Mendi ibilaldia

Larrinzargana, behatoki jaukala

Larrinzar leku izena Mendotzako barrutian dago, Badaiatik barreiatzen diren sakanak apaltzen diren aurkintzan. Begiak zoli, paisaia ederra bistaratuko zaigu tontorretik.

Basalarteko ur emari urria putzuetan metatzen da. JOSEAN GIL-GARCIA
Basalarteko ur emari urria putzuetan metatzen da. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Larrinzargana
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Mendotza, Larrinzargana, Ubarriaran, Otobarren, Urrialdo, Martioda, Mendotza
  • Distantzia: 12,5 km (175 m+)
  • Iraupena: 3 ordu
  • Ingurunea: Badaia mendilerroa
  • Estekak: Larrinzargana
Josean Gil-Garcia.
2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Badaia mendilerroa iparraldetik hegoaldera zabaltzen den goi ordoki bikaina da. Pandero karstikoa tanpez amiltzen baita mendebaldean, Kuartango haranera doazen harbideen sigi-sagak txundidura sorrarazi ohi du bidaztiengan. Ekialdeko mazelak, ordea, bestelakoak dira. Bazterrak sakanaz emokatuak direnez gero, zoko-mokootan barrena ibiltzeko estakuru ederra izaten da. Orduak labur egingo zaizkigu hara-hona ibilian.

Mendotzako barrutiko Mendigurenganaren eta Basalarteko sakonaren artean, Larrinzar izeneko mendilerro bitxia luzatzen da. Haren oinaldean, Larrinzarko Andre Mariaren baseliza altxatu zen behiala, Gerardo Lopez de Gereñu Galarragak 1962. urtean argitara eman zuen Álava, solar de Arte y de Fe liburuan jakinarazi zuenez. Gaur egun ez da tenpluaren arrastorik, nahiz eta —betiere nekazarien hitzetan— lurra pitin bat astinduz gero teila puska bakanak agertu ohi diren. Horiek horrela, Gasteizko balizko arkeologia gune izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 1997an, Gasteizko udalerriko elementu askorekin batera: Ubarriaran, Urrialdo eta Otobarrengo dorretxea, besteak beste.

Gasteiz inguruko leku izenak ikertzen jardun du aspalditik Elena Martínez de Madina adituak. Langraizko toponimiari tartea uzten dion liburukian, Larrinzargana toponimoaren berri ematen da, akaso behialako ermita haren gainean altxatutako muinoari erreferentzia egiteko. Dena dela, Larrinzarko paisaia hizpide, ingurubira polita osatuko dugu, Mendotza, Otogobarren eta Martioda herriak bidari.

Lautadako begiratokia

Mendotza herrian (Araba) hasiko gara ibilian. Dorretxearen (XIII. mendekoa) ondoko aparkalekuan utziko dugu autoa, eta oinez sartuko gara herrigunean. Batzar Etxera helduta, eskuinetik segitu eta, elizako muinora igo gabe, beheko kaletik jarraituko dugu. Badaia mendilerroari begirik kendu gabe, Mendotzako Barreraraino gidatuko gaitu Badaiako xendak —nekazari bidea da gaur egun—. Barrerako Aldatsa gainditu berritan, GR-25 zidorraren pintura arrastoekin bat egingo dugu. Bide sarda horretan, hain justu, eskuinera egingo dugu, Badaiako sakanetara doan zidorrari muzin eginda. Barrerako labore soroa aldamenean dugula, ipar-mendebaldera urratsak egiten hasiko gara. Laster joko dugu ezkerraldera. Hala, artadian barrena gora doan gurdibidea bidari, harri zapalez egindako harresi batekin egingo dugu topo. Badaia urratzen duten sakanak aurrez aurre izango ditugu. Harresiaren konpainia laga gabe, Larrinzarganera iritsiko gara. Gasteizko hiria, Otobarren, Otogoien, Okabideko mehaka eta Badaia-Arrato mendiguneak bistaratuko zaizkigu behatoki horretatik.

Talaiatik jaisten hasita, Otobarrengo barrera zeharkatuko dugu. Gero, Askanbe eta Loiate muinoetatik gertu, Badaia mendigunetik aldentzen hasiko gara. Horretarako, GR-25 zidorrari jarraituz, eskuinera egin eta maldan behera abiatuko gara. Otobarrengo barreraren aurrean, balizajea utzi, barrera zeharkatu, eta Ubarriaran ermitara iritsiko gara. Otobarren herrira zeharkatzen ari garela, eskuinetik segituko dugu kale banatzean. Hala, dorretxetik (XV-XVI. mendea) eta eliza paretik igaro ostean, errepide nagusira helduko gara. Asfaltoa gurutzatu, eta Landeta parajeraino lagunduko digun nekazari bideari lotuko gatzaizkio. Oilo haztegia igaro eta berehala agertuko zaigun bide sardan, Urrialdoko baselizara hurreratzeko parada ezin hobea izango dugu. Aspaldi desagertutako herri hustu bati zegokion elizaren hondarrak ikusiko ditugu hantxe. Kondairak dio begirada zorrotzeko basilisko bat bizi izan zela han behiala. Nonbait, hari egotzi zitzaion herriaren desagerpena.

Landetako bide sardan, beraz, eskuinera jo eta Martiodara doan bideari men egingo diogu. Aurrean, mendi tontor gainean Hurtado de Mendotza dorretxea nabarmenduko zaigu (XV-XVI. mendea). Arabako Lautadako komunikabideak menperatzen zituen muino estrategiko batean kokatuta atzemango dugu. Errepidea eta Goro ibaia zeharkatu ostean, baita aldats pikoari aurre eginda ere, dorretxearen aurreko plazara igoko gara. Gero, dorretxeari bizkarra emanez, ezkerrera egin, eta, 12-13 zenbakidun txalet parean, eskuinera egin eta, Martiodaibarrean aurrera eginda, Mendotzara iritsiko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.