Motrico mendia Obarenes mendilerroan dago, Araba, Burgos eta Errioxako herrialdeek bat egiten duten lekuan. Kareharrizko harkaitzaren babesean eraikitako San Joan baselizatik hurren goititzen da hura, eta Miranda aldeko mendizaleek oso estimatua da. Ikuspegiak ederrak izateaz gain, tinia zapaltzen duen gurutzea hamaika bazterretatik ikusten ahal da, erreferentzia ona dela Mirandako Mendigunean.
Motrico mendia herrialdeko mendizaletasunaren ernamuina ere badela gogora dakar Mirandako taldeak bere 50. urteurrenaren kariaz argitara eman zuen aldizkariko artikulu batek. Horren arabera, Motrico mendiak estakuru ona bete zuen 36ko gerra osteko zaletasuna berreskuratzean. Bistan da, hortaz, hainbat hamarkada lehenago hasi zela gurutzearen afera. Izan ere, XX. mendearen erdialdean burdina goititu zuten hainbat lagunen artean, Miguel Menendez zalearen gidaritzapean. Zenbait mendizalek hitzordua eman zuten orduan San Joan ermitaren belazean, eta gurutze bat altxatzeko konpromisoa hartu zuten. Gorbeia eta Zaldiaran mendietako burdinetan begiak jarrita, bizkor ekin zioten dirua batzeari. Mirandako Deobriga (gerora, Club Mirandes) mendizale taldearen ekimenez ahalegina bideratu, eta, azkenik, gurutzea inauguratu zuten 1955eko maiatzaren 19an.
Esperamalo errekasto
Villalba de Rioja (Errioxa, Espainia) herrian jarriko gara abian. Elizaren ostean utziko dugu autoa, arbustu arrunt batzuen ondoan. Ezkerraldean utziko dugu Garnacho kalea, eta Carramonte karrikari men egingo diogu, hura amaitu arte. Gero, iparraldera egiten duen nekazari bide batekin topo egingo dugu. Makalak besalagun, igotzen hasiko gara, baratxe-baratxe. Berehala, eskuineko bidea hautatu, eta ibarrean gora jarraituko dugu. Gereziondoak, arteak eta makalak gogaide, Rave eta Escalera muinoen arteko lepora doan bideari helduko diogu; hots, Herrerako monasterio ezagunera doan behialako harbideari. Esperamalo errekaren ur emari urria geldiarazten duen ur baltsa bat-batean ikusiko dugu laster. Eskuinaldetik inguratuko dugu hezegunea, eta, gero, Portillora zuzen doan aldapa pikoa alde batera utzita, ezkerraldetik basabideari men egingo diogu. Hala, Villalbatik igotzen den bide zabalarekin topo egingo dugu berehala.
Mendebaldera urratsak egiten jarraituko dugu orduan, atze-atzean Portilloko ataka eta Rave mendia bistaratzen zaizkigularik. Obarenes mendilerroko eguteraren abaroan hazten den landaretza oparoaz gozatzeko profitatuko dugu ibilian-ibilian. Besteak beste, isats eta otaka horidunak, kolore liladun txara finak, elorri zuriak eta beltzak, arrosa usaintsuak eta enbor mengeleko arte ilunak antzemango ditugu. Bat-batez, aldatsa amaitu eta bidea samurtzen dela, basabide zabala utzi eta eskuinetik doan bidexkari lotuko gatzaizkio.
Burgosko lurraldean sartuta, sigi-saga eramango gaitu zidor apetatsuak, muinak urtu gabe. Bidezidorra atzean utzita, basabide zabal batera irtengo gara. Eskuinera hartuko dugu han, eta goratasuna hartzeari eutsiko diogu. Aldapa amaitzen denean, bide nagusian behera jarraitu, eta San Joan parkeko Lagunatik igotzen den Ferrera bidexkari dagozkion bide seinaleak ikusiko ditugu. Artadiak eta pinudiak libre uzten duten igarobide luzean aurrera egingo dugu guk, desbideratzerik hartu gabe. Motricoko gurutzetik gertu, Herrera monasteriora jaisten den basabideari muzin egin, eta maldan gora abiatuko gara. Bidexkak, maiztuaren maiztuz, ez du zalantzarako tarterik utziko: Galtzada baten antzo gora egiten lagunduko digu. Xenda patartsua izanagatik ere, egindako lana tontorrean orekatzeko parada izango dugu, paisaia sekulakoa baita. Peñalrayo, Montefuerte, Avellano eta Jembres haitz bikiak harrapatuko ditugu. Baita Euskal Herriko mendilerro nagusiak ere: Toloño, Arcena, Gorbeia eta Aizkorri-Aratz natur parkea, askoren artean.
Paisaiaz gozatu ostean, itzulera egiteko tenorea delarik, gailurretik Portillo edo Raveko atakara bueltatuko gara berriz. Igoeran ikusitako ur baltsara jaitsi gabe, basabiderik behinenetik jarraituko dugu, harik eta Villalba de Riojara iritsi arte.