Mendiko bizikleta

Saibi, odolaren mendia

Gorbeia eta Urkiolako natur parkeen mugetan ibiliko gara oraingoan pedalkadaka. Paisaia ederren artean, historia gordinaren lekuko izan zen mendia izango da gure jomuga.

Saibi gailurra
Behatoki paregabea da Saibi: Alluitz-Anboto mendilerroa beste inondik baino hobeto ikusten da, oso-osorik. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Saibi
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Barazar mendatea, Ubide, Otxandio, Urkiola, Saibi, Dimako mendatea, Zumeltza
  • Distantzia: 42,4 km
  • Iraupena: 4 ordu
  • Ingurunea: Urkioa, Gorbeia
  • Estekak: Barazar-Saibi
Ivan Ruiz.
2024ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun

Dima eta Urkiolako mendateen artean dago Saibi, eta inguruko mendietatik aparte ageri da: gune estrategikoa da Gasteiz eta Durango arteko bidean. Horrek eragin zuen 1937. urteko apirilaren 6a eta 15a bitartean, gatazka odoltsu bat izatea Francoren aldeko eta Eusko Gudarostearen aldeko batailoien artean. Lekua gorpuz josita geratu zen, eta hortik Odolaren mendia deitzea. Baina, iraganeko gertaera ilunetatik at, badu zer eskainia Gorbeia eta Urkiolako natur parkeen artean dagoen eremuak; horrela, pinudi, pago  motz eta altzifre baso ederren artean pedalkadaka arituko gara gaurkoan.

Barazarreko portuan du hasiera ibilbide honek (607 m). Saldropoko hezegunerantz daraman pista hartuta, lehenengo bi bidegurutzeetan ezkerrera jo eta Otzarretako pago motzen baso ospetsura iritsiko gara. Pagadia zeharkatuta, Arralde eta Eneabe mendien arteko sakana jarraituz, pista eroso batek Undabe ibairaino gidatuko gaitu. Haren urei jarraikiz, Ubidera iritsiko gara. Bertan, 1540. urteko San Joan elizara hurbilduko gara, Iruña-Veleia eta Bizkaiko kostaldeko hainbat herri lotzen zituen Errege Bidearen galtzadaren aztarnak behatzeko.

Iparraldera doan pistari jarraituz, erreka zeharkatu eta N-240 errepidearekin bat egingo dugu. Barazarreko mendatearen noranzkoan aurrera eginez, Aldundiaren silo baten ondoan, Zubizabalako pista topatuko dugu, Zeanuriko zuhaitz-etxeen artean gora eramango gaituena eta Munduko oihandar guztiei monumentuan (1966. urtekoa) gaina duena (695 m).

Otzarreta, Saldropoko hezegunetik gertu dagoen pagamotz baso ospetsua
Otzarreta, Saldropoko hezegunetik gertu dagoen pago motzen baso entzutetsua. IVAN RUIZ ROTAETXE

Pista hegoalderantz hartu beharra dugu orain, ezkerrean, pinudi batean, PR margo txuri-horiak topatzen ditugun arte. Xenda honetaz baliatuko gara Mekoletatik datorren bidearekin bat egin eta Presazelaiko pago motzen basora hurbiltzeko. BI-4543 errepidea hartuko dugu, eta, Oletaerreka zeharkatutakoan, PR-BI 51 xenda hartuko dugu, ibaiaren ondotik, Otxandioko herrigunera (559 m) iristeko.

Otxandioko kanposanturantz abiatuko gara ondoren, PR-BI 52 bideari Olazarreko pago motzen baso magikoan barrena jarraitzeko. Hontza Extrem abentura parkearekin egingo dugu topo Oletako errepidearekin bat egin baino lehen. Horri ezkerrera jarraituta, Kortatxoko erreka zeharkatu baino lehen PR bidea hartuko dugu, eta langa gaindituta, GR-38 hartu ordez, ezkerreko bidetik Basobaltz mendirantz luzatzen den mendilerroa segituko dugu. Horrela, Urkiolaraino iritsiko gara, Antonio Santuen santutegiari (737 m) eta Hiru Gurutzeen behatokiari bisita eginez.

Urkiola mendateko kontrako isurialdean, Toki-Alai harrera lekura abiatuko gara. Handik, Saibira daraman PR-BI 80 xenda hartuko dugu hasieran, ondoren Saibitxiki inguratu eta hegoaldeko magaletik Saibiren gailurrera (954 m) iristeko. Goian, Durangaldeko mendien ikuspegi apartaz gain, eroritako soldadu frankistak omentzeko eraiki zen harrizko gurutzea topatuko dugu, 1976. urteaz geroztik errepublikaren aldeko hildakoak omentzen dituena.

Jaitsiera hegoalderantz egingo dugu, PR-BI 80 bidea hartuz intersekzio batera iristen garen arte (785 m). Xenda hego-mendebalderantz segituz, Dantzalekuko lepotik (718 m) igaroko gara, eta han, hesiaren bestaldean, GR-12a hartuko dugu Zumeltzako noranzkoan. Zumeltzara iristean, harritu egiten gaitu aerodromo zaharrean La Tregua filmaren eszenatokia eraikitzen ari direla ikusteak. Dimako portua zeharkatuta, Altunganara daraman pista hartuko dugu, gailurra inguratuz, Barazarrera jaisteko azkenik.

BTTko ibilbidea. Saibi
BTTko ibilbidea. Saibi

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.