Ezarian. Gaztaren Ibilbidea

Mendira, gazta aitzakia hartuta

Aralar eta Aizkorri natur parkeak batzen dituen ibilbidea jarriko du martxan Gipuzkoako Aldundiak apiril inguruan. Sei egunetan egiteko prestatu dute Gaztaren Ibilbidea; 100 kilometro luze da.

Urbiako panoramika. Bosgarren etapan bertatik igaroko dira ibiltariak. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA / BESTEAK.
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Lizarrustin hasi eta Lizarrustin amaitu. Zenbait kirolarik hamabi ordu behar izaten dituzte 100 kilometroko mendi buelta burutzeko. Gipuzkoako Aldundiak luzera berekoa proposatu du, baina lasaiago egitekoa: Gaztaren Ibilbidea. Sei egunetan egitekoa da, eta 100 kilometro da luze. «Mendian askorik ibiltzen ez denak egiteko moduko erritmoa proposatzen dugu. Asko ibiltzen den batek lau egunean ere egingo luke», dio Asier Arresek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Inguruneko zuzendariak.

Idiazabalgo gaztak indar handia daukan eremua zeharkatzen du ibilbideak, eta artzaintzarekin eta ardiekin harreman estua daukaten bi natur parke batzen ditu: Aralar eta Aizkorri. Hori da ibilbidearen oinarri nagusia, bi parkeak batzea. Bitarte horretan, artzaintzarekin eta gaztarekin harreman handia daukaten herriak zeharkatzen ditu. «Ordizian, bertako azoka daukagu, Idiazabalen, gaztaren museoa, Zerainen, parke kulturala, Legazpin, artzainaren museo etnografikoa eta Arantzazun, artzain eskola, besteak beste. Azpiegiturak eginda zeuden, eta guk lotura bat eman diegu».

Esan bezala, Lizarrustin hasten da ibilbidea, eta aurrenekoetapa Ordiziaraino iristen da. Hurrengo egunean, Beasain, Olaberria eta Idiazabal pasata, Seguraraino iritsiko da ibiltaria. Hirugarren egunean, Zerain, Mutiloa eta beste zenbait txoko igarotakoan, Legazpin amaitzen da. Laugarrengoan, bidea Arantzazuraino doa, mendiz, zenbait artzainen txabolak dauden tokitik. Azken aurreko saioan ere Urbiako etxolak ikusi ahalko dira San Adrian pasa eta Etxegaratera iritsi arte. Azken egunean, Aizkorritik Aralarrera pasatzeko, ibilbide guztia mendiz egin behar da.

Proiektuarekin duela hiru urte baino gehiago hasi baziren ere, urte eta erdi daramate «lanean sakonean». Bideei dagokienez, guztiak ia eginda zeudela dio, beraz, ez dutela berriak egiten lan handirik izan. «Konponketa txiki batzuk egin ditugu, baina lehendik ere eginda zeuden ibilbideekin lotura egin dugu». Azarotik ibilbidea markatzen ari dira marra gorri-zuriekin, baita seinale eta geziak jartzen ere. Ibiltartea zeharkatzen duten udalekin eta Mendi Federazioarekin elkartu direla jakinarazi du, eta, beraz, «nolabait homologatuta dago ibilbidea». Hori guztia kontuan hartuta, egunik zehazten ez duen arren «apirilaren bueltan» dena prest egongo dela dio, nahiz eta nahi duenak dagoeneko ibilbidea osorik egiteko modua badaukan.

Ibilbidea eta gazta

Hasieran ibilbidea egitea bururatu zitzaien, eta, gero, gaztarekin lotzea. Lehenengo helburua Aralar eta Aizkorri batzea baitzen. «Ibilbide zehatza zein izango zen aztertzen hasi ginenean, konturatu ginen harrapatzen zituen gune guztiak lotzeko gai aproposena gazta zela. Gaztak indar berezia dauka toki horietan. Horregatik erabaki genuen Gaztaren Ibilbidearen izenpean egitea».

