Haurrekin

Iribasko iturburuak

Aitzarratetako horma bertikalaren mendean jaiotzen da Ertzilla erreka; haren urek ikuskizun ederra osatzen dute, Aralarren magalean.

Iribasko iturburua
Mendizale gaztetxoak Aitzarratetako hormaren parean, errekaren sorburuan. MIKEL ARRIZABALAGA
Nafarroako ibilbidea. Iribasko iturburua
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Iribas, Aitzarreta, Ertzilla, Lezegalde, Basakaitz, Iribas
  • Distantzia: 5,2 km (Desnibela: 113 m)
  • Iraupena: 1 ordu eta 50 minutu
  • Estekak: Iribasko iturburuak
mikel arrizabalaga
2024ko irailaren 18a
05:00
Entzun

Aralarko mendiek esponja bat izango balira bezala xurgatzen dituzte euri urak. Lurpeko kareharrien artean irekitzen den ibai sare horretako ur-lasterreko urak Iribasko iturburuetan husten ditu, bi kilometro eskasean ibaia bi aldiz jaiotzen delarik, Ertzilla ibaia lehenik, eta Larraun ibaia geroago. Aitzarratetako horma bertikalaren mendean Ertzilla ibaia sortzen da, eta, hobi batera gerturatzean, desagertu egiten da, baina ez erabat, lurraren azpitik igaro eta Basakaitzeko parajeetan Iribas herriaren azpiko aldean berriro agertzen baita, eta Larraun ibaiaren iturburua sortu.

Ibilbide zirkular horrek bost kilometro pasatxo ditu, eta oso egokia da haurrekin joateko. Aukera polita da Ertzilla ibaiak zeharkatzen duen ibarrean zehar paseatzeko, eta, bide batez, uraren ibilguan agertzen diren zenbait leku interesgarri ikusi ahal izango ditugu: Aitzarratetako iturburua, Ertzillaren hobia, Legezaldeko osina eta Larraun ibaiaren iturburua Basakaitzeko parajeetan.

Iribas herritik abiatu, eta elizaren atzeko aldetik pista zabal batera aterako gara. Dagoeneko bidea balizaturik aurkituko dugu, egurrezko hesola batean irakurri ahal izango ditugu norabide desberdinak seinalatzen dituzten kolore anitzeko ibilbideak (zuri, gorri, hori eta berdeak). Hasieran, GR-20aren seinale zuri-gorriek erakusten diguten norabidean aurrera egingo dugu, eta, lehen bidegurutzera iristean, eskuineko bidea aukeratuko dugu. Hurrengo bidegurutzean, berriz, Aitzarrateta aldera doan bidea hartuko dugu. SL-NA 302aren marka zuri eta berdeei segituz, bide erosoak Arotzeneko bordaren ondora eramango gaitu, eta, ibaiaren ondotik aurrera jarraituz, iturburuaren ondora iritsiko gara. Bertan jaiotzen da Ertzilla ibaia; haren urek hots handia ateratzen dute, eta ikuskizun paregabea da. Horma bertikal handi baten mendean, garai batean arto irina ehotzen zuten errota baten hondarrak ikusiko ditugu. Dike txikia gurutzatu, eta beste aldera pasa daiteke, eta ibaia jaiotzen den leizeraino iritsi, baina kontu handiz ibili beharra dago, eta hobe umeekin ez pasatzea, batik bat ur jarioa handia denean.

Argazkiak atera eta gero, etorritako bidetik 200 bat metro atzera egingo dugu, eta, Aiztondoko zelaietan barrena, aurrerantz ibiliko gara ibaiaren paraleloan. Haritz artean zabaltzen den bideak ibaia desagertzen den lekuraino eramango gaitu. Harrigarria, benetan, lurrak nola irensten duen ura, bat-batean desagertu egiten baita. Ur emaria handia denean, hustubideak ezin dio ur guztiari aurre egin, eta laku txiki bat sortzen da, eta, hala, hustubide lehorretik barrena, ibaiak Legezaldeko osinerainoko bidea egiten du. Harresi txiki batez inguratutako zulo handi eta ederra da; badago aukera zulora jaisteko, baina, horretarako, eskarmentu pixka bat eduki beharra dago.

Ibilbide lasai eta atseginak herrira gerturatuko gaitu, baina, lehenago, Basakaitz izeneko ingurura helduko gara. Hor, lehen desagertutako urak berriro azaleratzen dira, eta Larrun ibaia osatzen. Ikusgarria, benetan. Bide balizatutik, aldapa pikoari eutsi, eta erraz igoko gara herrira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.