Mendi ibilaldia

San Donato aldeko oparotasuna

Aldaiako mendiek Zadorra eta Barrundia ibaien arroen arteko hesi orografiko txiki bat osatzen dute, ezin egokiagoa erkameztiekin eta artadiarekin lotutako ekosistema ulertzeko.

Aldaiako basoa. Erkametz ederrak ikusiko ditugu San Donato aldean. JOSEAN GIL GARCIA
Aldaiako basoa. Erkametz ederrak ikusiko ditugu San Donato aldean. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Aldaiako mendiak
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Audikana, Aldaia, Zabaletako lepoa
  • Distantzia: 9 km (225 m+)
  • Iraupena: 2 ordu eta 15 minutu
  • Ingurunea: Aldaiako mendiak
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2024ko otsailaren 28a
05:15

Barrundiako udalerriari dagokion herri osoki atsegingarria da Audikana. 1885era arte udalerriko kontzeju bilerak egiten zituzten han, lekukoa Ozetari eman arte. Historialariek gogora dakarrenez, ospitale bat izan zen han behiala. Izan ere, Audikana herria Leintz Gatzaga eta Agurain hiribilduak lotzen zituen harbide maiztuan zegoen. Anitz korapilo interesgarrian, beraz. Herriko tenplu gotortuari erreparatu besterik ez da iraganaz jabetzeko.

Mendeak gorabehera, ordea, interesgunea Audikanatik gertu dauden mendietan iltzatu da. Harresi baten antzo goititzen dira mendiok, eta, ingurumenean daukaten interesarengatik, kontserbazio bereziko eremu izendatuak zituzten 2014an. Audikanako naturaren oparotasuna ezagutze aldera, ibilbide erraz bat deskribatuko dugu segidan.

San Donato aldekoa

Audikanan (Barrundiako udalerria, Araba) emango diogu hasiera Aldaiako tontorreraino doan ibilbideari. Autobus geralekua, kirol-eremua eta baskula dauden tokia oso egokia da autoa uzteko. Aparkalekutik irten, eta errepidean behera egingo du, Txarreka kaleari jarraituta. Lehen pausoak eman eta berehala, begi biko zubi zaharra (XIV.-XV. mendekoa) ikusteko parada dugu. Egungo kokapena bitxia bada ere, pentsatu beharra dago Zadorra ibaia handik igarotzen zela behiala, desbideratu zuten arte.

Gasteiz eta Agurain hiribilduak lotzen dituen errepidera iristean, asfaltoa gurutzatu, eta Luzibar eta Orikitxa leku izenak dakartzaten taulatxoei jaramon egingo diegu. Postaren Errege Bideari dagozkion tinda horiko markak ikusiko ditugun han. Aldaiako mendietara doan zidorrarekin bat eginda ere, komeni da basabide nagusitik ez irtetea. Alta, bada, zidor historikoa segituan utziko dugu; lehen bidebanatzera iritsitakoan, hain justu ere. Hortaz, eskuinean lagako dugu, XV. mendean Gasteizera heltzeko, baita Aguraingo hiribildutik zetorren Donejakue bidea ordezkatzeko ere, erabilia izan zen bidea.

Urbinako larreetara iritsiko gara ziztuan. Bidebanatzean, Etura herrira doana bazter egin, eta zuzen-zuzen jarraituko dugu. Barrera bat ikusiko dugu laster, basoarekin bat egindakoan. Bertoko alanbrea zeharkatu, eta San Donato aldeko sakanean aurrera egingo dugu. Errekastoa lagun, urratsak egingo ditugu erkameztian barrena. Paradoxikoa izanda ere, artadia (Quercus ilex) goraxeago ikusiko dugu, gailurretako eta eguteretako paraje ederrak janzten. Haran-hondoko lurzoru sakonenak, ordea, erkameztiak (Quercus faginea) okupatuko ditu eta, San Donato aldeko kasuan bezalaxe, tamaina handiko eta enbor sendoko aleak ikusteko parada izango dugu ibilbidean. Deigarrienak, akaso, sakan bera korritzen duen errekastoaren parean daudenak.

Aldaiako tontorra

Ibarrean gora eginda, Errege Bidea agertuko zaigu. Eskuinetik ekingo diogu orduan, eta zehar-zehar jarraituko. Larreko atakaren inguruan bide sarda batera helduko gara. Mendi lerrora igotzeko abagunea delarik, ezkerrera egin eta, deblauki, alanbre parean doan basabideari men eginez, goratasuna hartzen jarraituko dugu. Barrundiako ibar luzea bistan agertuko zaigu. El Raso edo Karelabe-ko atakatik igaro, eta Aldaiako tontorrera iritsiko gara hatsanka ibili gabe. Aizkorri-Aratz natur parkeko gailur nagusiak altxarazita ikusiko ditugu Aldaiatik, baita Barrundiako ameztiez emokatutako bazterren gainetik Elgea-Urkilla mendilerro luzea ere.

Paisaiaz bapo gozatu eta gero, Audikanara jaitsiko gara. Hori bai, Etura herritik igaroko gara ibilbideari amaiera eman aurretik. Horretarako, tontorreraino iristen den basabide zabaletik joko dugu. Gebarako gazteluaren hondarrak bistan ditugula, artaditik zehar joango gara goratasuna galduz, astiro-astiro. Tontorretik 25 minutu inguru emango ditugu Zabaletako lepora iristeko. Barrera bat ikusiko dugu han, baita leku izen hori dakarren mugarri txikia ere. Langa gurutzatu gabe, basabide nagusitik jarraitu, eta Eturara iritsiko gara. Kale Nagusiari jarraikiz, herriko pilotalekuaren eta elizaren artetik doan porlan bidean behera egingo dugu. Beheko iturrian, eskuinera hartu eta ehunka metro egin ostean, ezkerrera joko dugu. Hala, Landarte parajean sartu gabe, Urbinako larreetara iritsiko gara berriz. Audikanara helduko gara, Postaren Errege Bideari helduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.