Mendi ibilaldia

Kartxela eta Binbaleta

Mendebaldeko Pirinioetako talaia bikaina dira bi mendiok. GR-12 edo Euskal Herriko Ibilbideari jarraituz egingo dugu txangoa; Euskal Herria mendebaldetik ekialdera alderik alde zeharkatzen duen ibilbide luzea da zidor hori.

Keleta, Ezkieta eta Kartxela mendiak Arrakogoitiko lepotik
Keleta, Ezkieta eta Kartxela mendiak Arrakogoitiko lepotik. MIKEL ARRIZABALAGA
Nafarroako ibilbidea. Kartxela, Binbeleta
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Belaguako aterpea, Arrakogoitiko lepoa, Kartxelako lepoa, Kartxela, Binbaletako lepoa, Binbaleta
  • Distantzia: 11,8 km
  • Iraupena: 3 ordu eta 45 minutu
  • Ingurunea: Belagua, Nafarroako Pirinioa
  • Estekak: Kartxela eta Binbaleta
mikel arrizabalaga
2024ko maiatzaren 22a
05:00

Belagua haranean dauden Kartxela eta Binbaleta mendiek mendebaldeko Pirinioetako talaia aparta osatzen dute. Bertatik bi mila metrotik gorako tontorrak ikusi ahal izango ditugu, hala nola Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Txamantxoia eta Arlas. Inguruko tontorrik altuena izan arren, ez da Belaguako mendatera doan errepidetik ikusten, Keleta eta biak lotzen dituen kordalaren gibelean baitago. Ekialdetik begiratuta, mendi irisgarria da, batik bat errepidearen ondoan dauden Venta de Juan Pito, Yeguaceros edota Belaguako aterpearen ondotik abiatuz gero.

Angel Oloron aterpetxetik, Belaguako aterpea bezala ere ezaguna, GR12a hartuko dugu, eta, bidezidor erosoan zehar, ia desnibelik eta galerarik gabe, aurrera egingo dugu Arrakogoitiko lepora bidean. Uturrotxeko uraskaren ondora iritsiko gara Yeguaceroseko aparkalekutik datorren bidearen bat eginez. Izen bereko iturrik jasotako urak gordetzen ditu abereentzat. Ibilbidearen zati honetan aziendaren bidexkak bistakoak dira, guztiak norabide berean doaz, eta denak ura dagoen lekuetara iristen dira.

Iturria atzean utzi eta Lakhura mendiaren magala zeharkatuko dugu txilar eta belar artean marrazten diren xenden barrena. Inguru hauetan kontu handiz ibili behar dugu, kareharria bustita badago, nahikoa labainkorra da eta. Igoerako bide zaharra belazeetatik igarotzen zen, igoera eta jaitsiera desberdinekin. GR 12aren trazadurak, berriz, aziendaren bidexken artean Arrakogoitirainoko altuera leun mantentzen zutenak bilatu zituen. Lepora heltzean, Kakuetako zintzurra goitik ikusteko aukera izango dugu. GR-12 edo Euskal Herriko Ibilbidea Euskal Herria mendebaldetik ekialdera alderik alde zeharkatzen duen ibilbide luzea da, eta, Arrakogoitiko lepoan, Errege (GR-321) eta Kontrabandista bideekin (GR-321.1) bat egiten du. Zuberotarrek Urdaiteko lepoa ere deitzen diote honi.

Arrakogoitiko lepotik Kartxelara marrazten den bidea oso nabarmena da, hasieran aldats arina, baina Kartxelako lepora iritsi aurreko azken zatian aldapa pikoa eta atsedenik gabekoa da. Bigarren mendi lepo honetan, Orhi eta Otsogorrigañaren ikuspegi ikusgarriak agertuko zaizkigu aurrez aurre, beren forma bereziengatik zerumugan nahasezinak direnak. GR bidea utzi eta hego-mendebalderantz zuzentzen den xenda hartuko dugu, mendiaren azken malda gogorrari aurre eginez. Azken ahalegina besterik ez zaigu geratzen, sigi-sagan marrazten den malda pikoa izango dugu aurrez aurre, eta, behin gora iritsita, Kartxelako gailurra gertu ikusiko dugu. Hara iristean, bi postontzi (S.C.D.R. Anaitasunak eta Alegria de Iruña Mendi Taldeak jarritakoak) eta panoramika bikaina izango ditugu.

Abiapuntura itzultzeko, bide beretik beherantz egingo dugu Kartxelako leporaino, baina, igotzeko erabili dugun xenda gure eskuinera utzita, ezkerretik marrazten den bidea hartuko dugu. Binbaletako lepora iristean, aldapa motz eta piko batek tontorreraino eramango gaitu (harri piloa eta buzoi txiki bat). Handik dagoen ikuspegiaz gozatu eta gero, lepora itzuliko gara, eta, bertatik, mendiaren mendi mazelan zehar marrazten den xendan barrena Arrakogoitiko lepora itzuli. Hemendik abiapuntura itzultzeko igotzeko erabili dugun bide beretik beteko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.