogudo inguratuta. Sigi-saga patxadaz gora eginez beste behin, Rioya mendiaren gailurraren azpian kokatuko gara (594 m); bertan, bidea, altuera mantenduz ipar-mendebaldera biratuz doa, eta ikuspegia urrun luzatzen da; gozatzeko zatia da. Somokurtzio eta Trasmosomos gailurren artean gaudela, eskumara metro batzuk behera egiten duen bidea topatuko dugu; Fuentefria iturrira darama, freskatzeko aukera ona. Gure bideari jarraituz, Trasmosomos azpian dagoen monolitora iritsiko gara. Zulotik Eretza mendia ikusten da.

Jaitsieraren hasiera

Bertan emango diogu hasiera jaitsierari, hurrengo lepoan eskumara biratuz. Bide apurtu horrek pista zabal batera eramango gaitu; han, ezkerrera joko dugu, La Brena askaldegira iristeko asmoz. Hango hesiari jarraituta, parkea inguratuz, behera egiten duen bidea topatuko dugu; horrek behatoki batera eramango gaitu. Zuhaitzen artean Bolunburuko kastroa ikusten da. Pistan behera eginez, erraz topatuko dugu harresidun herrixka aurkitzen den El Cerco gailurrera igotzeko bidea. Hainbat horma-irudi Burdin Aroko kastro horretako bizitzaz mintzo zaizkigu.

Aurreko bidera bueltatuz, La Herrerako hilerrira abiatuko gara, BI-3651 errepidearekin bat egin, eta Bolunburuko monumento multzora daraman bidegorritik jarraituko dugu. Hala, Santa Ana baseliza (1610. urtea), Bolunburuko dorretxea eta burdinola atzean utziko ditugu; Cadagua ibaiaren kontrako isurialdera zeharkatu aurretik, tabernan geldiune bat egin ahalko dugu.

Egurrezko zubia zeharkatu ostean, ibaitik hurbil mantentzen saiatuko gara. Kiroldegian Cadagua zeharkatuko dugu, beste behin, Eroskira gerturatu, eta, hango aparkalekuaren amaieran, ibaiaren ondotik hartuko dugu gure abiapunturaino doan bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.