Mendi ibilaldiak

Sakanako Ibilaldiak Nepalgo ospitale bat amaitzen lagunduko du

Apirilaren 29an izango da Hiru Ermiten Martxa. Irurtzungo Iratxo Elkarteak, ibilaldiaren antolatzaileak, Iñaki Otxoa de Olza-SOS Himalaya Fundaziora bideratuko du mendi martxarako izen-ematearen ehuneko bat. Antolatzaileek 1.200 partaide baino gehiago espero dituzte.

Makaluko eskualdean eraikitzen ari diren ospitalea. SOS HMALAYA
ramon olasagasti
2023ko apirilaren 20a
08:52
Entzun

Datorren apirilaren 29an, larunbatez, egingo da Sakanako Ibilaldiaren 32. edizioa, eta Irurtzun, inoiz baino solidarioagoa izango da. Hiru Ermiten Martxak San Donato, Aralarko San Migel eta Trinitate ermitak lotzen ditu, ibilbide ikusgarrian, eta Euskal Herri osoko mendizaleak erakartzen ditu. Aurten, 1.200 partaide baino gehiago espero dituzte, eta antolakuntzak izen-ematearen zati bat (17 eurotatik 2) Makalu zortzimilakoaren eskualdean (Nepal) ospitale bat amaitzeko lanetara bideratuko ditu. Horixe da, hain zuzen, Iñaki Otxoa de Olza-SOS Himalaya Fundazioak azken urteotan bultzatu duen proiekturik garrantzitsuenetako bat.

«Nepalen 20.000 pertsona baino gehiagori emango dio zerbitzua ospitale horrek», azaldu du Elena Sagaseta Fundazioaren koordinatzaileak mendi martxaren aurkezpenean. «Ospitale hori gabe, Makalu bailarako biztanleek hurbilen dagoen hurrengora jo beharko lukete, eta oinez ia egun batera dago hurrengo hori», Sagasetak jakinarazi duenez. Ospitalearen proiektua 2019an sortu zen, eta gerozko hiru urteotan Fundazioa buru-belarri aritu da horretan lanean.

2008an Annapurnan hil zen Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen familiak sortu zuen SOS Himalaya Fundazioa, Iñakik Himalaiako mendi eta herri haietan abiatutako asmoei jarraipena eta bultzada emateko. Azken urteotan, Nafarroan antolatutako mendi martxetako bat Iñaki Otxoa de Olzaren oroimenezkoa izan da: 2019an Izabakoa, 2021ean Ezkabakoa eta aurten Sakanakoa. “Asmoa da urtero martxa desberdin batek hartzea Iñaki Otxoa de Olzaren oroimenezkoa, hartara txandakatzen joateko”, iragarri du Martin Montañes, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidenteak.

«Hiru ibilbide daude aukeran eta guztiontzako moduko jarduera da, eremu paregabean», adierazi du David Malo Nafarroako Kirol Institutuko kideak. Antolatzaileek eta babesleek iazko 1.200 partaideak gainditzea eta 2019ko kopurura iristea espero dute (1.420 mendizale atera ziren orduko hartan). «Badaezpada 1.600 kamiseta erosi ditugu», jakinarazi du Iratxo Elkarteko Manolo Morenok.

Iratxo Elkarteko, SOS Himalaya Fundazioko, Nafarroako Mendizale Federazioko eta Kirolaren Institutuko ordezkariek aste honetan aurkeztu dute ibilaldia. Iratxo Elkartea

Izaera solidarioa izateaz gain, Sakanako Ibilaldiak ingurumena zaintzeko ahalegin berezia egingo du aurten. Hori dela eta, edalontzi birziklagarriak erabiliko dira anoaguneetan, baina mendizaleei deia egin diete ahal dela nork bere edalontzia eramateko eta seinaleak eta ibilbidea errespetatzeko, ahalik eta aztarna txikiena uzteko bideetan. Ahalegin horri aitortza egin dio aurten bertan Zirkuituak (Euskal Herri osoan iraupen luzeko mendi martxak antolatzen dituen elkarteak), bideak eta ingurune naturala hobekien zaindu dituen elkartearen saria (400 euro) eman baitio Sakanako martxari. «Sari horrek bultzada handia ematen digu jarraitzeko, eta gure inguru zoragarriari ere aitortza egiten dio», adierazi du Morenok harrotasunez.

Hiru ibilbide aukeran

Sakanako mendi martxa Euskal Herriko iraupen luzeko mendi martxen zirkuituko ederrenetakoa eta gogorrenetakoa da. Ibilbide luzeak 55 kilometro eta 3.388 metroko desnibela ditu. Irteera goizeko 6:00etan izango da Irurtzundik, eta mendizaleak San Donato, Aralarko San Migel eta Irurtzungo bertako Ergako Trinitatea ermitetara igoko dira.

Beste bi ibilbide laburrago ere izango dira aukeran. Laburrak, 25,5 kilometro eta 1.440 metroko desnibel metatua izango ditu, eta Larrazpilen egingo du bat ibilbide luzearekin, Itxasberri eta Madotz igaro ondoren. Ibilbide honetakoak goizeko 8:00etan abiatuko dira.

Azkenik, proba txikia esaten diotena, 14 kilometro eta 736 metroko desnibelekoa, 9.30ean abiatuko da eta Ergako Trinitatera igo ondoren, Latasatik barna Irurtzunera itzuliko da.

Ibilbide guztietarako izen-emateak apirilaren 25era arte egin ahal izango dira Zirkuituaren webgunean. Prezioa 17 eurokoa da ibilbide luze eta laburrerako eta 14 eurokoa proba txikirako (16 urtetik beherakoentzat, 6 euro). Familia ugarientzat eta langabezian daudenentzat, berriz, 5 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.