Aralarrek eta Aizkorrik gaztarekin daukaten harreman hori artzaintzak bertan duen garrantziagatik dela esan liteke, hainbat artzain bertara joaten baitira uda pasatzera artaldearekin. «Oso esanguratsuak dira bi natur parkeak, larre ugari daude eta horiek egiten dute berezi». Artzaintza oraindik oso zabalduta egotea, neurri handi batean, «aldundiak azken hamabost-hogei urtean egin duen lanagatik» izan dela dio Arresek. «Artzain txabolak berritu egin dira, ura ere bideratuta dago bertara eta argindarra izateko eguzki plakak jarri dira». Horri esker artzain gazteak ere ikus daitezkeela dio, eta, beraz, hainbeste urtetako tradizioari eustea lortu dela uste du. Gainera, parkeetako larreak mantendu egin dira, eta ez dira alferrik galdu urtero joaten diren artaldeei esker.

Gipuzkoan, ibilbidez ibilbide

Legegintzaldiaren hasiera aldean aldundian Gipuzkoa mailako ibilbide sare bat sortzeari ekin zioten, Arrese zuzendariaren arabera. Gaztarena, beraz, ez da Gipuzkoan aurki daitekeen ibilbide bakarra. Gipuzkoako kostaldea zeharkatzen duen bat bada, Talaiako Ibilbidea izenekoa, hura ere erritmo lasaian egitekoa. «Ia amaitutzat» eman liteke. Talaiakoa eta Gaztaren Ibilbidea batuko dituen proiektu bat ere badago martxan. Hurrengo urterako prest egotea espero du Arresek.

Ibilbide eskaintza horrekin, jendeak normalean egin ohi dituen txangoen bestelako proposamena eskaini nahi dute. «Jendeak normalean goiz pasa edo egun pasako txangoak egiten ditu mendian. Guk beste aukera bat eskaintzen diegu». Ibilaldiaren erritmoa mendian askorik ibiltzen ez den jendearentzako dago prestatuta. Hala ere, garbi utzi du ez zirela egun kopuru jakineko ibilbidea sortzen hasi, bi parkeak lotzen baizik: «Ez ginen 100 kilometro borobil egitera joan, ezta sei etapako ibilbidea zehaztera ere. Gure helburua ibilbide logiko batez bi parkeak batzea izan zen».

Behin gaztaren bueltan sortu den ibilbidea amaitzen dutenean, jendea bertara erakartzeko lana hasiko da. Hori, ordea, ez da hainbeste haien eginbeharra, Arresek azpimarratu duenez: «Guk gehiago azpiegiturei lotutako lanak egingo ditugu, txukun mantendu eta abar. Erabiltzaileak sortzen hasten direnean, denon artean egin beharko da ibiltariak erakartzeko lana. Hori etengabeko zeregina izango da. Museoek, landa turismoek, jatetxeek… guztiek elkarlan bat egin beharko dute».

Bautista Otaegi Arantzazuko artzain eskolako koordinatzailearentzat «oso interesgarria» da proposamena, nahiz eta aldundiak ez dion eman horren inguruko berririk. Albistearen berri izatearekin batera, «jendea horrela ibiltzea polita» izango litzatekeela adierazi du. Mendizaleekin eta ibiltariekin ere harremana badutela dio. «Batzuetan etortzen da jendea hona; orduan, eskola erakutsi eta gazta probatzeko ematen diegu».

Ziur esaterik ez dagoen arren, jendea gaztaren ibiltartea egiteko prest egongo delakoan dago Arrese. Ezagutzen ez dutenentzat toki berriak ezagutzeko aukera ematen du, baina ezagutzen dutenentzat ere aproposa ikusten du: «Ezagutzen dugunon kasuan, dena segidan egiteak badu bere balio erantsia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.