Mendi ibilaldia

Lazkaomendiko parajeak

Lazkao herrigunetik abiatu, eta Lazkaomendi aldera joko dugu. Lazkao Txiki bertsolari ezaguna jaio zen auzoan barna, Larrunarri edo Txindoki mendi ezagunaren ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera izango dugu txango honetan.

Txindoki mendia Lazkoko Lazkaomendi auzotik.
Txindoki mendia Lazkaoko Lazkaomendi auzotik. MIKEL ARRIZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. Lazkaomendi
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Lazkao, San Joan Bataiatzaileren ermita, Amundarain baserria, Abalinzar baserria eta iturria, Lazkaomendi auzoa, kanposantua, Lazkao
  • Distantzia: 8,5 km
  • Iraupena: 2 ordu eta 20 minutu
  • Ingurunea: Goierri, Aralar
  • Estekak: Lazkaomendiko parajeak
mikel arrizabalaga
2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Lazkaoko biztanle gehienak herrigunean bizi dira, baina beste askok herria inguratzen duten lurretan barreiaturik dauden auzo txiki eta baserrietan ematen dute eguna. Ibilbide honen bidez, zenbait arrazoi direla medio Lazkaoko auzorik ezagunena dena bisitatzeko parada izango dugu: Lazkaomendiko auzoa, hain zuzen ere.

Lazkaoko herrigunean dagoen monumentu multzoa osatzen duten eraikin artistiko-erlijiosoen ondoan emango diogu hasiera ibilaldiari —hantxe daude beneditarren komentua, Lazkao jauregia, San Migel eliza eta moja zistertarren komentua—. Agauntza erreka zeharkatzen duen zubia igaro, eta, Hirigoien kalean zehar, herriaren beste alderaino joango gara. Herrigunea atzean utzi, eta Zubierreka auzora helduko gara, Lazkaoko presa txikia eta industrialdea  dauden lekura. Bide zati horretan, San Joan Bataiatzailearen ermitaren ondotik pasatuko gara. Aurreko aldean, ermita eraiki zuen familiaren armarria dago, Iribe familiarena.

Agauntza errekaren paraleloan aurrera egingo dugu, bidegurutze batekin topo egin arte. Egurrezko bide seinaleen ondora iristean, ezkerrera zuzentzen den bide zabala hartuko dugu. PR-Gi 003 bide balizatu eta zaharraren arrastoari jarraituz, Ibarlaburu baserriraino igoko ginateke, baina nahikoa utzita dago, eta sasi eta belar altuek deserosoa eta ezatsegina egiten dute bertatik jarraitzea. Beraz, ehunen bat metro gorantz egin, eta eskuinaldetik hedatzen den bide zabala hartuko dugu, bide balizatua utzita.

Kilometro eta erdian maldan gora egingo dugu; Sukitxikia baserriaren ondotik igaro, eta Amundarain baserriraino igoko gara. Hor, berriro PRaren ibilbidearekin bat egingo dugu. Bidegurutze horretara heltzean, bidea leundu egiten da. Iramendi mendia inguratuz, Larrunarri edo Txindoki mendi ikusgarriaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Pista erosoan zehar, erraz iritsiko gara Abalinzar baserrira eta haren ondoan dagoen iturrira. Baserri hartan jaio zen Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki. Euskal Herriko makina bat txoko eta herritan ibili zen bertsolari ezaguna, baina Lazkao Txikiren txokorik kuttunena Lazkaomendi auzoa zen, bertan jaio baitzen, 1926an. Jaiotetxea leku garaian egon arren, gure Joxe Miel ez zen asko hazi, eta honela erantzuten zien kazetariek bere jatorriaz galdetzen ziotenean: «Jaio, Lazkaomendin; hazi, inon ere ez!».

Lazkao Txiki bertsolariaren jaiotetxeari bizkarra eman, eta beherantz jarraituko dugu, ingurune natural paregabeaz gozatuz. Atxubitetxe eta Goikoetxe baserrien ondotik igaro, eta eskola zaharrak izan ziren eraikinaren ondora jaitsiko gara. Ohikoa da jendea ikustea gaur egun Lartsai elkarteak erabiltzen duen eraikin horretatik Larrunarri edo Txindokiri argazkiak ateratzen, batzuk oinez eta beste batzuk, berriz, autoz bertaratuta. Haren irudi eder eta piramidalak Suitzako Cervino ospetsua gogorarazten du; horregatik, Euskal Cervino ere esaten diote batzuek.

GI-3491 errepidean zehar, baserri artean erraz galduko dugu altuera. Bide seinale zuri eta horiak tarteka agertuko dira, baina bihurgune handira heltzean, bide balizatuak eskuinera egiten duen lekuan, hura utzi eta errepidetik jaisten jarraituko dugu, hilerriaren ondora iristeko. Hor, ezkerretik marrazten den pista eroso batek berehala eramango gaitu Lazkao herriko Maizpide euskaltegiaren ondora, moja zistertarren komentutik gertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.