Pagomakurren (880 metro) hasiko dugu ibilbidea. Bertako pistatik jarraitu, malda gogor bat igo, eta, zementuzko ubide bat zeharkatu ondoren, zelaian gora hasiko gara, haitzen arteko bi pasabide zeharkatu eta Lekandako (1.309 metro) ekialdeko gandorraren oinera iristeko.
Gandorraren ahoan ahalik eta gehien mantenduz eta zailtasunak bilatuz —gehienez II. mailako zailtasuna—, sabaidun horma bertikal batekin topo egingo dugu; eskuinean, sei-zortzi metroko arrail bertikal bat du. Arraila eskalatuta (III), gandorrak ezkerrera jo eta, oinez jarraituz, eskuinean belar kanal nabari bat duen horma bertikal batekin topo egingo dugu. Horma horren ezkerrean dagoen lauzpabost metroko diedro/tximinia bertikala eskalatu (III), eta, gandorraren ahotik mantenduz (II), gailurrera eramango gaituen horma bertikalera iritsiko gara; gainean dagoen harkaitz bloke handi batean soka finko bat jarria du. Sokadun harkaitz blokearen ezkerrera pasatu, eta, pasabide bertikal baten ondoren, iltzeren bat edo beste jarraituz, zertxobait eskuinera doan belarrezko diedrotxo bertikal bat eskalatuko dugu (III). Diedrotxo bertikal hori eskalatuta, gandorraren ahotik jarraituz, ez dugu zailtasun gehiagorik izango Lekandako gailurrera iristeko.
Abiapuntura iristeko, hego-mendebaldeko gandorretik jaitsi, eta, Igelaranzako pasabidea zeharkatu ondoren, Arrabako larretara iritsiko gara, Pagomakurretik Gorbeiara doan ohiko bidearekin berriro ere elkartzeko.
Ekialdeko gandorra eskalatzea oso zaila ez bada ere, pasabide eta zailtasun guztiak saihets daitezke. II/IIIko eskaladatxoak egiteko erraztasunik ez badago, soka edo kordel bat eta express zinta batzuk eraman daitezke pauso zailenetako iltzeetan segurtatu ahal izateko. Harkaitza orokorrean trinkoa den arren, gomendagarria da kaskoa eramatea.
Eskalada
Lekandaren ekialdeko gandorra
Arabako Lekanda mendiaren gailurreko ikusmira txundigarria da. Horregatik bakarrik, merezi du bertara igotzeak.
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Zaila
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu