Urtero milioika hegazti joaten dira Europatik Afrikara eta, alderantziz, Atlantiko ekialdean kokaturik dagoen migraziorako autobide handian zehar. Udazkenean, Groenlandian edo Britainiar uharteetan hasten direnak eta Eskandinaviatik edo herrialde Baltikoetatik datozenak ibilbide horretan elkartzen dira. Hegazti horiek Iberiar penintsulara hurbiltzen direnean, elkarren ondoko bi oztopo geografiko handi aurkitzen dituzte: Kantauri itsasoa eta Pirinioak. Horrek migrazioan botila lepoa eragiten du, eta, derrigorrean, Euskal Herritik sartu behar dira penintsulara. Egoera horretan euskal biziguneek garrantzi handia dute atsedenerako eta elikadurarako toki gisa. Iberiar penintsula zeharkatu ondoren, hegazti horietako asko Sahara basamortuaren gainetik joango dira hegan, Afrikako mendebaldeko kostaldeko zenbait lekutan sakabanatu, eta negualdia igarotzeko. Urdaibaiko biosferaren erreserba hegaztientzako ezinbesteko atsedenlekua da, indarberritu eta haien bidaia luzeari berriro ekiteko aukera ematen dielako. Habitat mota ugari dauzkan estuarioa da, eta espezie kopuru handi bati babestokia, atsedenleku eta janaria eskaintzen dizkie. 1994. urtean, Hegaztien Babesgune Berezia izendatu zuten Urdaibaiko biosferaren erreserba, nazioarteko garrantzia duten hezeguneei buruzko Ramsar hitzarmenarekin bat eginez.
Guztiz laua den ibilbide honek aukera ederra ematen digu, gure seme-alabekin, ekologikoki garrantzitsuak diren hezeguneen ondotik (lezkadiak eta padurak) ibiltzeko eta gure artean atsedena hartzen duten txoriak ikusteko, batez ere Urdaibai Bird Centerren behatokitik. Abiapuntu gisa Gernikako tren geltokia jarriko dugu. Handik irten, enparantza zeharkatu eta eskuinera okertu behar dugu Don Tello kaleari jarraitzeko. Ondoren, berriz eskuinera Lekeitio eta Laidarako noranzkoan. Trenbidea zeharkatu eta zubia baino lehenagoko bidegurutzean itsasadarraren ezkerretik doan asfaltozko bidea hartu behar dugu GR-123 bideari jarraikiz. Pasealekua Muruetaraino (4,5 km) doa kanalizatutako itsasadarraren ertzetik. Hasierako zati honetan ez da zaila zenbait ur hegazti ikustea (lertxun hauskara, lertxuntxo txikia, ubarroia...), itsasadarrera isurtzen den likidoaren inguruan lazun asko daudelako. Kanalaren erdigunean egurrezko zubian ezkerrera hartuko dugu (PR-BI-181) Paduraren eskuinaldeko ertzetik Enderikaren behe magaletik Kortezubira jotzeko. Aldiz, Muruetako puntaraino joan eta etorria egin dezakegu lehendabizi. Han atseden hartuko dugu, itsasadarraren ibilbide meandrotsuari, eta uretan edo ertz lokaztuetan egon daitezkeen ur hegaztiei erreparatuz. Ekialdean, itsasoraino heltzen diren kareharrizko muinoen artean (Ereñozar eta Atxarre), Euskal Herriko kantauriar artadiaren baso zatirik handiena ikus daiteke.
Zubia igaro eta gero, bidegurutzean ezkerrenerantz (iparralderantz GR-123) joko dugu. San Esteban ermitara eta Enderika auzoko hariztira igotzen den bide pikoan eskuinera okertu behar da eta berriro behera paduretaraino, egokitutako eskailera batzuen bitartez. Handik aurrera, itsasadarreko paduraren ertzetik lezkadi artean doa bidea zurezko palafito baten bidez, Kortezubiko elizaraino. Errepidea zeharkatu, eta zuzen igoko dugu (mendebalderantz) Santanako baserrietarantz. Ondoren, ezkerrerantz (iparralderantz) eta beherantz, oraingoan BI-2238 errepidearekin bat egin arte. Berori zeharkatu eta Urdaibai Bird Centerrera doan Zelaieta kalean sartuko gara.
Sekulako argazkiek amuarena egiten dute, arrano arrantzalearenak batez ere. Behin barruan, panel handi batek hegaztien migrazio bide izugarria erakusten du, eta bideo batek irudiak eta soinua zirraragarriak jartzen dizkio. Baina apartekoena paduraren hiru solairuko behatokia da. Iparraldera begira egonik, eguzkiari bizkarra ematen dio urte osoan, eta hegaztiak ikusteko baldintzak ezin hobeak ditu. Hainbat teleskopiori esker, bertako hezegunean dabiltzan hegazti migratzaileak ikus daitezke hurbiletik: lertxuntxo handia, lertxun hauskara, amiltxoria, mokozabala, txirri arrunta, zankaluzea, martin arrantzalea, eta beste asko. Minigida bati esker, orduak eta orduak eman daitezke bertan.
Ibilaldia bukatzeko, PR-BI-163 bidearen markei jarraituko diegu Arteagako Gaztelu ikusgarriraino. Bizkaibuseko A-3513 linearekin itzul gaitezke abiapuntura.
Mendi ibilaldia
Migrazio handiaren atsedenlekuetatik
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Oso erraza
- Tontor eta leku izenak: Urdaibai, Arteaga, Urdaibai Bird Center, Gernika
- Distantzia: 11 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 15 mn.
- Ingurunea: Familientzako ibilbide hau Oka itsasadarraren goiko estuarioko ingurumen balio bereziko erremutik igarotzen da, Gernikatik hasi eta Arteagako Gazteluraino, eta Urdaibai Bird Center bisitatu daiteke tartean.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu