Mendi ibilaldia

Peñalrayo, Obarenia ikusmenean

Peñalrayo tontorra Obarenes mendietan altxatzen da. Behatoki ezin egokiagoa da Errioxako paisaiaz bapo gozatzeko.

Peñalrayo eta Avellanoko haitza lotzen dituen lerro malkartsua. JOSEAN GIL-GARCIA
Peñalrayo eta Avellanoko haitza lotzen dituen lerro malkartsua. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Peñalrayo
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Galbarruli, San Blas ataka, Peñalrayo, Montefuerteko lepoa
  • Distantzia: 6 km
  • Iraupena: 2 ordu
  • Ingurunea: Obarenes mendiak
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2024ko ekainaren 12a
05:00
Entzun

Obareniako eskualdea Errioxako (Espainia) ipar-mendebaldean dago, Burgosekin eta Arabarekin mugan-mugan. Arte erromanikoz emokatutako paisaia amiragarria ehuntzen da han, Obarenes mendiek anfiteatro paregabea osatzen duten hartan. Haro inguratzen duen paisaiaz gozatze aldera, Peñalrayo gailurra eta haren sekretuak erdigunera ekarri nahi izan ditugu oraingoan. Izan ere, hegoaldera begira dagoen kareharrizko hormatzarraren gaineko pulpitutik egundoko panorama zabaltzen da. Artadi-erkameztian gordetako zoko-moko ugari deskubritzeko parada izango dugu.

Galbarruli herrian (Errioxa, Espainia) hasiko gara ibilian. Miranda Ebrotik gerturatuta, Bardauri eta Tirgora doan errepidea hartuko dugu Ebro ibaiaz beste aldean, Mirandako alde zaharrean. Morcuerako errepidean gora eginda, San Miguel del Montetik igaro eta Sajazarra aldera jaitsita, Galbarrulira doan errepide estua topatuko dugu laster. San Esteban eliza (XIII. mendekoa) eskuinaldean laga eta herriko goialdean iturri monumentala, edanlekua eta latsagia ikusiko ditugu. Hirukoa, gainera, ederki eraberritua. Goraxeago zabaltzen den esparruan lagako dugu autoa. Ibilian hasiko gara talaia malkartsuek uzten duten paisaia katramilatuak mira eginda. Bide sardan, goratasuna hartzen doan nekazari bideari oratuko gatzaizkio, betiere San Blas bideari begia kendu gabe. Hala, ibar xumean gora arituko gara. Ur biltegi txiki bat ikusiko dugu laster, eta haren ondoan bidebanatze bat. Ezkerreko bidea utzi eta zuzen joko dugu Tolacha eta Santa Olallako talaiak gure ezkerrean lagata.

Peñalrayoko behatokia

Labore soroak ondoan, Peñalrayoko malkarrera hurbiltzeko urratsak egingo ditugu. Hala, San Blas iturrira iritsiko gara ziztuan. Haren atzean urak biltzen dituen ur biltegia ikusiko dugu. Iturburu nagusia, atzerago. Legarrez jantzitako bideari jaramon eginda, belarrak protagonismoa hartuko duen tokira iritsiko gara berehalakoan. 50 metro lur azpira doan aspaldiko zundatze baten etxola ikusiko dugu han. Bide nagusiak ezkerraldera egingo du segidan. Basabidea alboratu gabe, San Blas atakara iritsiko gara. Mota, Cueto, Bachicabo eta Arcena mendilerroko beste tontor batzuk bistaratuko zaizkigu handik. Gero, lepotik atzera egingo ditugu 50 metro inguru, ezkerretik abiarazten den zidorra hartzeko asmoz. Peñalrayoko behatokiaren eta erpin geodesikoa duen talaiaren artean kokatuko gara bizkor. Behin goiko lepoan, eskuinera egin, eta arrano baten habian bezalaxe sentituko gara soa Errioxa aldera luzatzearekin batera.

Ondoren, lepora itzuli eta postontzia eta erpina dituen tontorrera igoko gara. Jembres haitz bikiak eta Avellano haitza izango dira harridura handiena sorraraziko diguten bazterrak. Erpinetik iparraldera urratsak egingo ditugu gero. Hau da, erpinari bizkarra eman, eta Mirandako Lautadara begira jarriko gara. Minutu batzuen buruan, Montefuerteko lepora helduko gara. Bertan ezkerrera hartu, eta sigi-saga ibiliko gara, ezpela eta arte xumeak gogaide. Basabide batera irten, eta ezkerretik segituko dugu ehunka metro soilik. Izan ere, bidarri batek eskuinetik segitzeko gonbita egingo digu laster. Hari segika, beraz, igoera xumea egingo dugu. Bidea berriz zabaltzen denean, ordea, eskuinera egin, eta ezpelek osatutako galerian gaindi jarraituko dugu. Bidexka bidarriz jantzita dela, osteratxo bihurgunetsua emango dugu goratasuna galtzeaz batera. Azkenik, San Blas iturria eta Galbarruli lotzen dituen nekazari bidera helduko gara. Igoeran egindako bidetik itzuliko gara Galbarrulira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.