Guraso askoren ahalegina izaten da seme-alabei, etxeko txikiei, mendia eta natura maitatzen irakastea. Begiak zabaltzea, erakustea eta irakastea gorostia zer den eta elorria zer den, txillarrak zer usain duen, basurdearen eta azeriaren hanka arrastoak nolakoak diren, enborretako ardagaiak zergatik hazten diren, bereiztea pagoa eta haritza, hagina eta artea... Natura erakustea eta irakastea, horixe da Sua argitaletxeak martxan jarri berri duen Adi Natura bildumaren helburua ere, oso argi izanda horretarako bidea zein den: jolasa. Hiru liburu argitaratu dituzte oraingoz. «Erakutsi eta irakatsi, hori da asmoa, baina betiere modu dibertigarrian. Eskoletan erabiltzeko material egokia da, baina ez dira ikasteko liburuak, aisialdian erabiltzeko baizik, umeak dibertitu daitezen, eta naturan jolasaren bidez barneratu daitezen», azaldu du Argiñe Areitio Sua Edizioak argitaletxeko zuzendariak.
Haurrak, oinez baino lehen, narrasean hasten dira mundua deskubritzen, eta bilduma honetako lehen liburuaren izenburua ere horixe da: Narrasean. Etxeko txikienei, 3 eta 6 urte arteko haurrei, zuzendutako argitalpena da. Etxea eta parkea, bi horiek dira adin horretako haurren jolas-eremuak eta gotorlekuak, eta haurrak askotan ohartzen ez badira ere, haietan animalia asko bizi da. Narrasean dabil haietako bat, baina ez da bere izenaz oroitzen, eta inguruko beste animalia batzuen laguntzarekin, azkenean nor den jakiten joango da. «Ipuin bat da abiapuntua, baina helburua bera da: dibertitzea, haurrak partaide sentiaraztea, haien jakin-mina piztea...», azaldu du Argiñe Areitiok.
Txiki-txikienek, kasu askotan, gurasoak izan beharko dituzte bidelagun, Narrasean liburuko ipuinean agertzen diren protagonistak, gure inguruko animalia horiek bereizteko: barea, zozoa, inurria, marigorringoa, kukurutxa... Eta gurasoek, haurrei ipuina irakurri ahala, eta liburuan ageri diren animaliei buruzko argibideak azaldu ahala, ikasi ere egingo dute, zenbat orban beltz dituen marigorringoak, edo zenbat hanka kukurutxak, sugandilek non demontre igarotzen duten negua, zer jaten duten txolarre lotsagabeek... «Haurrekin batera ikasteko eta gozatzeko liburua da», Areitioren esanetan.
Bigarren liburuak galdera bat dakar, argitu beharreko misterio bat: Nork hil du trikua? Eta hori etxeko irakurle txikiek argitu beharko dute. «Umeek liburuaren barnean sartu beharko dute. Hainbat jarduera eta jolas egin beharko dituzte, trikuek zer jaten duten, zer ohitura dituzten eta abar jakiteko. Eta jolas horien bidez, naturaren zikloak zein diren, klimarekin zer ari den gertatzen, zein diren trikuaren harrapakariak... hori guztia eta gehiago ere ikasiko dute». Ikasiko dute, halaber, hiriaren eta naturaren artean harreman estua dagoela, eta batak bestean eragin nabarmena duela. Klima-aldaketaren arazo larria, samur azalduta.
Gazteentzat eta helduentzat ere bai
Hirugarren liburua, Gazte naturalisten koadernoa, mardulagoa, osoagoa da. Koaderno bat, motxilan eramateko, animaliei eta zuhaitzei, lurrrari eta naturari buruzko jakingarriz betea. Haur eta gazteentzako hainbat jarduera jasotzen ditu liburuak: besteak beste, giza kamera bat edo landa-koaderno bat egingo dute, hegaztientzako janleku bat prestatuko dute edo aparteko zuhaitzak sailkatzen ikasiko dute. «Liburua haur eta gazteentzako da, berez, baina helduentzako ere egokia izan daiteke. Agertzen diren jarduerak umeekin egitekoak dira, baina familian gozatzeko liburu bat da, mendira familian goazenean naturari buruzko ikasketa prozesua elkarrekin gozatzeko eta errazteko tresna bat baita. Nagusi askok esan digute ‘zer liburu polita!’. Adin gabeko argitalpen bat da», Areitioren iritziz.
