Gaztelugatxeko San Joan biotopo babestua da, eta, ia 160 hektareako eremu horretan, Bakio eta Matxitxako artean hedatutako lurra zein itsasoa hartzen du. Denetarik aurki dezakegu: besteak beste, itsaslabarrak, itsasora ematen duten belardi malkartsuak, barietate handiko basoak eta hainbat uhartetxo. Irla txiki horien artean, tamaina handiko bi daude: Gaztelugatxeko San Joan baseliza hartzen duena, eta Aketze, berrehun itsas txori inguru hartzen dituena. Uharte horretan, ubarroiak, ekaitz txoriak, kaioak eta beste hainbat espezie bizi dira.
Ingurune hau euskal kostaldeko bi ikono nagusi biltzen dituelako ere bada ezaguna, bertan baitaude Matxitxakoko lurmuturra, itsasertzeko garaiena, eta Gaztelugatxeko San Joan baseliza. Irlatxoaren goialdean dagoen ermita turismorako hain ezaguna izanik, gomendagarria da bisita neguan egitea, eta are gomendagarriago astegunetan eta eguraldi aldakorra denean; hala, saihestu ahal izango ditugu baselizara iristeko harmaila berezi horietan jaiegunetan ibili ohi diren turista sardak.
Matxitxako eta baselizaren artean
Matxitxakoko itsasargi zaharraren ondoko aparkalekutik ekingo diogu gaurko mendi ibiliari. Bakio eta Bermeo arteko kostaldeko errepideari jarraituz iritsiko gara itsasargira. Horren gainetik antzeko beste instalazio modernoago bat ikusiko dugu; hortik abiatzen da Bakiora doan bidezidorra, idazkun batekin seinaleztatua. Xendra horretan aurreneko urratsak egin bezain laster, paisaia itsasertz ebakiaren gainean zabaltzen da, ikuspegi ederra eskainiz. Lehen aldiz bistaratuko ditugu Aketze uhartetxoa eta horren atzean Gaztelugatxeko San Joan. Azken hori, itsas arroken gainean eraikitako zubiaren ondorioz, ez da uhartetzat hartzen, modu naturalean lurrari lotutako istmo gisa baizik.
Bidezidorra mendi mazelan gora luzatzen da, itsasargia ezkerrera utzita, eta txilardi trinkoan barna. Ondoren, zuhaitzez beteriko pasabide bat atzean utzi eta, gorago, asfaltozko errei batera irtengo da. Errei horri jarraituko diogu gorantz, eta errepide aurrera iritsiko gara. Bidegurutze horretan, eskuinera egingo dugu, eta Lurgorriko atsedenlekuaren ondoko belardian barrena aurrera egingo dugu. Aparkalekuaren aldameneko askaldegia zeharkatu, eta ataka baten atzetik doan pistarekin bat egingo dugu. Ondoren, gorabeherarik gabe jarraituko dugu, Aketzeko irlatxoaren gaineko ikuspegiez gozatuz. Etxetzar pare baten gainetik igaroko ondoren, Nestor Basterretxearen eskultura erraldoiaren parera helduko gara. Matxitxakoko Guda izena du eskulturak, eta Gerra Zibilean inguru honetako itsas borroketan hil ziren gudariei eskainia dago.
Pixka bat aurrerago, zelaigune batean, eskuinera, pistaren adar bat agertuko da beherantz. Gaztelugatxeko San Joanera doa. Hari jarraituz, mendi mazelan behera jaisten hasiko gara, aldapa pikoan. Txalupa baten eta aingura handi baten eskulturaren aurretik igaro, eta pinuz, gaztainondoz, haritzez eta urkiz osaturiko baso xarmagarri batean sartuko gara. Aipaturiko pistak diagonal bat marrazten du basoz beteriko mendi mazelaren gainean, Urizarretako eremutik datorren bide lauzatuarekin bat egiten du, eta itsas arroken gainean eraikitako zubiraino eramaten du. Zubi horrek eramango gaitu arrapala bihurgunetsura. Tarte lauzatuak eta eskailerak tartekatuz, baselizara eta haren balkoira iritsiko gara, itsasertzeko ikuspegi panoramiko ederrak begietsiz.
Bakiorako lotura
Gaztelugatxeko San Joan ingurune berezi honek ez digu hutsik egingo. Batetik, ezaugarri natural ikusgarriak ditu: itsas higadurak zulatutako uharteko tunelak, Senaiako kala harritsuan itsasaldia jaisterakoan agerian geratzen den harrizko mingaina. Bestetik, berriz, eraikin erlijiosoak hainbat kondaira gordetzen ditu, lekuari eite misteriotsua ematen diotenak. Aurrera jarraituko dugu, eta, horretarako, jatorrizko pistara jaitsiko gara berriro. Oraingoan, ordea, pistatik igo beharrean, harlauzadun errei etzanetik egingo dugu. Mazelatik Urizarreta eremuraino hedatzen da errei hori. Han, bisitarientzako aparkalekua eta ostalaritzako lokal batzuk aurkituko ditugu.
Eskuinera egin eta trafikorik gabeko errei asfaltatu batetik jaitsiko gara. Ondoren, konifero baso batean sartuko gara, eta GR 123 zidorrarekin bat egingo dugu. Bakio aldeko muinoetan zehar jarraituko dugu beherantz. Bide horretan, Atxuloko arraildura arrokatsua eskuinera utzi, eta, pixka bat aurrerago, hogei bat metro eskuinera desbideratuko gara, izen bereko muinora igotzeko. Behatoki horretatik labarren ikuspegi zorabiagarria izango dugu. Erreira itzuli eta beste begiratoki batera dagoen tarte laburra osatuko dugu. Bakioko herriaren eta hondartzen gaineko ikuspegiak oparituko dizkigu talaia honek.
Matxitxakora itzultzea
Urizarretako ingurunera igoko gara berriro, hura gurutzatu eta ezkerrera egingo dugu, Matxitxakorainoko bidea marrazten duten seinaleei jarraituz. Pistarekiko paraleloan doan oinezko bide bat hartuko dugu jarraian, eta berehala Gaztelugatxeko San Joan gainean zintzilikatuta dagoen begiratokira ailegatuko gara. Bertan hainbat plaka dituen zutoina ikusiko dugu, itsasoan hil diren pertsonak gogora ekarriz. Horrez gain, Begoñako Andre Mariaren itsas santutegiari buruzko azalpen panel bat ere topatuko dugu. Izan ere, ermita oso berezia da, Atlantikoko ur azpian, dozena bat metrora, kobrezko birjina bat baitago. Aurrera jarraituko dugu, eta joanekoan baselizarantz eta bere irlatxorantz jaisteko erabilitako bidearekin bat egiten duen lekura iritsiko gara. Azken zati horretan alderantzizko norabidean jarraituko diogu bideari, Matxitxakora itzultzeko.