Ibilbidea luze samarra izango da, eta Urtsuako muinoari itzuli osoa emango diogu. Urtsua, oso ezaguna ez bada ere, Lapurdiko mendien kategorian bilduta dago. Haren gainalde zabala uharte gisako bat da, igeri dagoena Kanbo inguruko laborantza eta artzaintza lurren artean. Nolanahi ere, hala haren hegalak nola kupula begiratoki bikainak dira Pirinioetako gailurrei behatzeko, handik gertu baitaude; hain justu, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko mendiak ikusten dira hortik, eta paisaia ezin erakargarriagoa osatzen dute.
Mendi txiki hori inguratzeko buelta Urkoi herritik hasten da, eta, horra iristeko, Hazparne eta Kanbo herrien arteko errepidetik pasatu beharra dago. Urkoira iritsitakoan, elizaren eta frontoiaren pareko eremua gurutzatu, eta laugune harritsu bat topatuko dugu autoa aparkatzeko.
Urkoiren eta Urtsuako hego mazelaren artean
Urkoiko elizari eta frontoiari bizkarra eman, eta auzo bide batetik abiatuko gara, baliza marka horiari jarraituz. Bidean zenbait etxe topatuko ditugu han eta hemen, eta haien inguruan gaztainondoak, hurritzak, bananondoak eta haritzak. Bidea bitan banatzen denean, ezkerretara egingo dugu, erreka eskuinean utzita, eta aldapa txiki bat igoko, eskuineko aldean ataka bat ikusi arte; bidea utzi, eta ataka gurutzatuko dugu. Gero, ezkerretara biratuko dugu, erreka pasatu, eta beste bide bat hartu. Bide hori gorantz doa, larreen gainetik eta linea elektriko baten azpitik.
Bide horretatik basoan sartuko gara. Errekan gora joango gara ur kontra, eta ertz batetik bestera pasatuko gara pare bat aldiz, bidegurutze batera iritsi arte. Ez dugu berriz gurutzatuko erreka, eta eskuineko bidea ere ez dugu hartuko: zuzen joango gara baliza marka horia duen bidetik. Basoan egongo gara oraindik, eta aldapa txiki batzuk igoko ditugu tarteka; gero, basotik atera, eta aurrera segituko dugu esfera formako muino berdeen arteko bide meharretik.
Bideek bat egiten duten tokian, ezkerretara joango gara, eta linea elektrikoaren azpitik pasatu. Bidea bitan banatzen denean, eskuinetara joko dugu. Aldapa gora joango gara langa kanadar batera iritsi arte; hura igaro ondoren, muinoen arteko mendi lepo zabal batera iritsiko gara, eta bidegurutze bat topatuko dugu. Ezkerrean Urtsua gailentzen da, eta eskuinean, Pirinioak.
Ezkerretarantz joko dugu. Metro gutxi batzuk egingo ditugu, eta, gero, bidea aldatu, eta eskuinetik joango gara, Mokorretako Bidetik. Zuhaitz artean sartuko gara; hasieran aldapa behera joango gara, eta, gero, gora berriro. Borda batzuk aurrean ditugunean, eskuineko bidea hartuko dugu, eta mendi hegalean ibiliko gara, baita gaztainadi bat zeharkatu ere. Hegaletik gora joango gara pixkanaka, bidea alde batera utzita, eta ezkerretik zuzen-zuzen igoko gara Idiarteko Bordara, justu Urtsuaren azpira. Jarraian, eskuinetara jo eta pista hartuko dugu.
Pirinioei bizkarra emanda
Hala, aurrera segituko dugu Urtsuako itzulian. Urtsua bera ezkerrean geratuko zaigu, garai, eta paisaia aldatuz joango da: zuhaiztiak eta larreak bat eginik agertuko dira. Langa kanadar bat igaro, eta bide asfaltatu batetik jaitsiko gara, haritz eta gaztainondo artetik, parean Baigura mendia dugula (896 m). Artasoro erraldoi baten ondora iritsiko gara, eta abeltzaintza ustiategi bat eta baserri bat ere ikusiko ditugu; ezkerreko bidetik joan, eta inguratu egingo ditugu. Bidea bitan banatuko da gero; guk eskuinetik segituko dugu, eta, beste baserri baten ondotik pasatu eta gero, bidexka belartsu bat hartuko dugu.
Gure bidea beste batekin elkartuko da. Ezkerretara joango gara, eta baso bat zeharkatuko dugu bide lauari jarraituta. Beste bide batera helduko gara, eta, ezkerretarantz segituz, iparraldeko landa zabalak ikusiko ditugu bete-betean. Gora joango gara pixka batean, eta ez ditugu hartuko ezker-eskuin ateratzen diren bideak. Ur depositu baten ondotik pasatu eta, bidea banatzen denean, eskuinetik segituko dugu aldapa behera, eta hurrengoan ezkerreko bidea hartuko dugu. Errepide baten ondora iritsiko gara, baina ez dugu zapaldu ere egingo, ezkerreko bidetik joko baitugu.
Biribila itxi
Zuhaizti eder bat zeharkatu, eta eremu zabal batean azalduko gara, Urtsuako ipar hegal betean. Ezkerretara jo, eta auzo bide bat hartuko dugu. Gero, pista batetik segituko dugu: baserri baten gainetik pasatuko gara, eta Hazparneko artzaintza eremu batean sartu. Hurrengo bidegurutzean, ezkerretik joango gara: urki eta gaztainondo artean ibiliko gara, aldapa behera gero, eta eskuinean zenbait baserri ikusiko ditugu muinoetan han eta hemen.
Baserri bateko atarira iristean, ezkerreko bidea hartuko dugu. Bide asfaltatua bukatutakoan, Urtsuaren mendi magal berdean diagonalean ageri den harrizko pistatik joango gara. Bidegurutze batean agertuko gara, eta handik argi ikusiko dugu Lapurdiko kostaldea ortzi mugan. Gero, eskuinetara biratu, eta mendi hegaletik ibiliko gara; beste malda batean gora joan ondoren, mendixka batera helduko gara (430 m, 2 ordu eta 45 minutu). Aurreraxeago dagoen bordaraino iritsi gabe, hor bertan, eskuinetara biratuko dugu, eta aldapa behera ibiliko gara, bista paregabeak ditugula: Larhun (900 m), landazabala eta itsasertza ikusiko ditugu.
Iratzez estalitako muino batetik pasatuko gara, eta ezkerreko bide belartsua hartuko dugu, beheko sakanera joan nahiko bagenu bezala; guk, ordea, norabidea aldatu, eta eskuinetara joko dugu, bide harritsu batetik. Baserri batzuen ondora iritsiko gara; hor, ezkerretara egin, eta abeltzaintza ustiategi batera helduko gara. Haren eskuinaldetik baso bide bat ateratzen da: hortik joan, eta aldapa behera ibiliko gara, sakan arboladun baterantz. Baserri baten ondoan gaudela, ataka bat pasatuko dugu, eta bidean behera segitu; azkenean, ibilbidearen hasieran hartu dugun bidera helduko gara. Berriz bide hori hartu, eta Urkoira itzuliko gara.