Eskalada

Palomares, mendebaldeko gandorretik

Palomaresen gandorra harkaitzezko bizkarrezur erraldoi bat da: Arabako Errioxan dago, Toloño mendilerroan. Toki ederra da, eta, zailtasun aldetik, egokia izan daiteke eskaladan hasteko.

p025 f01 (10)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Toloño, Palomares, Pipaon, Recilla, Cervera.
  • Iraupena: 3 ordu.
  • Ingurunea: Palomaresen gandorra harkaitzezko bizkarrezur erraldoi bat da: Arabako Errioxan dago, Toloño mendilerroan. Toki ederra da, eta, zailtasun aldetik, egokia izan daiteke eskaladan hasteko.
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2022ko azaroaren 1a
09:00
Entzun

Batzuetan, ez da bertikalean eskalatzen, horizontalean baizik. Horixe da gandorrak eskalatzearen berezitasuna. Gandor horietako bat, Euskal Herriko ederrenetakoa —baita luzeenetakoa ere—, Arabako Errioxan dugu, Toloño mendilerroan, Palomares eta Recilla mendien artean. Toki ederra da, eta, zailtasun aldetik, harkaitzezko bizkarrezur erraldoi hori egokia izan daiteke eskaladan hasteko.

Abiapuntua Arabako Pipaon herrian izango dugu; hilerrira doan pistaren amaieran dagoen langa batean, hain zuzen ere. GR-1 bideari jarraitzen hasiko gara Recilla eta Cervera mendietarantz. Recilla mendia hegoaldetik inguratu ondoren, gandorra hasten den mendi lepora iritsiko gara, autoa utzitako lekutik ordu eta laurden ingurura.

Gandorra eskalatzeko, hiru ordu inguru beharko ditugu, lasai joanda. Lehen metroetan, erraza da, «X» teknika erabiliz eskalatzen den tximinia bateraino (III). Gandorraren ahora itzulita, beste zailtasun bat topatuko dugu: III+ zailtasuneko zeharkaldi horizontal bat —bi iltzerekin babestua dago—; zulo handi bat zeharkatzen du, azpitik eta iparreko aldetik.

Zeharkaldi horren ondoren gandorraren zailtasuna II-III artekoa da rappel eginez igaro daitekeen bost metro inguruko ebaki batera iritsi arte. Hortik aurrera, gandorra tentetuz doa. III+ zailtasuneko pasagune makurtu bat eta lau metro inguruko horma tente bat eskalatu ondoren, gandorraren ahotik hamabost metro jarraitu, eta ibilbide osoko pasagunerik zailenera iritsiko gara: IV zailtasuneko hamabost metroko horma tente batera. Horma eskalatu ondoren, III zailtasuneko eremu batera igaroko gara Palomares mendiaren gailurrera iritsi arte.

Palomares mendira doan ohiko bidetik, ordubete pasatxoan itzuliko gara autora. Bidea osatu ahal izateko, nahikoa da 30 metroko soka bat, 4-5 express-zinta, 2-3 friend ertain eta luzera askotako 3-4 zinta uztai eskura izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.