Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Beartzundik Elokadi eta Marrapietara

MENDIA. IBILBIDEAK. Beartzundik Elokadi eta Marrapietara.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Beartzun, Elokadi, Zarkindegi, Marrapieta, Belaun
  • Distantzia: 8,1 km.
  • Iraupena: 3 ordu.
  • Ingurunea: Aldude eta Baztan arteko banalerroko mendietan, galtzada eta gotorlekuak aurkitzea izan da helburua.
  • Estekak: Ibilbidea
ASIER AGIRRESAROBE-MUSKILDA TELLABIDE
2008ko urtarrilaren 11
00:00


Aldude eta Baztan arteko banalerroko mendietan, galtzada eta gotorlekuak aurkitzea izan da helburua


Asier Agirresarobe-Muskilda Tellabide

Elizondotik abiatzen den errepide meharrari jarraitu behar diozue auzune xarmant horretara iristeko. Sei kilometroren buruan, Berro auzoa atzean utzita eta Beartzungo errekak irekitako zintzurra gaindituta, belaiak eta baserriak nagusi diren bailarara iritsiko zarete. Mendiz inguraturik, errekastoz zeharkatuta, baserriak nonahi, baserritar giroa eta bizimodua topatuko duzue bazter guztietan, xarma eta edertasuna; denbora-pasa denik ez zaizue irudituko.

Bailara bera osteratxoa egiteko gune egokia bada ere, Elokadiko gerrateko aztarnak eta Marrapietako galtzada ezkutua aurkitzea da xedea. Hartara, lehen bidegurutzean utz daiteke autoa, gune egokiagorik ezean zabor edukiontzi batzuen alboan (380 m). Eskuinera, auzoko lehen baserrietara doan bidetik ekin behar diozue ibilbideari. Errekastoa gurutzatu eta lehen baserria topatuko duzue zuen eskuinean, Etxeberri. Muinoa gainditu eta bidebanatzean aurrera jo; beste bi baserriren albotik igaroko zarete, Berekoetxe eta Garbalda. Azken horren parean amaituko da zeneramaten bidea, belardi eta irasail artetik gora abiatzen den gurdibideari bide emateko. PR baten marra zuri-horiak izango dituzue bidelagun puska batez,Zarkindegiko gainetaraino bai bederen.

Mendi lepo batera iristerakoan (480 m), norabidez aldatu eta Belaungo lepora daraman sakanean barneratuko zarete. Hainbat borda eta harrizko itxitura ikusi ahal izango dituzue hor inguruan, eta gora zoaztela bide bazterrean beste bi ere bai. Zutik diraute gehienek; dagoeneko hondakin da baten bat. Zoazten bide beretik, urte asko ez dela, errepide bat egiten saiatu ziren. Ingurumenari kalte handia egin behar ziola eta, Baztango Udalak zorionez atzera egin, eta bertan behera geratu zen egitasmoa, nahiz eta Nafarroa Behereko udalen haserrea eragin. Pagadian gora errekazoko bi gurutzatu ostean, bide zaharrak, nabarmen zutitu eta Belaungo lepo zabal belartsura eramango zaituzte (754 m). Aldudeko bailara izango duzue aurrez aurre, eta haren gaindi, ostertzean, Kintoako mendiak, Adartzatik hasi eta garaieneraino, Adiraino. Zutoin adierazlea eta porlanezko artegia ere hor dituzue, lepoan bertan.

Argibel eta Arrikulunka eskuinean utziz, ezkerrera jo behar duzue eta maldari eutsi. Marra zuri-horiek gailurra igo gabe ezkerretik inguratzen dutenez, azken zatian eskuinetik jotzea komeni da, zidor garbi batek, Aldudeko herria bistan duzuela, tontor zehatzik gabeko Zarkindegiko gainera bideratuko zaituzte (856 m). Zinez da ederra ikuspegia, jaso burua, zabaldu begiak, eta gozatu! Zuzenean gandorretik edo tontorra inguratuz zehar-zehar doan bidearekin bat eginda, kontrabandoko igarobide nagusirantz, Berderitz leporantz, jarraitu behar duzue, Auza mendipuska bistan duzuela.

