Eskalada

'Rock Circus', Arbarako harrobiko beste harribitxi bat

Ziordiko Arbara ekialdean zabaldutako beste bideetako bat da 'Rock Circus', 240 metro luzekoa. Ziordiko harrobitik aurrera, eskaladako harrobi bihurtu da Arbara, eskalada luzean trebatzeko eta gozatzeko.

Ziordiko 'Rock Circus' bidea
Bidearen laugarren luzea eskalatzen. XABIER MUJIKA
Eskalada. Ziordia
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Arbara ekialdea, 'Rock Circus'
  • Ingurunea: Ziordia. Arbara mendiaren ekialdean dagoen bide eder eta luze (240 metro) horietako bat da, sei luzekoa, Antxon Gorrotxategik, Javier Barbarinek eta Gerardo Bilbaok 2016an irekia.
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2024ko ekainaren 5a
05:00

Rock Circus Ziordiko Arbara ekialdean dauden bide eder eta luze (240 metro) horietako bat da, Antxon Gorrotxategik, Javier Barbarinek eta Gerardo Bilbaok 2016an ireki zutena. Duen orientazioagatik, ura eramatea komeni da, udan batez ere, eguzkiak goizetik gogoz jotzen baitu. Egokiena da lan egunetan autoa Ziordian bertan uztea eta horman muntatuta dagoen rappel lerrotik jaistea, Ziordiko harrobia irekita egoten baita. Bide hau eskalatzeko, hamabost zinta express eta bilguneak muntatzeko zinta uztaiak beharko ditugu. Hala ere, autobabeserako materiala eramatea gomendagarria izan daiteke, baita walkie-talkie pare bat ere, bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animaliei eta hegaztiei ez molestatzeko.

Bidearen hasiera, egunkari honetan aurretik azaldutakoIratibidearen oinetik 20-25 metro eskuinera dago.

Lehen luzea, II-III, 25 metro.

Harkaitz plaka inklinatu bat eskalatuko dugu; gero, horma etzan egiten da bilguneraino.

Bigarren luzea, 5b+, 55 metro.

Zertxobait atzeraka egiten duen horma bat eta diedro itxurako pasabide bertikal eta motz bat eskalatuko ditugu, eta babariar moduan eskalatzen den harlauza bertikal batera iritsiko gara. Harlauza eskalatu ondoren, ur tantez osatutako horma bertikal bat eskalatu eta ezkerrera diagonalean pixkanaka jarraituko dugu, tximinia bat eskalatzen hasteko. Tximinia horretan topatuko dugu bilgunea.

Hirugarren luzea, 4b-4c, 45 metro.

Tximinia metro batzuetan eskalatzen jarraitu eta eskuineko hormara pasako gara, plaka bertikal bat eskalatzen hasteko. Plaka bertikaltasuna galduz doa pixkanaka, bilgunera iritsi arte.

Laugarren luzea, II, 20 metro.

Metro pare bat bilgunetik gora eskalatu eta eskuinera doan belardun erlaitz horizontal bat amaiera arte zeharkatuko dugu, bilgunera iristeko. Ez nahastu erlaitz honen erdian dagoen beste bilgune batekin, bilgune hau rappel lerrokoa baita.

Bosgarren luzea, 5c+, 50 metro.

Horma eta plaka bertikal bat eskalatzen hasiko gara. 25 metro ingurura helduleku gutxi dituen zeharkaldi horizontal eta fin bat egin beharko dugu ezkerrera. Ondoren, plaka bertikala eskalatzen jarraitu eta goitik dugun sabaia eskuinetik ezkerrera diagonalean zeharkatzen duen erlaitza amaiera arte eskalatuko dugu, sabaia eskuinean utziz. Erlaitz inklinatu honen amaieran bilgunea topatuko dugu.

Seigarren luzea, 5b, 45 metro.

10-15 metro inguru oinez egin ondoren, plaka tente eta motz bat eskalatuko dugu —gomendagarria izan daiteke luze hau bertan hastea, soken marruskadura indarra saihesteko—. Plaka motz honen ondoren, ur tantez osatutako horma bertikal bat eskalatuko dugu, helduleku alderantzikatu bat duen pasagune batera iritsi arte. Pasagune honen ondoren sabai txiki bat eta horren eskuinean dagoen tximinia itxurako bat eskalatuko ditugu, bilgunera iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.