Ingurumenarekin zuzenean lotutako gaiak jorratzen dira liburuetan: energia, elikagaiak, klima aldaketa, ekologismoa, biodibertsitateak dituen mehatxuak, baliabide naturalak, hondakinak… «Horiez gain, guretzat oso garrantzitsua da paisaia kulturala ere. Euskal Herria osatzen duten dimentsio guztiak kontuan izatea. Eta begirada ere garrantzitsua da oso: elikadura burujabetza, feminismoa, kultur-transmisioa, ekologismoa, artea… Horien inguruko mezu zuzenik ez da ematen liburuetan, baina oinarrian hor daude, txikitatik barneratzen hasteko».
Aurten kaleratutako hiru tituluak dira bildumako lehenak, baina dagoeneko lantzen ari dira beste bi, eta 2024an emango dira argitara.
HIRU ARGITALPENAK
Narrasean
Egileak: Katti Olaizola Gabirondo, Jon Patxi Aiastui Iturbe, Paul Caballero
Argitaletxea: SUA Edizioak, ADI Natura bilduma
3-6 urte bitarteko haurrentzat
Salneurria: 11,50 €
Orriak: 56
Sinopsia
A zer komeria, egun baten esnatu, eta nor zaren ezin gogoratu! Hori gertatu zaio gure laguntxoari. Arnasa sakon hartu du, eta begiak luzatu ditu; luze-luze-luze eta zabal-zabal-zabalik. Zer demontre gertatu da? Nola heldu naiz ni honaino? Luzatu ditu berriz bi begiak gora-gora-gora eta garroak aurrera-aurrera-aurrera… Baina ezin ezer antzeman. Lagundu nahi diozu bilaketan? Ziur gauza interesgarri asko topa ditzakezula zuk ere liburu honen txoko ezkutuetan… Eta zure etxe inguruko animalia txiki pila bat ezagutu ere bai! Ea noraino zaramatzan bideak!
Nork hil du trikua?
Egileak: Katti Olaizola Gabirondo, Jon Patxi Aiastui Iturbe, Paul Caballero
Argitaletxea: SUA Edizioak, ADI Natura bilduma
8-10 urte bitarteko haurrentzat
Salneurria: 9,50 €
Orriak: 40
Sinopsia
Triku bat agertu da hilik errepide ondoan. Zer gertatu ote zaio? Auto batek harrapatuko zuen? Harrapakariren batek? Itota edota gosez hilko zen? Galdera asko ditugu aurrean, baina erantzunak ere sarri galderen aldamenean izaten dira. Adi jarraitu arrastoei eta ea noraino zaramatzan bideak! Has gaitezen!
Gazte naturalisten koadernoa
Egilea: Jonathan Rubines
Argitaletxea: SUA Edizioak, ADI Natura bilduma
Salneurria: 20 €
Orriak: 160
Sinopsia
Basora goaz. Eta motxilan koaderno hau eramango dugu. Etxetik irten baino lehen ere, koadernoko orrialdeetan murgildu gara, naturan zer aurkituko dugun irudikatu nahian. Horrela jakin dugu lurra bizitzaren fabrika dela, zuhaitzak landare hutsak baino askoz gehiago direla eta basoetan eta mendietan kuadrilla handia bizi dela. Liburu honek landare eta animalia espezieak ezagutzeko gakoak eskainiko dizkigu. Haien arrastoak non eta nola aurkitu erakutsiko digu, haien ohituren eta bizitokien berri eman. Azken batean, inguratzen gaituen naturarekiko jakin-mina piztuko digu. Eta hori garrantzitsua da, ezin baita maitatu ezagutzen ez dena.