Haurrekin

Irulegiko herrixka eta gaztelua

Irulegiko herrixka eta gaztelua.
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ilundain, Baso biziduna, Irulegiko herrixka, gaztelua eta tontorra
  • Distantzia: 5,8 km
  • Iraupena: 2 ordu
  • Estekak: wikiloc
mikel arrizabalaga
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun

Aranguren ibarra osatzen duten bederatzi herrietako lurrak bisitatuz gero, inguru horretako ondare historikoa ezagutzeko aukera izango dugu. Ibilaldi honetan, ondare hori osatzen duten bi leku garrantzitsu lotuko ditugu: Irulegiko Burdin Aroko herrixka eta Erdi Aroko gaztelua, hain zuzen ere. Gure arbasoek utzitako aztarnen ondora heldu aurretik, mendiaren magalean hedatzen den baso bizidunak —maitagarrien basoa ere deitua— hamaika irudi koloretsu eta eder erakutsiko dizkigu.

Ilundain herritik abiatu eta berehala iritsiko gara baso biziduna hasten den pistako sarrerara. Sorgin bat zizelkatua duen enbor baten ondoan dagoen langa gainditu, eta aurrera egingo dugu. Tarte txiki bat bete eta gero, bide zabala utzi, eta egurrezko hamaika irudiren ondotik igaroko gara pinu artean marrazten den xendan: barraskiloa, igela, hartza, hontza, onddoa, txinatarra, sagua... Irudi guztiak Ilundain fundazioko langile eta gazteek eginak dira. Pistara ateratzean, ingurune hesitua duen tximeleten erreginaren mikroerreserbara gerturatuko gara. Isabel-tximeleta (Graellsia isabellae) gaueko tximeleta handi bat da, batez ere berde kolorekoa. Ilundaingo mikroerreserba hori mota horretako lehena da munduan.

Langa gainditu, eta pista zabala hartuko dugu berriro, leporaino igotzeko. Han, bide zabala utzi, eta GR-220aren seinale zuri-gorriek —Iruñerriko arroaren itzulia— erakusten diguten norabidean, pinudian murgildu, eta han zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara. Lehen malda igo orduko, malda handia eta pikoa gainditzeko 150 maila dituen eskailera batekin egingo dugu topo. Goiko aldera iristean, ikuspegia zabaldu egingo zaigu; ezpel eta pinu txiki batzuk izan ezik, ez dugu trabarik izango. Gure mendean, Itzagaondoko ibarreko zereal lurrek osatzen duten puzzle koloretsua, sasoi bakoitzaren arabera kolore desberdinez jantzia.

Aranzadiren ikerketak

Bidezidorrak pinudi txiki bateraino eramango gaitu, eta, hura zeharkatzean, aurrez aurre ikusiko dugun ordoki berdearen goiko aldean Irulegiko gazteluaren aurriak agertuko zaizkigu. Tontorrerantz abiatu aurretik, magalean dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarnategira gerturatuko gara. 2007 eta 2017 bitartean gaztelua ikertu eta gero, 2018an haren magalean dagoen herrixka aztertzen hasi zen Aranzadi zientzia elkartea. Indusketa horien ondorioz, Kristo aurreko I. mendeko brontzezko xafla bat aurkitu zuten, esku itxurakoa. Irulegiko Eskua izenez ezagutzen den pieza berezi horretan, lau lerroko idatzi bat agertzen da, eta lerro horietako lehenengoa sorioneku modura transkribatu dute, karaktere paleohispanikoetan eta hizkuntza baskonikoan idatzia. Adituen arabera, ohiz kanpoko aurkikuntza horrek erakusten du antzinako baskoiak alfabetaturik zeudela, eta ez zirela alfabeto latinoan hasi idazten. Baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena dugu hori. Zinez, antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsua da.

Herrixka atzean utzi, eta gaztelu aldera igotzeko azken maldari aurre egingo diogu. Iruñerrian ondoen gordetzen den Nafarroako Erresumako Erdi Aroko gaztelua da. Eta hori Aranguren ibarreko herritarrek, Larrazkoa elkarteak, Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi zientzia elkarteak ikerketa arkeologiko eta berreraikitze lanetan parte hartu izanari zor zaio. Iruñeko Erresumaren hastapenetan eraiki zela uste da, garai hartako baskoien defentsa sistema gotorlekuetan oinarritzen baitzen. Agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra zibilean, Leringo kondea izan zen gazteluaren jabea, eta, XIV. mendearen bukaeran, Juan Mearin beaumontarra zen hango alkaidea. 1494an, Joan III.a eta Katalina I.a Nafarroako errege-erreginek gaztelua berreskuratu zuten, baina urte berean gaztelua eraistea erabaki.

Gaur egun ikusten diren egiturak XIII. eta XV. mendeetako eraikuntza faseei dagozkienak dira. Tontorra adierazten duen buzoi edo gutunontzia gazteluan dago, eta harresietara igotzea besterik ez dugu ikuspegi zabal eta ederraz gozatzeko.

Aranzadi zientzia elkarteak dioenaren arabera, «Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia da, eta, arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera historikoaren berri jakiteko». Datozen urteetan berriro Irulegi bisitatzera ekarriko gaituzten aurkikuntzak izango direlakoan, etorritako bidetik atzera egingo dugu pistaraino.

Hara heldu baino metro batzuk lehenago, eskuinetik ateratzen den xenda hartuko dugu, ibilaldi honen hasieran ezagutu dugun baso bizidunaren beste zati bat ikusteko. Basoa zeharkatzen duen bide horretan beste hamaika irudirekin egingo dugu topo: egurrean edota enborretan zizelkatutako txakurra, behia, zaldia, krokodiloa, eskua, liburua, hontza, onddoak eta abar. Bide magiko horren azken partean, maitagarrien haritz enborraren ondora iritsiko gara; metro batzuk aurrerago joan, eta abiapuntura itzuliko gara maldan behera egiten duen bidezidorrean barrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.