Mendiko lasterketak

Julen Martinez de Estibariz eta Ane Zabala garaile Hiru Haundiak proban

Gizonezkoetan, korrikalari gasteiztarrak 10 ordu, 44 minutu eta 48 segundo behar izan ditu Gorbeia, Anboto eta Aizkorri gailurretara igo eta 101 km-ak osatzeko, duela bi urte irabazi zuenean baino ia ordu erdi gutxiago. Emakumezkoetan, lasterkari arrasatearrak 14 ordu eta erdian osatu du proba.

Ezker eskuin, Carlos Jimenez (hirugarrena), Julen Martinez de Estibariz irabazlea eta Alvaro Ramos (bigarrena). HIRU HAUNDIAK
ramon olasagasti
2023ko urriaren 14a
15:36
Entzun

Euria zegoen iragarrita, baina tanta lotsati bakan batzuk gorabehera Murgiatik (Araba) abiatu diren 1.000 partaideek ateri eta lasterka egiteko eguraldi nahiko ona izan dute, aurreko egunetako berorik gabe, haize leuna eta zorua lehor. Ingurune teknikoenetan ere, Anbotoko gailurrerian eta Aizkorrikoan, harkaiztiak lehor izan dituzte partaideek, eta eskertu dute, probak baduelako bestela ere nahikoa gogortasun (101 km eta 10.200 metroko goranzko desnibela). Nolanahi ere, larrialdi zerbitzuek partaide bat erreskatatu behar izan dute Anboton, eta helikopteroz eraman behar izan dute ospitalera.

Emakumezkoetan, Ane Zabala (Arrasate, 1973) izan da irabazle. Besaide taldeko kideak 14 ordu, 30 minutu eta 2 segundo behar izan ditu proba osatzeko. Bigarren, Aida Delgado araiarra (Araba) izan da, ordu erdi pasatxora eta hirugarren Xari Adrian castellotarra (Herrialde Katalanak), 35 minutura. Zabalak maila absolutuan eta beteranoetan, bietan irabazi du.

Zabalak lehen ultra edo lasterketa luzea zuen Hiru Haundiak, eta, ondorioz, zuhur jokatu du hasieratik. «Joan naiz denbora guztia sentsazioak neurtzen; izan ere, ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen, janariarekin ere ni ez naiz gelak eta hartzekoa, eta, beraz, beldur handiarekin etorri naiz». Gorbeia tontorrerako, ordea, lasterketaren buruan zen, eta jendea hasi zaio esaten aurrena zihoala. «Hasieran ezustekoa hartu dut, baina gero berdin jarraitu dut; niretzat garrantzitsuena zen une oro sentsazio onekin joatea. Ez naiz atzetik nor zetorren edo zenbatera zetorren begira egon. Nire helburua zen bukatzea eta ondo bukatzea».

Ane Zabala Araian lehena helmugaratzen. Hiru Haundiak

Aspalditik zuen Zabalak Hiru Haundiak egiteko gogoa. «Pandemiaren urtean eman nuen izena, baina bertan behera geratu zen, eta penarekin geratu nintzen. Ondorioz, gogoa nuen noizbait egiteko. Gaur, hasieran lagun batekin nentorren, baina erori egin da, eta Ubiden geratu da. Egia esanda, nik betidanik egin dut kirola. Agian, ordu gehiago sartu ditut honetarako, baina denbora gehiegi ere ez dut izan prestatzeko. Ahal dudana egin dut. Gogorrena erroten inguru hori izan da. Luze egiten da zati hori, batez ere bakarrik joanda. Azkeneko jaitsiera ere, jada kargatuta zatoz, eta gogoz zaude bukatzeko. Niretzat, txapela edo erronka bukatzea baino gehiago, jendearekin gozatzea izan da ederrena. Hau ikustea zoragarria da niretzat, bai irabazle izanda bai hamaikagarren izanda».

Lehendik ere hainbat lasterketa motz irabazitakoa da Zabala, besteak beste Arrasate-Udalatx edota Ahuntzen lasterketa, eta lehen ultra honetan ere ikusi du gorputzak ondo erantzuten diola. «Gehiago izango diren? Ez dakit. Horrelako proba bat egiteko luzeago entrenatu behar duzu, eta horrek beste gauza batzuk alde batera uztea eskatzen du. Ikusiko dugu. Gaurkoan asko gozatu dut, eta aurrera begira ez dakit, oraingoz ez daukat ezer buruan».

Martinez de Estibariz, 11 orduz azpitik

Gizonezkoetan, Julen Martinez de Estibariz (Gasteiz, 1984) izan da Hiru Handiak probaren 23. ekitaldiko irabazlea: Murgiatik gauerdiko 00:00etan atera, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri igo eta 101 kilometroak osatu ondoren, 10 ordu 44 minutu eta 48 segundoren buruan iritsi da Araiako (Araba) helmugara. Aurreko aldian ere, duela bi urte, Martinez de Estibariz bera izan zen irabazle; orduko hartan 11 ordu, 13 minutu eta 30 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Oraingoan, beraz, ordu erdian hobetu du aurreko marka.

Proba hasi eta lasterrera, Martinez de Estibariz gasteiztarrak eta Alvaro Ramos salamancarrak (Espainia) hartu dute aurrea. Otxandio eta Urkiola artean, korrikarako baso eta eremu nahiko garbian, Ramosek erritmoa bizitu eta bakarrik jo du aurrera. Gasteiztarrak helmugan aitortu duenez, horixe izan da probako unerik zailena: «Zalantza izan dut neure burua pixka bat behartu eta hari jarraitu, baina hanka pixka bat altxatzea erabaki dut, eta bera aurretik joan da. Pazientzia izan dut, nik nire erritmoan eta nire planarekin jarraitu dut, eta gero harrapatu egin dut». Ondoren, berriro ere elkarrekin joan dira 80. kilometroraino. Hor, Ramos atzean geratzen hasi da, oin zolan zuen zauriak sortutako minaren ondorioz.

Azken 20 kilometroak bakarrik egin ditu Martinez de Estibarizek, entrenamendu saio luzeetatik ondo baino hobeto ezagutzen duen ingurunean, eta 11 orduren azpitik gurutzatu du helmuga. Ia 12 minutura heldu da Alvaro Ramos. Hirugarren, herrikideen txalo beroen artean, Carlos Jimenez araiarra helmugaratu da, semea besoetan zuela, nekatuta baina pozarren.

Helmugan adierazi duenez, duela bi urte «garaipenaren presioa gainetik kenduta», oraingo honetan denbora hobetzea zuen helburu Martinez de Estibarizek: «Ea noraino irits nintekeen edo zer denbora egin nezakeen ikusi nahi nuen aurten. Ibilbide guztia Alvaro Ramosekin egin dut, batera joan gara kilometro pila batean, bera ziztu bizian joan da hainbat tartetan, eta, beraz, hari esker lortu dut, neurri handi batean, helmugan egin dudan denbora».

Sailkapenak
Gizonezkoak

1.- Julen Martinez de Estibariz 10.44.48
2.- Alvaro Ramos 10.56.23
3.- Carlos Jimenez 11.10.13

Emakumezkoak
1.- Ane Zabala 14.30.02
2.- Aida Delgado 15.02.17
3.- Xari Adrian 15.07.39

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.