Mendia, beste begirada batez

Treckview proiektu berritzaileak kirola, mendizaletasuna eta 360 graduko ikuspegitik ateratako argazkiak uztartzen ditu. Unai Jimenez nafarrak sortu du.

360 graduko irudiek ingurua osorik erakusten dute, argazki estandarrek ez bezala. UNAI JIMENEZ / TRECKVIEW.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Badira serendipietatik sortzen diren ibilbideak. Gutxien espero denean, bizitzak tekla berezia sakatu eta abenturek euren bidea abiatzen dute. Pareko zerbait jazo zitzaion Unai Jimenezi, 2009an lagunekinmendi ertz batetik zetorrela: txiripaz topatu zuten Google Earthen autoa, Dodeca kamera erraldoia eta guzti.

Orduan, lagun batek, desafioz, tankerako zerbait egitera ausartuko litzatekeen itaundu, eta horrelaxe piztu zitzaion irudi immertsiboak eta mendia batzen dituen Treckview proiektuaren ideia.

Jimenezen xedea mendizale orok behar duen informazio guztia webgune bakarrean biltzea zen, Interneteko itsasoan noraezean hasi gabe; horretarako, 360 graduko irudiak hautatu zituen, Interneteko erabiltzailea bere etxean egonik«zuzenean mendira daramatelako». Izan ere, mendi baten ohiko argazki batek erakusten duen puntu bakarraren ordez, irudi immertsiboak errealitate osoagoa eskaintzen du, eta ageri den puntu horren inguruko espazioa bere osoan bistaratzen dio mendizaleari.

Atsotitzak gustuko lekuan aldaparik ez dagoela dioen arren, Jimenezi hamaikatxo zorigaitz bizitzea tokatu zaio Treckview osatzen duten ibilbideak grabatzerakoan. Lehenengoa, kamera soinean eraman beharra: «Berriz ikasi dut mendian ibiltzen»; kulunka barik, ahal bezain tenteen. Bere begiak ere atzera trebatu behar izan ditu, «etortzeko dagoena aurretiaz ikusi ahal izateko».

Erabiltzen duen materialari dagokionez, kamera berezia darabil, 360 graduko irudiak ateratzeko. Gainontzeko osagarri guztiak «etxetik eramandakoak» ditu: sakelakoak edo pareko gailu elektronikoak kargatzeko erabil daitezkeen bateriak darabiltza. Kamerari eusteko egitura berezia motxilan sartuta eraman ohi du, hark beren-beregi sortutako pertika edo timoi baten muturrean, mugimenduak eta tortsioak saihesteko.

Prebentzioa helburu

Mendian hainbestetan jazo ohi diren istripuetakoren bat gertatuz gero sorospen protokoloak martxan jartzeko aplikazio mordoa dagoela dio; start-up horiek hala mendizaleen, nola inbertitzaileen arreta pizten dute. Bada, txanponari buelta eman, eta istripuak saihesteko bidea urratu du: segurtasuna bermatzeko beharrezkoa den informazioa argi eta bateratuta emateko bidea da Treckview.

Hori bai, mendizaleek feedbacka ematen dioten arren, «badirudi istripuen prebentzioaren aldeko auzia oraindik ez dela heldu inbertitzaileen ateetara». Orain arte jasotako iritzirik politena, nola ez, gailur artean eman zioten: «Mendian inoiz ikusi dudan zorakeriarik ederrena egiten zabiltza», esan zion mendizale batek, Gorizeko (Huesca, Espainia) aterpera bidean, lepoan zeraman tramankulu bitxia zertarako zen azaldu zionean.

360 graduko irudiko ibilbide integralez gain, Treckview proiektuak badu literaturatik, badu magiatik ere: Jimenezek, bere abenturak modu pausatuago batean kontatzeko, blog bat du.

Sail horri eskaintzen dizkio ibilbideen prestakuntzak, grabazioak, ekoizpenak, postprodukzioak eta publikazioak uzten dizkion tarte libreak. «Bloga geldoxeago doa, beraz».

Tontorrik altuenen ametsa

Orain arte egindako ibilbideetatik, Pirinioak zeharkatzen dituen GR11 zeharkaldia du ahotan: «Bestelako lan eskerga bat eskatzen du»; bidenabar, familiaren esanguraz mintzo da, «proiektu bakarti, gogor eta eder honetan laguntzeagatik». Hain zuzen ere, GR11 zeharkaldiaren postprodukzioarekin dabil, egun, buru-belarri: 13.000 argazkitik gora ditu, eta guztiak banan-banan kudeatu behar ditu.

Oraindik publikatu ez duen Pedraforcako ibilaldia ere ez du ahazteko: «Vignemale edo Midi d'Ossau moduko itxura alpetarreko ibilbideen maila du».

Haren ametsak, baina, are gorago daude: bai grabaketa sistema, bai bere gorputza goi mendietan probatzea.Aconcagua aldea eta 7.000 metrotik gorako gailurrak ezagutzea, eta haiek 360 graduko irudiz erakustea aspalditik du begiz joa, ortzimugan bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.