Inork igo gabeko mendi eta bideetan

Koldo Zubimendi erandioztarrak Karakorum mendiguneko (Pakistan) Kharut 2 (6.703 m) mendi birjina igo du, bide berri batetik, estilo erabat alpinoan. Vicente Barcena herrikidea izan du lagun espedizioan. 'Via Pollos' izena jarri diote bideari (1200 m/65 gradu/M4), halabeharrez etxean geratu behar izan duen Unai Pollos taldekidearen omenez.

Kharut 2 mendiaren ikuspegia eta zabaldutako bidea. KOLDO ZUBIMENDI
ramon olasagasti
2023ko abuztuaren 3a
09:31
Entzun

Gizakiak berezkoa du jakin-mina, harago, gorago zer dagoen jakiteko irrika, esploraziorako grina... Geratzen al da, ordea, lurralderik esploratzeko mapetan? Geratzen al da inork igo gabeko mendirik igotzeko munduko mendikateetan? Bai, geratzen da, eta ez gutxi. Andeetako mendigune ezkutuetan, Karakorumeko eztarri sakonetan, Himalaiako ibar galduetan, ehunka dira oraindik inor igo gabeko gailurrak. Mendi horietako batzuk, gainera, gailur maiztuetatik hurre samar daude. Haien itzalean. Ospel alde horietan bilatzen jakin behar, eta haietara menturatzeko gogoa izan behar. Kharut mendigunea, esaterako, ia 7.000 metroko hainbat gailurrez osatua, ezkutuan ageri da Karakorumeko mapetan, erraldoiez setiatua. K-2, Broad Peak, Gasherbrum katea... horiek dira inguru hartan jendearen begiradaren jomuga. Zortzimilakoak.

Koldo Zubimendi (Erandio, Bizkaia, 1982) duela hamabi urte izan zen Karakorumen lehenbizikoz, Iker Iriondo andoaindarrarekin (Gipuzkoa) batera. Broad Peak izan zen orduko hartan bien helburua. Handik bueltan, ordea, liburu bat, begirada zolia eta jakin-mina bestelako asmo baten abiapuntu izan ziren. «K-2 eta Baltoro Mustagh mendiguneari buruzko liburu bat erosi genuen, Jan Kielkowski poloniarrarena, eta ikusi genuen K-2rekin parez pare, 10 bat kilometrora, hiru puntako mendigune bat zegoela, Kharut mendigunea, eta gailur bakarra zegoela igota: Kharut Iparra, hain zuzen. Guztietan txikiena». Irakurri zuten beste bietan ere saiakerak izan zirela, Japoniako pare bat espedizio ahaleginduak zirela, Sella Pass lepotik gora ertz bati jarraituz, baina ez zirela gailurrera iritsi. Zubimendiren barnean harra habia egina zen ordurako. «Gerora, Interneten arakatzen, eta bati eta besteari galdetzen hasi nintzen ea igo gabe jarraitzen ote zuten, eta egiaztatu nuen oraindik ere igo gabe zeudela bai Kharut 1 eta bai Kharut 2».

Vicente Barcena eta Koldo Zubimendi, bi taldekideak. Koldo Zubimendi

Hala, duela lau bat urte, Kharut mendigune horretara joateko espedizioa antolatzen hasi ziren. 2020an joatekoak ziren hasieran, baina pandemiak hankaz gora jarri zuen asmoa. Gerozko hiru urteotan, arestian aipatutako har hori haziz joan da, eta Kharut mendia ere ez da lekuz mugitu. Baimenak eta hegaldiak lotuta, aurtengo ekainean abiatu ziren hara Zubimendi bera eta Vicente Barcena (Erandio, 1958). Hirugarren kide bat, Unai Pollos (Bilbo, 1983), haiekin joatekoa zen, baina, hegaldia baino astebete lehenago, estreptokoko bakterioarekin gaixotu, eta joan ezinik geratu zen. «Pena handia izan zen. Azkenean Vicente eta biok bakarrik geratu ginen», azaldu du Zubimendik.

Esploraziorako eta mendi birjinetan barneratzeko grina hori aspaldikoa dute Zubimendik eta Barcenak. 2009an, Erandioko beste hainbat lagunekin, Peruko Andeetan izan ziren biak, eta inork igo gabeko zazpi bosmilako igo zituzten Jatun Chacua mendilerro ezkutuan. Ez bat eta ez bi, zazpi. Oraingo honetan ere asmo hori bera zuten Kharut 2an: «Inork igo gabeko mendi bat igotzea eta bide berri batetik saiatzea, ez aurreko saiakerak izan ziren bideetatik».

