Ertz zorrotzetatik igarota, tontorrez tontor inguratuko dugu lehen begiradan ezinezkoa dirudien Itxina
Alberto Errazti
Hainbeste edatea, hainbeste jatea, hainbeste ordu jesarrita egotea, horixe omen da euskaldunon betiko patua, are gehiago Eguberrietan. Bada, urte berriarekin batera zirrara indartsuak eskaintzera natorkizu irakurle. Gaurko proposamena berezia da oso, Euskal Herriko karst eder eta basatienetarikotik ibiliko gara. Eskuak ez ezik, orientatzeko gaitasun handia beharko da. Eskalatzaileentzako horma zuzenak alboratuko ditugu, eta, sugeek bezala, troka sakonak saihestuko. Ekilibristen pare, ertz zorrotzetatik igaroko gara, eta tontorrez tontor inguratuko dugu ezinezkoa dirudien Itxina gune karstikoa. Gorbeialdeko sabaia beste mendizale batzuei utziko diegu, gu ahuntzen pare ibiliko gara.
ITXINA 'MUNDU MIRAN'. Ez da lehen aldiz bertaratzeko gonbita luzatzen dizuedala. Duela urte batzuk, inprimategiko iratxoen erruz edo, izenbururik gabeko artikulu batean -Euskaldunon Egunkaria- 2000/04/21-, Manu Etxebarriaren aipamenak txertatu nizkizuen: Superlegor kobazulo ezagunean Anbotoko Señorearekin batera sorgin eta jentilak bizi ei zirela, hainbat artzain urrezalek altxor bila jotzen omen zutela... Idazki berean, nire amorrua ere erakutsi nien mendi federaziokoei gune karstikoan pintura erabili izanagatik; horretaz gain, ibilbidea barruko tontortxo batzuetatik garaienera igotzean zetzan, hots, Atxulaur harratetik hasita, Txirikako Atxa, Itxina Erdiko Atxa eta Iturri Ederrako Puntatik igaro ondoren, Lekandara heltzea. Oraingoan, inguratu egingo dugu mendebaldeko gainetatik; hori bai, txangoa karstean ibiltzen dakienarentzat baino ez da izango, eta lainorik gabe egiteko, jakina.
ATXULAURTIK KARGALEKURA. Abiapuntu ugari badira ere, geroko nekea gogoan hartuta, erosoena aukeratu dut: Areatzako frontoi aldamenetik 9 kilometroko errepidea ibilgailuz egingo dugu Pagomakurreraino. Aurrerantzeko txangoa zati bitan banatu daiteke: Pagomakurra-Axkorrigan (ohiko mendizaleentzat, harri piloak bidelagun) eta Axkorrigan-Arraba (eskarmentu handikoentzat, laguntzarik ez). Pagomakurreko aparkaleku alboko zutoinetik (PRB 40 Atxulaur / Superlegor) eutsiko diogu bidezidorrari. Izeidiaren itzalpean errekatxoa eta pista zeharkatu ondoren, aurreko horma eskuineko galtzadatik saihestuko dugu. Goiko larreetara helduta, aurrez aurreko harkaitzaren zulora abiatuko gara artez. Atxulaur harratean ipar-mendebalderantz egin, gaineko buzoira jo, eta harri piloekin bat, gainez gain jarraituko. Ortutza (1.091) osteko Axkorriganen (1.095) amaituko da eroso ibiltzeko tartea. Beraz, troka eta amildegien aldetik ibiltzeko gai ez denak atzera egin dezala, eta etorritako bidetik itzul dadila. Axkorriganetik Karamaietaraino (1.086), Atxaragun lepotik, ertz-ertzari lotu beharrean, pixkatxo bat barruragotik ibiliko gara. Betondegirainoko tartea are nahasiagoa izango da, troka zein punta ugari topatzeagatik. Abaroko Axkanen (1.066) inguruetan geroago nagusituko den pagadiaren lehen zuhaitzekin egingo dugu topo, eta Altipitatxera (1.172) heltzeko, amildegi aldameneko ertzera itzuliko gara berriro. Ekialdeko larreetara jaitsi eta gaineko Kargaleku lepora helduta, azpiko Ganguren taldearen aterpera hurbilduko gara. Arrabatik Pagomakurrera bide zabalak eramango gaitu.