Kirol eskalada

Irati Zabala eta Joannes Esparta Euskadiko blokeko txapeldun

Bilboko Piugaz rokodromoan jokatu zen boulderreko proba, larunbat eta igandean. Hiru urteko etenaldiaren ondoren, 233 eskalatzaile lehiatu ziren EMFren blokeko topaketa nagusian.

Eskalatzaile bat Bilboko Piugaz rokodromoko blokeetako batean. EMF
Berria
2023ko martxoaren 23a
10:22
Entzun

Euskadiko Bloke Eskaladako Txapelketa egin da aurreko asteburuan Bilbon, pandemiaren ondorioz hiru urtez etenda egon ondoren. Bilboko Piugaz rokodromoan jokatu zen proba, eta adin guztietako 233 eskalatzaile aritu ziren lehian, 6 urtetik 60 urtera, eskaladako bi jardunaldi bizitan.

Igandeko finaletan, bloke gogorrak gainditu behar izan zituzten lehiakideek. Gizonezkoetan, Esparta anaiak goitik behera nagusitu ziren, eta hirurak igo ziren podiumera: Joannes kaxoi nagusira, txapela buruan, Bittor bigarren eta Andoni hirugarren.

Nesketan, Irati Zabala oiartzuarra izan zen txapeldun, Ainhize Belar atxondarra bigarren eta Irantzu Porres bilbotarra hirugarren.

Larunbateko lehen jardunaldian haur eta beterano mailetako probak jokatu ziren. Haien helburu nagusia, lehiatzeaz gain, Piugazen prestatutako bloke ederrez gozatzea izan zen. Egun berean, 14 urtez azpiko, 16 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko mailetako sailkapen probak jokatu ziren; hauek bai, lehiaketara bideratuago.

Igandeko jardunaldian jokatu ziren adin horietako finalak, eta hauek izan ziren txapeldun: Elur Arteaga eta Asier Antunez 18 urtez azpikoetan, Udane Mujika eta Gari Markuerkiaga 16 urtez azpikoetan, eta Elene Otermin eta Eñaut Uson 14 urtez azpikoetan.

Emaitzez eta lehiaketaz harago, asteburu honetako topaketak argi erakutsi du Euskadin eskalada indarra hartzen ari dela, eta dagoeneko bi edo hiru belaunaldik bat egiten dutela panelean eta harkaitzean.

Azpimarratzekoa da Gianni Fogianna eskalatzaileak eta, oro har, Piugaz rokodromoko ekipatzaile guztiek egindako lana, blokeak prestatzeko eta Euskadiko Txapelketa hau hartzeko.

Esparta anaiak seniorren podiumean. EMF

Sailkapenak EMF Txapelketa
Senior emakumezkoak

1.- Irati Zabala
2.- Ainhize Belar
3.- Irantzu Porres

Senior gizonezkoak
1.- Joannes Esparta
2.- Bittor Esparta
3.- Andoni Esparta

U18 emakumezkoak
1.- Elur Arteaga
2.- Intza Elizalde
3.- Ainhoa Uskola

U18 gizonezkoak
1.- Asier Antunez
2.- Manex Guenetxea
3.- Martin Arzelus

U16 emakumezkoak
1.- Udane Mujika
2.- Maddi Agirre
3.- Ines Allende

U16 gizonezkoak
1.- Gari Markuerkiaga
2.- Amets Martiarena
3.- Xuhar Etxabe

U14 emakumezkoak
1.- Elene Otermin
2.- Laia Beltran de Heredia
3.- Araceli de Bilbao

U14 gizonezkoak
1.- Eñaut Uson
2.- Lier Perez
3.- Miguel Diaz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.