Mendiko bizikleta

Landarraitz mendia eta Angiozarko haranaren bira

Bide berdeak eta gailur garaiak loturik, Bergarako ikuspegi ederrak eta askotarikoak izango ditugu ibilbide honetan.

Bergara eta Antzuola arteko Ferrocarriles Vascongados bide berdeko tuneletako bat
Bergara eta Antzuola arteko Ferrocarriles Vascongados bide berdean zenbait tunel zeharkatuko ditugu. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Bergara
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Agorrosin Ekintza Gunea (Bergara), Antzuola, Landarraitz, Elorregi auzoa, Irutontorreta, Intxortako atea, Txikaso
  • Distantzia: 45,5 km
  • Iraupena: 4 ordu eta 10 minutu
  • Ingurunea: Bergara, Angiozar harana
  • Estekak: Bergara-Landarratx-Irutontorreta-Asentzio
Ivan Ruiz.
2024ko abenduaren 18a
05:00
Entzun

Bergaratik hurbil badira Euskal Herriko Mendien Katalogoan ageri diren zenbait gailur, horien artean Landarraitz eta Irutontorreta. Bergara 145 metroko garaieran egonik, erronka gogorra izango dugu 600-800 metro garai diren mendi horiek igotzea, baina trukean, Angiozarko harana inguratu bitartean, Udalatx mendiaren ikuspegi ederrez gozatu ahal izango dugu, 36ko gerraren garaian liskar bortitzen lekuko izan ziren mendien artean.

Bergarako Agorrosin kirolgunean badugu bizikleta garbitokia (145 m), eta horixe izango da gure abiapuntua. Biribilgunean ezkerrera eginez, Deba ibaia zeharkatu eta bigarren biribilgunean eskumara joko dugu; laster, Moiua dorrera (XVIII. mendea) daraman kalean gora egingo dugu. Jauregitik gora zenbait metroz pistari jarraituta, bat egingo dugu  Ferrocarriles Vascongados trenbidearen bide berdearekin. Antzuolaraino segituko dugu bide horretan.

Zelai, baso eta baserrien artean, hainbat tunel zeharkatuko ditugu —posible da argirik gabe igarotzea, baina gomendagarria da argitzeko zerbait eramatea— Antzuolara iritsi baino lehen. PR GI-98 ibilbidearen seinale batek adieraziko digu Antzuolarako jaitsiera noiz hartu. Herrian (248 m), Antigua auzoko ermita, errota eta kalbarioa bisitatu ahal izango ditugu. Diotenez, herriko semeak oinez ikastera joaten ziren kalbariora, amarekin; hiru buelta ematen zizkioten, otoitz eginez, eta, buelta bakoitzean, muxu ematen zioten oilarrari.

Irimoegibarrena auzoan gora egingo dugu ondoren, Igirain erreka alboan dugula. Porlanezko eta legarrezko pistan barrena, esfortzu handia eginda, Azaldegietako atsedenlekura (769 m) iritsiko gara. Hurbil dugu Landarraitzeko gailurra (829 m), hego magaleko zelai aldapatsuari aurre eginez topatuko duguna.

Gasbideari jarraituz, Elorregi auzora daraman jaitsierari ekingo diogu, Krabeliñaitzeko postontzian geldiunea eginda. Ikuspegi paregabeak dituen harkaitzezko muino txiki bat da Krabeliñaitz. Deba ibaia zeharkatuta (190 m), San Prudentzio elizaren ondoan aurkituko dugu hilerria lehenengo, eta Zigarrerokoa baserrira daraman pista aldapatsua ondoren. Orduan, ezkerreko xendatik jarraituko dugu mendilerrora igo eta Irutontorretako gailurrera joateko (623 m). Goian, postontzia ikusiko dugu, ikurrina zahar bat, eta Irutontorretako atso-agure izenez ezagunak diren harkaitz parea.

Hortik, mendilerroak U itxura hartzen du Angiozarko haranaren inguruan, eta jarraitu egingo dugu, Elgetara bueltatzeko. Hala, Irutontorreta III tumulutik igaroko gara lehenengo, Murtuko gailurretik eta han dagoen lubakiaren aztarnen ondotik gero, eta Goizaringo zelaia eta haren tumulua atzean lagatzean, Harrizurieta mendia inguratuko dugu ipar magaletik, GR 289 bidearekin bat egiteko. Bide horrek Kanpazar-Elgeta errepidearekin bat egiten du, eta hura baliatuz, Intxortako Atea eskulturara iritsiko gara (545 m). Eskultura horren bitartez, Juan Jose Arangurenek gogora ekarri nahi zuen errepublika defendatu zuten gudarien balentria, eta asmoa zen eskultura egia aurkitzeko esparru baterako atea izatea.

Mendi bideetara bueltatuz, Asentzioko atseden gunera eta ermitara joango gara gero. Mendilerroari jarraituz, bideak Txikaso mendira gidatuko gaitu, eta gailurretik behera eginez, Zupide baserri ikusgarriarekin egingo dugu topo; handik, amen batean bueltatuko gara Bergarara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.