Islamabad, Skardu eta Askole atzean utzi ondoren, Baltoroko trekkingari jarraituz barneratu ziren Karakorumen. Munduan den trekking ederrenetako bat da Baltorokoa, Trangoko Dorreak, Muztagh Tower, Uli Biaho... inon diren zutarririk ederrenak ezker-eskuin. Halaxe heldu ziren K-2 zortzimilakoaren kanpaleku nagusira. Zubimendik azaldutakoaren arabera, jendetza zegoen aurten ere K-2ren altzoan, denak munduko bigarren gailurrik altuena igotzeko asmoarekin, bezero asko nor bere xerparekin... «Guk ere han ezarri genuen gure denda nagusia, eta handik abiatuta advanced base camp (ABC) edo kanpaleku nagusi aurreratu bat Kharut mendigunearen azpian, 5.500 metro inguruan». Bi kanpalekuen artean, ordea, glaziar erabat arrakalatu bat gainditu behar zuten, harkaitz eta izotzezko labirinto kaotiko bat, arriskutsu samarra. «Behin baino gehiagotan erori ginen arrakaletan Vicente eta biok. Artesi asko elurrez estalita zeuden, eta une oro bastoiekin haztatzen joan behar izan genuen. Lehen egunean zortzi ordu eta erdi behar izan genituen ABCra iristeko. Lan nekagarria eta tentsio handikoa izan zen». Lehen egun hartan, denda, gasa eta jatekoa eraman zituzten ABCra, eta bigarren bidaian, gainerako material guztia.

Mendebaldeko aurpegitik eta ertzetik

Uztailak 17 zituen. Kanpaleku nagusi aurreratu hartan lo egin, eta biharamunean goizean goiz abiatu ziren Zubimendi eta Barcena Kharut mendiaren mendebaldeko aurpegirantz. Horma haren mendebaldeko ertzari eman zioten begia, ertzari jarraituz bide berri bat zabaltzeko. Behetik, elurra eta harkaitza ikusten ziren batez ere, eta, izotzezko torloju pare bat izan ezik, gainerako guztia elur eta harkaitzerako materiala hartu zuten. «Goizeko 4:00ak baino lehen hasi ginen oinez. Mendebaldeko hormari nik ekin nion sokaren buruan. Lehen maldak 40 gradu ingurukoak izango ziren, eta jada aldapa horietan Vicentek ez zuen ondo ikusi bere burua. Desnibeleko 100 bat metro eginak genituenean, esan zidan behera egingo zuela, nahiago zuela igoera ez baldintzatu». Barcenarentzat gogorra izan zen Pirinioetan eta Europako Mendietan hainbeste denbora prestatzen aritu ondoren helburuari uko egin behar izatea. Eta Zubimendirentzat ere une zaila izan zen halako konpromisoko igoera baten aurrean, goran zer aurkituko zuen jakin gabe, lagunari agur esatea. Elkar besarkatu, eta nork bere bidea hartu zuen.

Handik gorakoa, Kharut mendiaren eta Koldo Zubimendiren arteko hartu-eman intimo bat izan zen. Hitzordu zirraragarri bat ezezagun batekin, maite jolas bat, halako hitzordu itsuek izan ohi duten arrisku eta emozio dosiarekin. «Malda pixkanaka bertikalago jartzen joan zen, 60 gradu inguru edo. Mendebaldeko ertzak bitan banatzen du aurpegia, iparra alde batera eta hegoa bestera. Bideari ertzaren hegoaldetik eman genion hasiera, eta, ondoren, jada ni bakarrik, iparrera pasatu nintzen. Ipar aurpegi horretan, malda tenteagoa zen (65 gradu), eta arroka gehiago azaleratzen ziren. Mistoan eskalatu nuen zati hori. Ondoren, elur malda bat etorri zen, 60 gradu ingurukoa. Aztarna ireki behar zen, baina elurra baldintza onetan zegoen».

Segidan, erlaitz batzuei egin behar izan zien aurre Zubimendik, eta, horiek gaindituta, goi lautada moduko batera heldu zen. Zati hori haizeak jota zegoen, eta plakak apurtzeko eta elur jausiak sortzeko arrisku handia zegoen. Urrats bakoitzeko, bun, haize plakek hedatzen duten soinu beldurgarri hori sumatzen zuen alpinista erandioztarrak. «Kontu handiz joan nintzen tarte horretan. Gora egin ahala, malda handitzen zihoan, eta elurra txarra zen oraindik ere. Ondorioz, ipar aurpegitik eskuinerantz, hegoalderantz egin nuen, berriro ertza hartzeko. Gero, are hegoalderago jo behar izan nuen, eta hor egin behar izan nituen eskaladako pausurik teknikoenak. M4 hor nonbait. 6.500 metro parean izango nintzen orduan; arratsaldeko lehen ordua zen».

Arinago joateko, motxila zulo batean utzi zuen, eta motxilarekin batera denda, gasa, zakua... «Une hartan pentsatu nuen gai izan nintekeela tontorra jo, motxila berreskuratu, eta ABCraino jaisteko. Baina bai zera!». Motxila utzitako lekutik gora, berriro mendebaldeko ertzari heldu zion. «Zati horretan, hainbat jendarme gainditu behar izan nituen, batzuk goitik zuzenean, beste batzuk ezkerraldetik, elurretan, eta beste batzuk eskuinaldetik, arrokan. Pasarte nahiko teknikoak. Behin zati hori gaindituta, lasaitu egin nintzen. Handik gorakoak ere ertz bati jarraitzen zion, baina elurretan».

