Erretzeaz ari garela eta, aurreko egunetan pilaturiko alkoholak izerditzeko ez litzateke txarto etorriko gaur proposatuko dizuedan txangoa, hots, Garobel mendilerroa egitea (Salvada, nahiago izanez gero); hori bai, lehen tontorrera igotzeko, Txarlazora hain zuzen, euririk edo bustirik ez bada, monumenturako betiko bide zabala baztertuko dugu, eta Fraileburu deritzon eskalatzeko monolito ederraren albotik igaroko gara. Tertanga herri gain-gainean zeruratzen den harkaitz nabarmena 1924an eskalatu zuen Anjel Sopeñak, lehenengoz, eta toponimoa monolitoaren itxuratik datorkigu, amildegira begira dagoen fraide baten soslaia ematen duelako. Esan bezala, inguratu egingo dugu, eskalatzeko asmorik gabe.
GAROBEL, FRAILEBURU ALDETIK. Urduñako hirigunetik kilometro betera dagoen santutegian hasiko gara ibiltzen, porlan bidetik, marra zuri-horiak bidaide. Bigarren hesira helduta, Tranco aldekora hain zuzen, pista zabala Goldetxo leporaino luzatuko da, sigi-saga batzuen eta iturriaren ostean. Guk, berriz, lehen bihurgune ondoko bidegurutzean (25 min.), nagusia utzi eta ezkerreko pistatik jarraituko dugu, Txarlazoren hormak hego-ekialdetik ekiditeko asmoz. Metro gutxi batzuetara, aldameneko bidexka batek goiko ordokitxora eramango gaitu. Pareta tente eta tontorraren azpi-azpiko larrean, ondo zapaldutako bidezidorrari eutsiko diogu. Hasieran laua izan arren, Fraileburu harkaitzaren azpian (55 min.) zorroztu egingo zaigu aldatsa, eta monolitoa inguratu ahala, harritza topatuko dugu. Atakatik gaineko aldera heldu eta gero, Antiguako Amaren monumentura joango gara, Urduñako mendatetik datorren bidearekin bat. Aurrerantzean, tontorrez tontor jarraituko dugu amildegi ertzetik, eta lainoa sartuz gero, hesiak berak lagunduko digu ez erortzeko. Txarlazotik Goldetxo lepora jaitsitakoan (jaien biharamunak oso gogor jo badizue, itzultzeko aukera ere izango duzue bertako zulotik, eta beheratxoago Goldetxo iturri ederraz gozatzeko), gorantz egingo dugu, aterpe albotik igaro eta Txolope eta hurbil dagoen Solaierako erpin geodesikorantz. Hurrengo lepotik buzoirik gabeko Atezabal aldamenera helduko gara, eta beheko goi-tentsioko dorretik Bedarbideko buzoi berezira.
Azpiko pagadi ederrean zehar, La Barrerilla lepoko Iturrigorri izeneko iturrian jadanik (2 ord. 45 min), Tologorrirako joan-etorria egin daiteke (30 min. gehiago) Senda Negra izeneko bidezidorretik jaisten hasi baino lehen. Lendoñogoitian errepidera irtenda, lau bat kilometro geratuko zaizkigu santutegiraino, La Choza eta La Teta iturrien atsedenlekuak zeharkatu ondoren.