Eskalada

‘Lanbroa’, Axitarteko Haitz Txikian

Irurtzungo (Nafarroa) Axitarten dagoen eskalada biderik errazena izan daiteke 'Lanbroa' bidea (150 m, 6a), baina, hala ere, oraindik ez da oso ezaguna.

Irurtzungo Axitarteko 'Lanbroa'  bidea
'Lanbroa' bidea eskalatzen, eta atzean A15 autobidea. XABIER MUJIKA
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Irurtzungo Axitarte
  • Distantzia: 150 m (6a)
  • Iraupena: 2 ordu
  • Ingurunea: Irurtzungo Axitarte
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Irurtzungo Axitarten hainbat eskalada bide daude, eta, horien artean, Lanbroa da samurrenetakoa. Bide horretan, denetarik topatuko dugu: itsasgarritasunezko pasaguneak, horma makurtuak, arrailak eta helduleku txikiko pasagune finak. Okerrena? A-15 errepideko autoen joan-etorriak sortutako zarata, sokalagunarekin komunikazioa zailtzen duena.

Bidearen datu batzuk

Luzera: 150 metro.

Luze kopurua: 5.

Zailtasuna: 6a. Luzez luze: 1. luzea: V (35 m), 2L: III+ (20 m), 3L: V+ (30 m), 4ºL: 6a (40 m) eta 5L: V (25 m).

Orientazioa: Lehenengo bi luzeak, mendebaldea; azkeneko hirurak, aldiz, hegoaldea. Udan, arratsaldean batez ere, baliteke bero handia pasatzea.

Ura: Irurtzunen har daiteke.

Hurbilketa: Autoa uzten den lekutik errepidea gurutzatu, eta hesia zeharkatuko dugu metalezko pasagune batetik. Hortik gora bidexka bati jarraituko diogu; harriei eusteko jarrita dauden metalezko sare batzuk eskuinetik zeharkatuko ditugu, eta, soka finkoaz segurtatutako bi pasaguneren ondoren, Plataforma eskalada sektorera iritsiko gara. Bidexkaren amaieran hasten da eskalatzeko bidea, Naturaren bihotzean bidearen eskuinean dagoen parabolt lerroaren azpian.

Jaitsiera: Hogei minutu eskas. Bidearen amaieratik ezkerraldera, gandorraren ahotik jarraituz, Haitz Txikiaren gailurrera ailegatu aurreko mendi lepora iritsiko gara. Hortik ezkerraldera jaitsita, eta burdinazko barra handi batzuk dituen harkaitz plakan behera ondoren, bidexka bati jarraituko diogu: laugarren bis bilgunera iritsiko gara. Hortik aurrera, hormaren oinetik gertu geldituz, bidexka berari segituko diogu harik eta mugarri bat duen bide nabarmen batekin topo egin arte. Mendian behera sigi-sagan doan bide horretan barrena harizti batean sartu, eta egurrezko poste batekin topo egingo dugu. Eskuinera joko dugu orduan. Metalezko ate txiki bat zeharkatu ondoren, pista batera iritsiko gara, autoa utzi dugun lekutik 50 metro eskasera.

Materiala: Bidea ekipatuta dagoenez, nahikoa izango dugu askotariko luzera duten hamalau express zintarekin eta bilguneak muntatzeko zinta uztaiekin. Oso gomendagarria izan daiteke walkie-talkie batzuk eramatea, A-15 errepidetik datorren zaratak bilguneen arteko komunikazioa zailtzen baitu.

Denbora: Bi ordu pasatxo, gure kasuan.

Eskalada. Lanbroa bidea
'Lanbroa' bidearen krokisa.

Deskribapena

Lehenengo luzea (35 metro, V). Bi ezpel txiki ezkerrean utzita, harkaitz plakak sortutako ezproi itxurako zimur bat eskalatuko dugu (III). Honen ondoren, bi harkaitz plaka tente datoz, biak V zailtasunaren inguruan daudenak. Bigarrenaren ondoren, parabolt metalikoen lerroari jarraituz eskuinerantz eskalatuko dugu, sabai bat duen horma baten aldera (III-). Hormatxo hori eskalatuta (IV+) eta azken metro etzanen ondoren (III-), lehenengo bilgunera iritsiko gara.

Bigarren luzea, 20 m, III+. Harkaitz plaka inklinatu batean eskuinera joz, goranzko zeharkaldi bat egingo dugu (III+). Metro inklinatu horien ondoren, harkaitz plaka berriro ere etzaten da. Eskuinerako goranzko zeharkaldiarekin jarraituz, arte batzuen artean dagoen bilgunera iritsiko gara.

Hirugarren luzea, 30 metro, V+. Lehen metroak azpitik diruditen bezalakoak dira, makurrak eta besoetatik tira egitea eskatuko digutenak (V+). Bigarren parabolt-etik gora harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu (V-), eta harkaitz plaka etzan bat eskuin joerarekin eskalatzen jarraituko dugu (III), horma bertikal batekin topo egin arte. Bi harkaitz bloke handi ditu horma horrek. Hori eskalatuta (V), bi parabolt dituen gain batera iritsiko gara. Laugarren luzearen oinera iristeko, bilgunetik eskuin aldera hartu eta ezpel handi batzuk eskuinetik inguratu ondoren, parean dagoen hormara oinez joango gara.

Laugarren luzea, 40 metro, 6a. Horma bertikal batera iritsi arte tentetuz doan harkaitz plaka bat eskalatuko dugu hasieran (IV+). Horma bertikal horretan dago luzearen zailtasunik handiena (6a). Pasagune fina da, estutzea eskatuko diguna. Zazpigarren parabolt-aren parean ezkerraldera metro pare bateko zeharkaldia eginez, hormaren ezkerrean dagoen arrailera iritsiko gara (V). Hori eskalatuta, bilgunera iritsiko gara.

Bosgarren luzera iristeko, bilgunearen eskuinetik irten eta parean dagoen hormara oinez joango gara. Hormara iritsitakoan ezkerrera jo,  metro batzuk ibili, eta berehala iritsiko gara bosgarren luzearen oinera: horma tapizatzen duten zuhaitzen artean nabarmentzen den kareharrizko korridore bat da.

Bosgarren luzea, 25 m, V. Hormatxo batera igo eta metro erraz batzuen ondoren (III+), horma bertikal baten oinera iritsiko gara. Luzearen lehen parabolt-ak segurtatzen du pasarte hori. Hormaren eskuinean dagoen arrailean daude zailtasunik handienak (V). Pasagune horren ondoren, luzeak helduleku oneko horma bertikal batetik jarraitzen du, gandor batean dagoen bilgunera iritsi arte (V-).
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.