Mendi ibilaldia

Kuartangoko megalito parkea

Egin berri diren ikerketa lanek lehen lerrora ekarri nahi dute Kuartango ibarreko ondare historiko eta megalitikoa. Ondare itzela bezain harrigarria duen ingurua da.

Bederatzi harlauzaz osatutako kamera hexagonal bat du San Sebastian Hegoa trikuharriak. JOSEAN GIL-GARCIA.
Bederatzi harlauzaz osatutako kamera hexagonal bat du San Sebastian Hegoa trikuharriak. JOSEAN GIL-GARCIA.
p023 i01
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Abornikano, Montegrandeko hariztia, Peñarredonda, Endika mugarria, Arnateko lepoa, Abaroko ataka, Eskolunbeko parkea, San Sebastian, Anda.
  • Distantzia: 10km
  • Iraupena: 3 ordu.
  • Ingurunea: Egin berri diren ikerketa lanek lehen lerrora ekarri nahi dute Kuartango ibarreko ondare historiko eta megalitikoa. Ondare itzela bezain harrigarria duen ingurua da.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2021eko abenduaren 7a
09:00
Entzun

Kuartango ibarreko megalito parkeari (Araba) hauspoa emate aldera, jo eta su ibili dira azken bi urteotan, besteak beste, ikerlariak, EHUko irakasle eta ikasleak. Lan eskerga, zinez, Baia ibaiaren ondoko ordokian maskaratutako trikuharriei zor zaien merezimendua berriz emateko asmoz. Arkeologoen lanek bi urte iraun dute. Baina, beste urtebete falta da oraindik bertoko ondareari azken ukituak emateko. Megalitoak ez dira arratsalde epelean goratuak izan, eta egokitze lanak mimo handiz egiten dira.

EHUko ikerlarien ustetan, 5.500 urte inguru dituzte monumentu historiko horiek. Hilobi arkitektonikootan deigarriena, akaso, Montecillo izena daramana da (San Sebastian Hegoa, teknikoki). 30 metroko diametro handia erakusten du.

Abornikano (Araba) herrian emango diogu hasiera ibilbideari. Hala, Gorbeialdeko bazter horretan ibilian hasita, osteratxo galanta emango dugu Kuartango ibarreko parke megalitikoan barrena. Aspaldiko harbideak eta aski ongi kontserbatutako hariztiak lagun, beraz, behialako zein egungo paisaia deskubritzeko ahaleginetan murgilduko gara jarraian.

Abornikanoko Eskailotegi izeneko kalean utziko dugu autoa, intxaurrondo handiaren ondoan. Latsarriaren paretik igaro, eta berehala, ezkerrera egin, eta pilotalekua dagoen plazatxora iritsiko gara. Elizaldera jotzen duen kalea lagata, baina, eskuinera okertu, eta ibiltarientzat egokitu berri duten aparkalekura helduko gara. Montegrandeko harizti babestuan sartu ostean, Baia ibairekin egingo dugu topo. Ibaiaren paraleloan jarraituko dugu, eta berriz zeharkatu ondoren, Algarrazales parajean aurrera egingo dugu. Lehen bihurgunean, eskuinera egiten duen basabideari muzin egin, eta zehar-zehar jarraituko dugu pagadi-hariztian barrena.

Pagadia atzean utzi berritan, jaitsiera xumea egin, eta goratasuna hartuko dugu berriz. La Encontrada zoko historikoa eta Arnate lepoa lotzen dituen basabidearekin bat egingo dugu bizkor-bizkor. Baia ibaiari bizkarra emateko garaia da orain. Eskuinera hartuko dugu bidebanatzean, eta, maldari aurre eginda, Peñarredonda izeneko talaira iritsiko gara. Goraxeago, Endika mugarria altxatzen den balkoia dugu. Mugarriari itsatsitako plakatxoak dioenez, Kuartango, Urkabustaiz eta Zuiako udalerrietako bazterrek bat egiten dute bertan. Leku hori baliatuko dugu inguruko bazterrak ezagutzeko. Barrera metalikoa igaro, eta eskuinetik jarraituko dugu, alanbre parean. Erkametzak, ipuruak eta arrosategia gogaide, goratasuna hartzeari eutsiko diogu.

Abornikanoko harbidea

Basarango bazterrera begira jarriko gaituen Narreateko lepora iritsiko gara ziztuan. Maldan behera abiatu ordez, bidean gora jarraitu, eta Arnateko putzu, iturri eta lepora iritsiko gara. Badaia mendilerroko iparraldeko ertz ederrean gaude. Urrats batzuk baino ez ditugu egingo Badaiako ordokian barrena. Hala, tipi-tapa bizpahiru minutu eman ostean, basabide nagusitik irten, eta eskuinera joko dugu Abaroko atakara iriste aldera. Kuartango ibarrera jaisteko garaia izango da orduan. Horretarako, eskuinetik doan basabidea hartu, eta maldan behera egingo dugu. Hamar minutu, besterik ez. Lehen desbideratzean —mugarritxo bat izaten da bidebazterrean—, ezkerrera egin, eta belarreko bideak lagunduta, Eskolunbeko parkea aurrez aurre izango dugu.

Elizaren aurretik igaro, eta parketik irten ostean, ibaiaren paraleloan jarraituko dugu. Katadiano herrian sartu ordez, errepide nagusira joko dugu zuzen-zuzen. Errepidea, zubia eta trenbidea gurutzatuta, trikuharriak altxatzen diren ordokia bista aurrean izango dugu. Ezkerraldean Gurpide izena daramaten biak daude. Aurrez aurre, hesiaz beste aldean, San Sebastian izenekoa ikusiko dugu, trikuharririk ikusgarriena. Bisita egin ondoren, eskuinera egin, eta nekazari bideari oratuta, Anda herrira doan bideari oratuko gatzaizkio. Laugarren trikuharria,eskuinaldean ikusiko dugu, erkametz mirrinek inguratuta.

Behin Anda herrian gaudela, eliza goratzen den muinora igoko gara. Tenpluaren ezkerraldetik igaro, eta Abornikanora doan aspaldiko harbideari lotuko gatzaizkio. Zidorra belarrez apaindutako xenda eder baten moldean agertuko zaigu hasieran. Endika putzura eta mugarrira doan hartxintxarreko bidea zeharkatu eta berehala, berriz, harbide baten tankera hartuko du xendak, batez ere Gibita muinoko iparraldeko magalera igarotakoan. Pagadiak magal osoa hartuta, zehar-zehar jarraituko dugu, harik eta Algarrazales tokira doan basabidearekin bat egiten dugun arte. Bertako langak gurutzatuta, bide zabalak alde batera laga, eta begi bakarreko Pila zubia zeharkatuko dugu. Pagadian sartu, eta harbidearen arrastoak gogaide, nekazari bide batera helduko gara azkenik. Ezkerrera egingo dugu han. Bi barrerak igaro, eta asfaltora irtenda, eskuinera okertuko dugu ondoko baserria inguratzeko xedez. Hurrengo bidebanatzean, eskuinera hartu, eta latsarriaren ondoko intxaurrondoan amaituko dugu .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.