Mendi ibilaldia

Quintanillako tini gotortua

XIX. mendeko dorre optiko batzuk ikusteko aukera dago Arabako herrialdean; Quintanillako talaian altxatu zutena, besteak beste.

Quintanillako dorrea
Quintanillako dorrea komunikazio telegrafikoa bermatzeko altxatu zuten, eta, ondoren, Bigarren Karlistaldian, gotortu egin zuten. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Quintanillako dorrea
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ribabellosa, Somoko lepoa, Quintanillako dorrea, Quintanilla
  • Distantzia: 10,5 km (225 m+)
  • Iraupena: 3 ordu
  • Ingurunea: Añana aldea, Erriberabeiti
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2025eko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun

Komunikazio telegrafikoak egundoko garrantzia hartu zuen XIX. mendeko lehen hamarkadetan. Miranda eta Gasteiz hiriak komunikatzeko lanak abiatu ziren orduan, Quintanillako mendia gune estrategikoa zelarik. Alabaina, karlistaldiaren garaian hainbat kokagune oso gutiziatuak izan ziren, eta Quintanillako tinia ez zen salbuespena izan. Izan ere, Argantzongo estugunea eta Zadorrako blokeo lerroa zazpi begiz zaindu beharra zegoen, eta Erriberabeitiko pasabidea ezin egokiagoa zen batzuen eta besteen defentsarako.

Komunikazio sistema optikoak beste bultzada bat izan zuen geroago, 1846an. Madril eta Irun hiriak lotu nahian, dorre berriez emokatuak izan ziren bazterrak. Esaterako, Igaiz muinoan (Quintanilla) aurreikusia zegoen dorre optiko «berri» bat, Pascual Madoz adituak bere hiztegi estatistikoan jaso zuen legez. Bederatzi urte geroago, haatik, telegrafia elektrikoa nagusitu  zen Europan, eta telegrafo optikoaren gainbehera etorri zen zalu. Baina, XX. mendeko 70eko hamarkadan Bigarren Karlistaldia piztu baitzen gurean, gune batzuk gotortu behar izan ziren berriro. Hala, Quintanillako dorreko babesen osagarria da gaur egun ikusten dugun lubanarro dotorea.

Harbide zaharra

Ribabellosako elizaren aurrean emango diogu hasiera Quintanillako dorreraino eramango gaituen ibilbideari. Eliza inguratu eta ibarrean gora doan errepidea utzi ostean, eskuinera egin eta hilerriaren paretik jarraituko dugu. Betiere Donejakue bidea gidari, landabidean aurrera egingo dugu. Altarribas muinoa inguratu eta AP-68 autopistako tunelera iritsiko gara berehalakoan. Ilunpetik irten eta eskuinera joko dugu. Ezkerretik irteten den lehen nekazari bidea alde batera utziko dugu oraingoz. Alta, bide zahar horrek Ribabellosa eta Manzanos lotzen ditu, eta itzulera egiteko baliatuko dugu. Beraz, bigarren bidegurutzera iritsita, ezkerrera jo eta goratasuna hartuz joango gara baratx-baratx. Behialako galtzaren arrastoak aise agertuko zaizkigu. Ehunka metroko trazadura bada ere, bidaztiak erraz ulertuko du Armiñon eta Ribabellosa herrien arteko behialako harbidea zertan zen. Somoko aldatsa amaitzen denean, gainera, aukera izango dugu ibilbideari buruzko jakingarriak irakurtzeko.

Quintanillako latsarri-edanleku-iturria
Quintanillako latsarri-edanleku-iturria. JOSEAN GIL-GARCIA

Maldan behera hasiko gara gero, eta Armiñon aldera bideratuko ditugu gure pausoak. Ur biltegira iritsita, bide nagusia utzi eta ezkerrera egingo dugu. Minutu batzuk nahikoa izango dira erkametz eder batzuen ondora iristeko. Orduan, eskuinera egin eta aldats gora abiatuko gara. Aldapa amaituta, bat egingo dugu Armiñondik datorren nekazari bide zabalarekin. GR-1 zidorraren arrastoak agertuko dira han goian. Ezkerretik jarraituko dugu orduan, GR-1ari eta Sei Elizen Ibilbideari dagozkien markak bazterrean lagata. Basabidetik ehun metro inguru egin ostean, eskuinetik ikusiko dugun zidorrari helduko diogu. Aldapa pikoa bada ere, erraz hartuko dugu goratasuna, hatsanka ibili gabe.

Dorre gotortua

Hareharrizko tapizean gora, Sombrioko parajetik datorren basabidean utziko gaitu xenda bihurgunetsuak. Harrizko mugarri dotore batek markatuko du orduan Armiñongo lurren amaiera. Erkameztitik irtetean, ezkerrera egingo dugu bidea banatzean. Gorago, GR-1 zidorra batuko zaigu berriz ere. Betiere mendiguneko ertzetik aldendu gabe, Quintanillako dorrera helduko gara ziztuan, muinak urtu gabe.

Dorrearen ondotik igaro, eta mendebalderantz segituko dugu. Erkameztia besalagun, goratasuna galduz joango gara, bakan-bakanka. Quintanilla herrira iristear gaudela, ezkerrera egingo dugu bidebanatzean, eta herriko iturri-latsarrian pausua egingo dugu. Herritik barrena osteratxo bat egitea gomendagarria bada ere, guk ezkerrera egingo dugu bide sarda horretan. Metro batzuk baino ez ditugu egingo; izan ere, ezkerraldetik doan xendari men egingo dugu laster. Erkametz eta arteak gogaide, lehen utzitako bide zabalera irtengo gara gero. Orduan, ezkerretik segitu eta, desbideratzerik hartu gabe, Altarribas muinoaren inguruko tunelera iritsiko gara. Ale bietan labore soroak ditugula, Ribabellosa herrian itxiko dugu Quintanillako ingurubira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.