Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEAK. Baso eta aztarnen bideetatik

MENDIA. IBILBIDEAK. Baso eta aztarnen bideetatik.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Lizarrusti, Etzegarate, Etxegarate, Txaradikorri, Irumugarrieta, Beitzeta, Argonitz, Itsusburu, Beortegi, Igartza, Muñaan, Areetza
  • Distantzia: 14,5 km.
  • Iraupena: 5-6 ordu.
  • Ingurunea: Lizarrusti eta Etxegarate mendateak tontorrez tontor lotuko ditugu txango dotorean.
  • Estekak: Ibilbidea
2008ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroako Burunda eta Gipuzkoako Agauntza erreken artean dauden mendiei Altzania esaten zaie, nahiz eta jakitun batzuk markes basoa deitu. Markes horren babesa dela edo, basoa osasun onean mantendu da orain arte. Hori dela eta, nahiz eta pinudi ustiaketa bakan batzuk egon, Gipuzkoako pagadi handienetakoa da inguruotakoa, Aralarko parke naturalaren barruan. Antzinako kontrabandisten edo mikeleteen istorio zaharrak atzean utzirik, isiltasun sakonez beteko ditugu belarriak, ehiztariek uzten badigute behintzat.

Lizarrustitik aterako gara, Gipuzkoako biraren marka zuri-gorriei jarraituz. Basoan barna, bideak Askoko lepora eramango gaitu, aldats gora. Lepoan, mendi hegala hartuko dugu ezkerretik, eta kartel bat aurkituko dugu (Antsulla, 12 min.), zeinak Txaradigorriko trikuharrira eramango gaituen, izen bereko tontorrean (979m.) izaki. Merezi du haraino igotzea, horixe baita aurkituko ditugun trikuharri guztietan politena.

Hortik aurrera mendebalderantz joatea izango da gure erreferentzia nagusia. Norabide horretan, lepo batera jaisten ari garela, beste bi trikuharri topatuko ditugu: Mintxueta eta Zelatamuño (962m.). Han, mugarri berezia,Etxarri-Bakaiku eta Bakaiku banatzen dituena, hain zuzen ere. Berriz behera egingo dugu, eta Beitzetako lepora helduko gara. Eta ostera ere maldan gora, izen bereko tontorrera igoko gara (924m.). Segidan, desnibel apur bat galdurik, Argonizko trikuharria aurkituko dugu, eta berriro gorantz, Argonizko tontorrera (936m.) igoko gara. Gorabehera ugariko txango honetan, behera hartuko dugu segidan, Bernoako portura oraingoan (804m.). Hor, galtzada zahar baten hondakinek beste garai batzuk gogoraraziko dizkigute, bideak Sakana eta Ataungo lurrak lotzen zitueneko garaiak.



MUGA SEGIZ. Lepo horretan, trikuharri baten eta Ergoiena auzotik igotzen den bidezidor baten aztarnak geratzen dira. Atseden baten ondoren, igoera luze samar bat eta Intxusburuko tontorrera (943 m.) helduko gara. Han, hego eta mendebaldeko ikuspegia dastatu eta gero, Intxusburuko trikuharrian geldiune bat egingo dugu. Inguruotan argi eta tentuz ibili beharko dugu norabidearekin, urratsak galdu gabe Beortegiko lepora jaisteko.

Hortik aurrera, leku asko topatuko ditugu zuhaitzik gabekoak, eta pista batetik segituko dugu. Igartzako bi trikuharrien ondotik pasatu eta gero, Igartzako muinora (874m.) ailegatuko gara. Igartzatik aurrera, erreferentziak zeharo korapilatsuak dira, eta kontuz ibili behar da. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga segitu behar da Saltsamendiko lepora ateratzeko. Hara, pista zabal bat heltzen da Altsasu aldetik, eta, guretzat, sastraka eta sasietatik ateratzeko aitzakia ederra izango da.

Lepo horretan aurkituko ditugu mikeleteen etxe zahar baten hondakinak, eta horietako harri batean eserita atseden hartzeko aukera izngo dugu. Behin berrindarturik, muinotik aurrera segituko dugu pagadi barruan Muñaan menditxoraino (913m.), Larraluzeko trikuharria ikusi eta gero. Berehala jaitsiko gara lepo batera (850m). Han, bide batek Ataungo San Gregorioraino darama. Iturri bat ere ba omen dago, baina guk ez genuen aurkitu. Aipatutako bidea alde batera utzi, eta hesiari jarraituko diogu, Balankalekuko tontorrera abiatuz. Laster, Altsasutik datorren pista bat aurkituko dugu, ehiztariek erabiltzen dutena haraino joateko. Haiek egindako txabola eta zerrikeriak atzean utzita, Balankalekura iritsiko gara (987 m). Gailur soil horretatik Aralarko eta Aizkorriko ikuspegi politaizango dugu, baina baita Etxegarateko burrunba ere. Geratzen zaigun bidea ikusten da, Etxegaraterainoko jaitsiera, marka zuri-gorriei jarraituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.