Mendi ibilaldia

Oizko ipar lepoan barna

Lehen begiratuan errota erraldoien ikuspegiak itsusia eman arren, Oiz mendiak (1.026 metro) badu ezkutuko edertasuna. Deiadar mendi bat izanda, eta garai bateko istorioak gogoan, ikono kulturaltzat har daiteke.

Oizko ur jauzia
Oizko ur jauziaren kokapen bitxia. ALI BARINAGA
Bizkaiko ibilbidea. Oiz mendia
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Trabakuako mendatea, Ur-jauzia, San Kristobal iturria, Astogana, Oizko gailurra, Axmakur, Iturzurigana, Zengotitagana
  • Distantzia: 17,5 km (700 m+)
  • Iraupena: 6 ordu eta 10 min
  • Ingurunea: Durangaldea
  • Estekak: OIZ MENDIA
Ali Barinaga
2025eko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mari jainkosa estimatuari buruz ere kondaira mitologiko ugari daude Oiz mendiaren ingurumarietan. Geologiari dagokionez, kareharriz eta tuparriz osatuta dago mendialde hau; batez ere kretazeo garaiko arroka sedimentarioak ikus daitezke bertan. Txango honetan, Oizko ur jauzia eta pare bat iturri bitxi ezagutzeaz gain, derrigorrezko beste geldialdi batzuk ere egingo ditugu inguruko bost tontor ospetsutan.

Mendi hau nahiko zabala eta luzea da; horrenbestez, toki askotatik abiatu gaitezke gailurrerantz. Hainbat aukera daude, baina Trabakuako mendatea (405 metro) izango da ibilbide honen abiapuntua. Bi jatetxeen artean, Muniozguren baserrira doan errepidea hartu, eta agudo ezkerrerantz desbideratuko gara Zengotitaganerantz, egurrezko taketak adierazten duen norabidean. «Ur jauzi» hitza zuten kartelak triskatuta daudenez, 200 metro gorago eskuinera biratu, eta margoturik dauden gezi berdeei jarraitu behar zaie. Pinu artean aldapan gora joanda, beheko aldean dauden Gerea eta Longa auzoak ikus daitezke. Berrogei minutu behar dira ur jauzira iristeko. Kartografoe oraindik ez dute bi mailatan erortzen den ur txurrusta txiki horren berri; bada, haren freskura gozoaz gozatzeko aukera izango dugu. Aranbaltz errekastoak eta magal honetako beste batzuek Artibai ibaian isurtzen dituzte urak.

Goiko ur jauziaren putzu estuena harriz harri salto eginez zeharkatu, eta aldats gora joko dugu, altzifredi ilunean barrena, mugarriei eta kolore biziko seinaleei jarraituz. Berehala iritsiko gara argigune haizetsu batera, eta eskuinerantz joko dugu, pagadia inguratuz. Bat-batean kostaldea ikusi ahalko dugu goiko malda biluzietatik. Airean dantzan ari ziren elur malutek eta iparraldeko ostadarrak neguko irudi paregabea oparitu digute. Aldapa latz batean errota izugarriak agertuko dira, eta gertu, bi pinu isolatuen itzalpean, geldialdia egingo dugu. Gero, eskuinerantz abiatuko gara mendi magala zeharkatzeko. Lokatzez beteriko bidexketatik bost kilometro inguru egingo ditugu, mendebalderantz, eta erraz ezagutuko ditugu iparraldeko mendiak: Astarlo beheko aldean, Urregarai, Bedartzaundi, Ilunzar... Larre hauetako ekosistema osatzen duten zingirak eta basoak atzean utzi ostean, San Kristobal iturrira iritsiko gara. Bi txorrotako iturri freskagarri eder honen ondoan hartuko dugu merezitako atsedenaldia.

Gailurreriatik eroso-eroso

Iturritik mendi leporantz abiatuko gara, eta mendebaldeko lehenengo tontorrera igoko gara: Astoganara (801). Isuri bien ikuspegi aparta hau arretaz erreparatzekoa da; batez ere, Urdaibai biosfera erreserba da nabarmena. Urrats batzuk atzera eginda, San Kristobal baselizatik gertu dauden dolmenetako bat ikustera joango gara. Historiaurrean eremu horietan giza jarduera izan zela erakusten dute dolmenek. Hemendik Oizko tontorrera igoko gara pista eroso bati jarraituz. Bizkaiko behatokia dela diotenean, ez dabiltza oker; izan ere, gailur horretako ikuspegi panoramiko zabalak hunkitu egingo gaitu, dudarik gabe. Iparraldean, itsasoa eta zeruertza bat egiten dute, eta hegoaldean, Durangaldeko mendi zuri harritsuek paraje ikaragarria osatzen dute.

Parke eolikoko porlanezko pista zazkarra saihestu nahian, belarrezko bazterretatik apurka-apurka Axmakur gailurrera (887 m) jaitsiko gara. Literaturari keinu eginez, borroka galanta izango luke On Kixotek hemen. Agian naturari begira ez dago ondo esanda, baina erraldoi hauen presentziak gailur lerroaren handitasuna goraipatzen du.

Aldats zuzen eta leun bat jaitsi ondoren, Iturzuri iturria eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak eraikitako aterpetxea aurkituko ditugu pago, haritz eta pinuz inguraturik. Handik metro gutxira, merezi du Iturzuriganako (862 m) mairu baratzea bisitatzea, eta, batez ere, informazio taula interesgarria irakurtzea. Gurutzea eta buzoia beherago daude, non Anbotoko panoramika ederraz gozatuko dugun aurrez aurre. Hurbil, ipar-ekialderako bidean, beste bi tumulu ikus daitezke, haiei dagokien azalpenekin. Jada beherantz goaz eta gaurko azkenengo gailurrera iritsita, Zengotitagana (818 m), bere ekialdeko ikuspegi ederra ere miretsi ahal izango dugu. Azkenik, txangoa bukatzeko, 40 minutuko jaitsiera bertikala kontuz-kontuz osatzea geldituko zaigu Trabakuako abiapuntura heldu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.