MENDIA. IBILBIDEAK. MENDIA

IBILBIDEAK. Urkiolako Parkearen barne-muinetatik (I). Urkiolako Parkea alderik alde zeharkatzeko lehenengo etapak sasoian egotea eskatzen du

2006ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Laster beteko dira 10 urte desagerrarazitako Euskaldunon Egunkaria-n antzerako izenburuarekin zeharkaldi hau papereratu nuenetik. Honakoa, berriz, proposamen zabalago baten lehenengo atala duzue eta helburua Urkiolako Parkea alderik alde zeharkatzea da. Gaurko etapa eremu karstikoan sartuko da eta tarteka GR eta PR-en marrei jarraitu arren, behar-beharrezkoa izango da ondo orientatzea; hortaz, behe lainorik ez izatea. Tontorretara igotzearena ere norberak erabakiko du batzuetan; dena den, erreferentzietan guztiak hartuko dira kontuan. Beraz, edozein ezin izango da abentura honen partaide izan, balizko ibiltariak baldintza egokiak bete beharko dituelako: sasoian egotea, iparrorratza eta oinetako gogor-malguak erabiltzea, etab.

AUKERAN-MAUKERAN. Abiapuntu bi har daitezke izerditzen hasteko: Lemoa edo Zornotza. Belatxikietan elkartuko dira: lehena PR-BI-203 marra zuri-horiekin bat etorriko da (udaletxetik Gandariats auzoraino asfaltoz eta aurrerantzean porlanez) eta bigarrena GR-229 marra zuri-gorriekin. Azken hori deskribatuko dizuet zehatzago, hots, Zornotzako hilerritik Leginetxe auzora abiatuko gara, non zutoina eta mapa albotik asfaltoz jarraituko dugun eta zubitxo ostean, hartxintxarrezko bide aldapatsuak usoak igarotzeko lerroa seinalera eramango gaituen (kontuz, bada, ehiztariekin!). Surkitzagoikoa baserritik metro batzuetara, artez igotzen den pista hartuko dugu eta Ametzuko iturri osteko bide nagusia zeharkatuta, elurzulora helduko gara. Hortxe baztertuko ditugu marra zuri-gorriak gaineko Belatxikietako aterpe eta San Ignazio ermitara hurbiltzeko (tontorrera 3 minutu-661 m.). Galdara izeneko sakonune handia ezkerretik inguratuko dugu. Horretarako hegoaldeko lepora jaitsi eta gero, marra zuri-horien konpainian Urtemondopeko zutoinera iritsiko gara (geodesikorako joan-etorria: 18'-788 m.). Bertako lepotik sortzen den pistari jarraituko diogu, baina sakonunean ezkerreko PR-BI-203ko marrak alde batera utzita, aurrera egingo dugu. Hurrengo lepoan (ezkerreko Gantxorrotzeko postontzirako joan-etorria: 15'-780 m. Eskuak erabili behar dira) hegoalderantz jaitsiko gara. Pista amaitzean, eskumako haritz bakartiaren alboko bidezidorra baliatuko dugu eta pista berrian marra zuri-horiak eskuinera bazterturik, gorantz joango gara pinuditik harkaitzaz beste aldeko zelairaino, non hego-ekialdera egingo dugun larretik zehar, Artaungana (905 m.) nahiz Leungana (1009 m.) tontorretako postontziak ikusteko asmoz (G.A.EDESArena batean eta Ziza itxurakoa bestean). Azken gain horretatik etapa amaitu arte marra zuri-horiak izango ditugu gidari, baita zutoinak ere (PR-BI 201). Beraz, geodesikotik hegoaldeko Iñungan lepora abiatuko gara bidezidorretik eta bertan ibilgailuentzako bidetik. Olarretakotik igaro ondoren, aldatsa gero eta tenteago egingo da Ollomendin eta Eskuminpeko lepoko zutoinean (joan-etorriak: eskuinean Eskuminera 7'-905 m.- eta ezkerrean Errialtabasora 22'-1.018 m.) aterpe aldameneko larretik harkaitzera hurbilduko gara. Kerexagako Arrate azpiko zutoin nahiz menhirraren albotik igarotakoan, Artzate sakonuneko RO-1864 mugarria ezagutuko dugu eta gaineko Akalarreko txabolan ibilgailuentzako bidea hartuko. Iturriotzetik aldatsa ederki zorroztuko zaigu berriro, Saibiko gurutzeraino, non hildako gudariak gogoan izanda, azpiko bidera jaitsiko garen eta Toki Alai Urkiolako Parkeko Harrera Zentroaren aldamenetik mendatera.

Lagunetxea:Urkiolako ostatu berria

Urkiolara gero eta jende gehiago hurbiltzen dela ez dago ukatzerik. Arrazoiak ugariak izaten dira: otoitz egitea, lasaitasuna bilatzea, paisaiaz gozatzea, eta abar. Hori dela eta, aspalditik zebiltzan bertako abadeak kezkatuta, jende uholde horri nola erantzun jakiteke. Joseba Legarzaren hitzetan, eliza osteko aterpearen 22 oheak hutsaren hurrengo ziren eskaeren aurrean eta elizan zein inguruetan xahutu beharreko sosek eragotzi egiten zuten beste proiekturik. Azkenean, hainbat atetan jo ondoren, 2004ko azaroaren 1ean jarri zuten ostatu berriaren lehen harria, Javier Ortegaren egitasmoa ontzat hartuta. Oraindino zabalik egon ez arren, aurreko astean (urriak 8) bedeinkatu zuten eraikina, eskerrak emateko Urrixena jai ezagunaren aitzakiapean. Lagunetxea izeneko ostatu moderno horrek lau solairu ditu; behekoan bete gela batzuen artean Euskal Misioen Artxiboa kokatuko dute, 1goan harrera, jantokia, bilera gela eta dendatxoa; 2.ean, berriz, 7 logela eta goikoan, 4 apartamentu eta kapera txikia. Laster batean izango duzue bertara etortzeko aukera eta beti bezala, besoak zabalik hartuko zaituztete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.