Neguak mendietan elurrezko maindire zuria zabaltzen duenean, udan ezinezkoak diruditen bideak irekitzen dira, eta, hala, harkaitz eskaladak alpinismoari uzten dio tokia. Pirinioak alde batera utzita, Euskal Herrian pioletekin eta kranpoiekin jolasteko lekurik onena Aizkorriko kanalak dira, elurrak hilabeteetan eusten baitio, inguru horren altueragatik eta orientazioarengatik.
Zailtasunari begiratzen badiogu, Nardasakon izan daiteke errazenetakoa Aizkorriko kanalen artean; izan ere, elurra urtu, eta pagoei hosto berdeak irteten zaizkienean, handik igotzen da Zegama-Aizkorri maratoiko kilometro bertikala. Kanal egokia da pioletekin eta kranpoiekin hasiberriak direnentzat, baita mendi eskiatzaileentzat ere.
Zegamako tren geralekutik aterako gara. Errepidetik metro batzuk jaitsi, eta maldan gora hasten den pista nabarmen bat igotzen hasiko gara, sigi-saga mendian gora doana, Itzubiagako bordara eta izen bereko iturrira iritsi arte. Gorago harizti bat zeharkatu, eta, pagadi batera iristean, kanalaren oinarekin topo egingo dugu.
M1 zailtasunekoa
Lehen metroak, 40 gradu ingurukoak, kanalaren eskuinetik igoko ditugu, pagadiaren ertzean eutsiz. Pagatik irtetean, zuzen jarraituko dugu, Irauleko ipar horma eta orratz ikusgarria parez pare ditugula. Tarte horretan, kanala 30 gradu inguruan dago, eta erraz egiten da gorantz.
Kanalaren irteera mendi lepo estu batean dago, Irauleko ipar hormaren ezkerrean. Hara iristeko, 45 gradu inguruko aldapa bat igo beharko dugu: hain justu, erlaitz elurtsu handi batean amaitzen da. Hortik gora, gutxi gorabehera M1 zailtasunekoa (erraza) den eskalada bat eginez, gandorraren ertzera irtengo gara. Zailtasun guztiak atzean utzita, oinez iritsiko gara Irauleko gailurrera.
Eskalada
Iraule: Nardasakon kanala
Aizkorriko kanalen artean, Nardasakon da errazenetako bat. Aproposa da pioletekin eta kranpoiekin hasiberriak direnentzat.
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Iraule, Aizkorri.
- Ingurunea: Aizkorriko kanalen artean, Nardasakon da errazenetako bat. Aproposa da pioletekin eta kranpoiekin hasiberriak direnentzat.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu