MENDIA. IBILBIDEAK. Armañon, gure azken parke naturala

Ahanzturatik atera du 15. Korrikak Karrantza harana; aitzakia ona inguruok ezagutzeko

2007ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Karrantza harana erdi ahaztuta egotea ez da atzo goizeko kontua, eta ugari izan daitezke arrazoiak; nabarmenena, agian, garraiobideen egoera, hurbiltzeko errepide negargarria adibide hutsa litzateke. Amaitu berri den Korrikaren aurkezpenean ere Edurne Brouardek berak aitortu zuenez, 15. edizioa bertatik abiatu izana euskaltzaleen zor historikoa kitatzeko ahalegintzat hartu behar zen, korrikalariek lehen aldiz zeharkatu behar baitzuten Kantabriarekin muga egiten duen Enkarterriko eskualde hau. Hala ere, aipaturiko baztertze horrek izan ditu bere onurak, gaur egunean goza daitezkeen altxorrak aspalditik egindako lan arduratsuaren ondorio ditugu eta. Herriko elkarteen artean Karrantza Naturala izan da, inolako zalantzarik gabe, administrazioetatik hainbeste aipatzen den garapen iraunkorra ekarri duena, eta goi tentsioko lineak edo Ordunteko haize erroten egitasmoek atzera egitea izan dira haren lorpenik entzutetsuenak, baina ez bakarrak. Natur baliabideak babesteaz ari garela, gogoratu beharko da joan den irailaren 19an ezusteko atsegina jaso zutela karrantzarrek. El Suceso auzoko jaiaren biharamunak ez zuen buruko minik ekarri, urteetako eskaera lege bihurtzea baizik. Hamarkada luzea igarota, Ekologistak Martxan elkartearen eta beste hainbat pertsonaren ahaleginak fruituak eman zituen eta Armañon aldea Parke Naturala izendatu zuten dekretuz (EHAAko azaroaren 29an argitaratua). Babes neurri ugari zehazten dira bertan, balio ekologikoak nahiz ekoizteko sistema tradizionalak sustatzeko eta larri kaltetutako lekuak ere berreskuratzeko asmoa erakusten du idazkiak. Filosofia orokorrarekin bat etor daitezke bai ekologistak, baita populua ere. Ordua da benetako neurriak hartzeko. Ez legoke txarto astebururo tontor inguruetatik ibiltzen diren quads suntsigarriei mugak jartzen hastea.



TRIKUHARRIAK EZAGUTZEN.El Suceso auzoko eliza eta zezen-plazatik abiatuko gara, asfaltotik. Armañon --1 h 20´, Jorrios --1 h 50´ seinalearen aldamenetik igaro eta azken etxe parean, errepideak behera egiten duen unean, eukaliptoen arteko pista aldapatsutik gora jarraituko dugu, ur-biltegi albotik. Pinudia amaituta (10´), landetan zehar igoko gara, baita hesiko langatik beste aldeko muinora ere. Pico la Sal trikuharria tontorrean bertan topatuko dugu (648). Aurrerantzean gainez gain joango gara, mendilerroari eutsiz. Sorrondegin (672) tamaina ederreko mugarriak ikus daitezke, Turtzioz eta Karrantza artekoak. Kantabriako Villaverde barrendegia ere bertaraino luzatzen da. Beheko lepoan (36´), metro gutxi batzuetan bide zabalarekin bat egitea komeni da, gero hesi aldamenetik igotzeko, Karrantza aldetik erosoagoa baita. La Lama trikuharri berezira hurreratuta, azken aldapa zorrotzari ekingo diogu, Armañongo erpin geodesiko zein buzoiraino (851). Txangoa Los Jorrioseraino luzatzekotan, bion arteko lepora jaitsi beharko duzue lehenengo (GR-123 zutoina) eta harkaizpetik gora marra zuri-gorriek lagunduko dizuete Sestao Alpino Klubak 1985ean ipinitako buzoira heltzen (joan-etorria: ordu bat eta 15 min.). Itzulbidea ez dugu gainez gain egingo, La Lamaazpiko bide zabaletik sortzen den pistari eutsiko diogu, zein muino guztiak ekialdetik inguratu eta El Coteronborda paretik jaitsi ondoren errepidera irtengo den, El Suceso auzotik kilometro eta erdira.



Karrantzako zaindaria

Balmasedatik Karrantzara sartu eta topatzen den lehen auzoa El Suceso da. Bitxia gero izena! Bada, XVII. mendera egin behar da atzera, 1670era hain zuzen, jatorriari buruzko azalpena ezagutzeko. E.Labayruk jasotzen duen bezala, Campilloko Maria Rozas neskatoa Llana de Pando aldetik ei zebilen eta bat-batean Ama Birjina agertu omen zitzaion eta agindu zehatza eman ei zion: inguruko abade eta auzokoengana joateko eta bertan tenplua eraiki zezatela eskatzeko. Gertakariak bultzaturik, haran osoan fedea izugarri indartu zela diote antzinako kronikek eta aipaturiko lekura prozesioak etengabe egiten zirela. Honelako batean Ama Birjinaren eta umearen irudi ederra aurkitu omen zuten lurrean eta horrek eragin zuen, azkenean, eliza altxatzea. Karrantza haran osoa ikusteko dagoen begiratokiko irudi erraldoia 1953an egin zuten, Eloisa Txabarriren diruari esker; hori bai, Andra Maria Karrantzako zaindaria izatea lehenagotik dator, 1926ko abuztuaren 12an izendatu zuten eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.