Eskalada

Larrunarri, 'Mailenka' bidea

Txindoki, 'Mailenka' bidea
Bidearen lehen luzea. XABIER MUJIKA
Gipuzkoa-Mailenka bidea. Eskalada
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Ingurunea: Txindoki, Aralar
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2024ko otsailaren 21a
05:00

Larrunarriko eskalada teknikoa da, aseguruen arteko tartea orokorrean ez da motza (horregatik gomendagarria izaten da friend edo artaka-trabagailuren bat eramatea) eta, zailtasunari dagokionez, V zailtasunetik gorako eskalada-bideak dira. Beharbada horregatik, eta hormara hurbiltzeak ordu bete emango digulako, ez dugu eskalatzaile pilaketarik topatuko, eta eskalada lasai eta bakarti batez gozatzeko aukera izango dugu. Baina eskalada-bide hauen artean bada Mailenka izeneko bidea, Larrunarrin dagoen eskalada-biderik errazena ziurrenik.

Bidearen datu batzuk

- Luzera: 115 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Zailtasuna: IV. Luzez luze: 1.L: III+ (25 m), 2.L: IV (30 m), 3.L: IV (30 m) eta 4.L: IV (30 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daitekeen arren, goizaren lehen orduetan itzalpean dago.
- Ura: Hurbilketa nondik egiten den arabera, Larraitzen edo Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasatu ondoren dagoen pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi, eta zelaian gora hasiko gara, hormarantz. Autoa uzten den lekutik bidearen oinera, ordu eta laurden inguru pasako dugu, lasai igota. Beste aukera bat da Tximista bidetik igotzea, eta, luzeagoa bada ere, Oria iturrian zintzurra freskatzeko aukera izango dugu.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: bidea rappel eginez ibiltzea, Arrastrakulos kanaletik jaistea, edo, ipar-mendebaldeko gandorra jarraitu eta Erlabeltzeko puntatik pasatuz, Larrunarriko gailurrera iritsi, eta harino iristen den ohiko edozein bidetatik jaistea.
- Zer material eraman: 60 metroko bi sokekin bi luzeetan eskalatu, eta bi rappel saiotan jaisteko aukera izango dugu. Horrez gain, 8-10 espres zinta eta bilguneak muntatzeko zinta-uztaiak eraman beharko ditugu. Friend edo artaka-trabagailu sorta bat eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Eskalada-bidea eskalatzeko zenbat denbora behar den: ordu betean eskalatu daiteke.

Deskribapena

- Lehenengo luzea: 25 metro, III+. Harkaitz-plaka etzan bat eskalatuko dugu (III). Sabai batera iristean, eskuinaldetik saihestuko dugu, arrail sistema bati jarrituz (III), erlaitz eroso baterainoigo arte. Koska txikiz betetako harkaitz plaka inklinatu eta motz bat eskalatuz (III), lehenengo bilgunera iritsiko gara.

- Bigarren luzea: 30 metro, IV. Bilgunearen eskuinaldera oinez hasi, eta arrail nabarmen eta zurixka baten ondora iritsitakoan honen eskuinetik eskalatzen hasiko gara, harkaitz-plaka etzan bat eskuin noranzkoan eskalatuz, lehen paraboltera iritsi arte (III). Hemendik harkaitz-plaka zertxobait tentetzen da, hormak kolore zuria hartzen duen tarte batean batez ere (IV-). Erlaitz txiki batera iritsitakoan parabolt bakarrez babestuta dagoen harkaitz-plaka tente bat eskalatuko dugu (IV) bilgunera iristeko.

- Hirugarren luzea, 30 metro, IV. Belarrez estalita dauden harkaitz-plaka etzan batzuetatik igotzen jarraituz, eskuinaldera joko dugu, zuri koloreko arrail tente eta nabarmen baten azpian kokatuz (III). Arraila eskalatu (IV) eta, bosgarren paraboltetik eskuinaldera eskalatzen jarraitu beharko dugu bilgunera iristeko (IV).

- Laugarren luzea: 30 metro, IV. Diedro inklinatu baten itxura duen harkaitz-plaka bat eskalatuko dugu, arrail belartsu eta nabarmen batera iritsiz (III+), oinean harkaitz-zubi handi bat duena. Arrailaren gainetik dagoen harkaitz-plaka inklinatura igo (IV), eta goian dagoen sabai nabarmenaren eskuinaldera desbideratuko gara, hormak zuri kolorea hartzen duen lekura, hain zuzen ere (III+). Leku honetan hormak ezproi txiki baten itxura hartzen du. Eskuinaldera zeharkaldi motz bat eginez ezproia inguratuko dugu (IV), eta sendoak ez diruditen harkaitz handi batzuk eskalatu ondoren laugarren bilgunera iritsiko gara (III+).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.