Azken ezustekoa gailurraldean

Begien bistan zuen gailurraldeko zilindroa. Ertzetik iparrerantz zeharkaldi bat egin, eta gorako bideari heldu zion. «Une batean, ordea, ez gora, ez behera geratu nintzen: elurra oso ustela zegoen goiko partean, eta ez pioletek eta ez kranpoiek ez zioten batere eusten. Pare bat ordu pasatu behar izan nituen pioletarekin elur ustel hori garbitzen, izotza edo arroka topatu arte, eta hor pioletekin kolpea jo, kranpoiak iltzatu, eta gora. Izotzean eta mistoan eskalatu nuen zati hori».

Kharut 2ko hitzorduak, ordea, azken ezusteko bat gorde zuen Zubimendirentzat: gailurreko zilindroaren azpian, hamar bat metroko horma tente bat; maitaleari jarritako azken proba. «Ezkerrera ez zegoen modurik, eta artez saiatu nintzen, eskularruak kenduta, baina bi erregleta apurtu zitzaizkidan. Hura ere ez zen modua. Orduan, eskuman, kanal moduko bat ikusi nuen, elur ustelarekin, eta handik jo nuen, bloke batera arte». Tontorretik 2 metro eskasera geratu zen. Hala azaldu du Zubimendik azken aztarrika hura: «Zinta bat bloketik pasatu, zinta horri beste bat lotu, arnesera aseguratu, eta elurra garbituz pioletarekin tontorra jotzera iritsi nintzen. Artifizialean egin nuen azkeneko pausu hori, ezkerreko eskuarekin kordinoari eusten eta eskuinekoarekin pioleta arrokan bermatuta, oinetan amildegia nuela. Halaxe, burua gailurretik metro erdira edo agertu, eta amaitutzat eman nuen bidea».

Ezin izan zuen tontorra oinekin zapaldu, baina bere artean pentsatu zuen ataka zail hartan pozik egoteko moduan zela. Zergatik, gainera, oinekin zapaldu, mendiaren burua ia-ia eskuekin laztandu badezakezu. Zapaldu aditz zantarra da mendian. Hartara, gainera, bien arteko maite jolasean, batek esan dezake ia musu ematera iritsi zela, eta besteak ere baietz, baina ez zuela erabat konkistatu. Zubimendiren erlojuak zehatz-mehatz 6.703 metro markatzen zituen, eta ez mapetan ageri diren 6.824 metroak. Jaitsiera guztia geratzen zitzaion artean, ordea, eta ez zen maite jolasetarako tenorea. «Arratsaldeko 18:30ak ziren ordurako. Paretari begira hasi nintzen egindako bidea desegiten. Kontu handiz, goranzkoan arriskutsu samarrak iruditu zitzaizkidan zenbait pasarte saihestuz».

Elurrak ezegonkor jarraitzen zuen, baina Kharut, esan dugu lehen, K-2ren itzalean dago, eta, arratsaldeak aurrera egin ahala eta eguzkia K-2ren gibelean ezkutatu ahala, munduko bigarren gailurrik altuenaren itzala behetik gora hedatuz joan zen Kharuteko horman, eta itzalak miraria obratu zuen: elurra berehala hasi zen gogortzen, eta horrek dezente erraztu zuen jaitsiera egunaren hondarreko orduetan. «Kontrara, eskularruak erabat izoztuta geratu zitzaizkidan, eta bi zauri egin zizkidaten hatz potoloan. Gainera, 10-20 metrotik behin gelditu egin behar izaten nuen eskuak eta besoak mugitzeko eta berotan sartzeko».

Bibaka, ia begirik bildu gabe

Gauez iritsi zen motxila eta zakua utziak zituen tokira. Erabat hoztuta. Botak kendu, eta zakuan sartu zen, zakua dendaren barnean sartuta baina denda muntatu gabe. «Ez nuen afaldu, aurrez urtutako ur litro bat besterik ez nuen edan. Gauean, gainera, ekaitza sartu zen, elurra, haizea… Orduak luze egin zitzaizkidan. Kuluxka bat egin, esnatu, begiratu kanpora, ostera ere lokartu… Horrela egunsentira arte». Goizean, lainoa izan arren, tentu handiz eta arazorik gabe jaitsi zen Zubimendi ABCra arte. «Vicentek urrunera ikusi ninduen, eta glaziarrean sokarekin laguntzera hurbildu zitzaidan. Sekulako besarkada eman genion elkarri, eta ondoren esan nion: ‘Vicente, egin dut’. Poz handia izan zen biontzat».

Biharamunean, K-2ko kanpaleku nagusian jende askoren zorion mezuak jaso zituzten. Haiek iristerako iritsia zen albistea. Etxekoei deitu zieten lehenbizi, lasaitzeko eta albistea emateko. Eta, hurrena, halabeharrez etxean geratu zen hirugarren taldekideari, Unai Pollosi. «Jakinarazi genion igo genuela mendia eta haren izena jarriko geniola bideari. Une hunkigarria izan zen. Esango nuke espedizio hunkigarria izan dela denontzat; Vicenterekin maiz aipatu dut negar gehien egin dugun espedizioa izan dela, zalantza barik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.