Hara iritsi aurretik, ordea, askorik nabarmentzen ez diren gain batzuetan (750 m), bide nagusia utzi, baita marrak ere, eta ezkerrera jo, Marrapietako sakanean eskuin hegitik barneratzeko. Elokadiko gain horietan ikusi ahal izango ditu mendizale arretatsuak Konbentzio Gerrako gotorlekuen aztarnak. Bide lauso samarretik hasieran, belardi baten harrizko hesiaren ondotik nabarmenago ondoren, sakanean behera egin behar duzue. Harlauzazko teilatudun borda xarmant batera ailegatuko zarete (600 m), berehala Napoleonen galtzadarekin bat eginez. Orbel ugari egon arren, garbi asko ageri dira galtzadarri handiak, tarte luzean gainera. Duela bi mende, bide horrek ezagutu zuen jendearen joan-etorri izugarria irudikatzen lagundu ahalko dizue. Azken zatian bihurgune batzuk eman eta errekaraino jaitsiko da; garai bateko zubirik ez dago jada, Beartzun erreka gurutzatzeko (500 m). Beste isurian, ezkerrera jo eta, borda baten ondotik igarota, Urruskara doan pistarekin bat egingo duzue. Bidean behera jarraitu eta abiapuntura iritsiko zarete, tartean, Beartzungo hainbat baserri eder ikusi eta gero: lehena Katalinko, ezkerrean; aurrerago, Uberenea eskuinean eta Berroartea ezkerrean; eta, azkenik, Antxonborda eskuinean.



Elokadiko gotorlekuak

Mugaz bi aldeetako nafarren artean sarritan izan dira liskar eta istiluak, eskuarki mendi horietako belardi eta basoak ustiatzeko eskubideen inguruan. Baina Frantziako Iraultzak ekarritako giro politiko eta ekonomikoaren osteko egoerak, beste askotan bezala, Frantzia eta Espainiaren arteko gerra zenbait sortu zituen XVIII. mende hondarrean. Borroka horien testigu isila dira mendi horietan aurki daitezkeen hainbat gotorlekuren aztarnak, Lindus, Atxistoi eta Elokadikoak esaterako.

Lehen biak beste baterako utzita, gatozen Elokadiko aztarnen berri ematera. Asko nabarmentzen ez diren muinotan daude bi gotorleku horiek, mugalerroan, 118 eta 119 mugarrien inguruan, eta elkarren artean 500 metro daude. 118koak 26 x 18 metroko oinplano angeluzuzenaren forma du, ertz alakatuekin eta saihetseko tiroak botatzeko irtenuneak bi aldetan. Batez beste 5 metro zabal eta 1,5 metro sakoneko erlaitzak inguratzen du; harresiz osatua egongo zen. Erdialdean harrizko eraikina zuen soldaduen aterpe. 119koa erabat ezberdina da, irregularragoa; hiru irtenune trapezoidal ditu, artilleriako piezen kokaleku, ziurrenik. Barnetik 28 x 29 metroko distantzia maximoak ditu, eta lubakiak inguratzen du. Inguruan soldaduek ostatu hartu ahal izateko eraikinak ere izan ziren. Bi gotorlekuak eskuratu zituzten gudua 1794ko ekainaren 3an izan zen. Orduan, Frantziako Errepublikako soldaduek, Harizpe baigorriarra buru zutela, Espainiako Karlos IV.aren soldaduen esku zeuden gotorlekuak bereganatu zituzten, Baztanerako bidea zabalduz.

Marrapietako galtzada, berriz, 1808an Napoleonek Portugal bereganatzeko Espainia okupatu zuenean eraiki zuten, Baztanerako sarbide moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.